Goiener irabazi asmorik gabeko kontsumo kooperatiba da. 2012an sortua, energia berriztagarriak bultzatzen ditu, tokiko garapena sustatuta eta pertsonen parte hartzea ardatz nagusi hartuta.
Eskaintzen dituen zerbitzuak
Goienerren zerbitzuen artean, energia 100% berriztagarria sortu eta merkaturatzea dago, tarifa eta potentzien inguruko aholkularitza ematen dute eta autokontsumo kolektiboak sustatzen dituzte, besteak beste.
Herrigintzako proiektua da
30 herritarrek sortutako proiektua da Goiener. 2013an kontratatu zuten lehen pertsona, eta, ordurako, 1.000 bazkide eta beste horrenbeste kontratu zituzten. Ordura arte, lan boluntarioarekin egin zuten aurrera. Herrigintzatik dator, herritarrek sortutakoa baita. Gaur egun, 60 langile, 18.000 bazkide eta 22.000 kontratutik gora maneiatzen dituzte Hego Euskal Herrian. Proiektu sozial bat da; honela deskribatu du Goienerreko dinamizatzaile arrasatear Eider Murgoitiok: "Proiektu sozial bat da, herritik sortutakoa, eta ahalbidetzen duena Euskal Herriko energia burujabetzaren bueltan sentsibilizazioa, sorkuntza proiektuak eta pobrezia energetikoaren aholkularitza".
Energia Komunitateak
Debagoienean dagoeneko Bergaran, Elgetan eta Eskoriatzan sortu dituzte energia komunitateak, Oñatin eta Aramaion sortzen laguntzen dabiltza, eta Euskal Herri mailako ia beste 30 herritan dagoeneko sortu dituzte. "Tokian tokiko herritarrak aktibatzen eta ahalduntzen gabiltza", adierazi du komunitate energetikoen sustatzaile Oier Etxebarria aretxabaletarrak, eta hau gaineratu: "Prozesu politak izaten dira, eta gero, jende hori herriarendako lanean jartzen da". Bailarako energia komunitateak batzen dituen Ernamuina egitasmoko bileretan ere parte hartzen dute.
BAILARAN ELKARLAN GEROZ ETA GEHIAGO DITUZTE ETA EUREN OIHARTZUNA HANDITUZ DOA
Bailaran duen oihartzuna
Udalekin elkarlanak sortzeko asmoa dute Goienerren. Merkatuak taldeko kide Leire Astigarraga oñatiarrak adierazi du 2018a ezkero Oñatiko Ur Jauzien kudeaketan eta operazioan dihardutela. Oñatiko Ur Jauzien jabetzaren %80 Oñatiko Udalarena da, %10 Energiaren Euskal Erakundearena eta gainerako %10a Goienerrena. Entitate eta Enpresen taldeko kide Josu Pedruzo gasteiztarrak zehaztu du bailarako beste udal batzuekin ere hasi direla harremanetan.
Horrez gain, Ibai-arte merkatarien elkartean bazkidetu dira, eta elkarlan bat hasi dute, merkatariei doako aholkularitza eskaintzeko. "Komunitate horretan presente izatea eta eurekin egotea guretzat garrantzitsua da", esan du Pedruzok.
D2030 egitasmoan ere parte hartzen dute, energiaren alorrean, hasieratik.
Bailaran ekonomia sozialeko erakundeekin ere badabiltza elkarlanean. Esaterako, Ereindajan elkartearekin proiektuak lantzen dabiltza, elikadura eta energia burujabetzak uztartzeko bideak aztertzen. Baita Emakume Txokoarekin ere, argindar-faktura tailerrak eta efizientziaren bueltan ahalduntzeak egiten. Debagoieneko Mankomunitateak aholkularitza bulego bat jartzeko asmoa duela adierazi dute, eta han lanean hasiko den pertsonari formakuntza Goienerren emango diotela gaineratu dute.
Izan ere, eurek badute esperientzia horretan. "2018tik hasita, jubilatuengana joaten ginen, Antzuolara, baita Aretxabaletara ere, eurei fakturak irakurtzen lagundu eta horiek hobetzen laguntzeko tailerrak eskaintzera", esan du Etxebarriak.
Bulegoa Arrasaten
Goienerrek bulegoak dauzka Euskal Herriko hiriburuetan, Arrasaten eta Ordizian. Eta bailaran aurrez aurreko arreta hori eskaintzen dute Arrasateko Zerkaosteta kaleko 15. zenbakian duten bulegoan, 2023a ezkero.
Arreta taldeko kide Aratz Arregi oñatiarrak hau adierazi du: "Tokiko eta gertuko zerbitzua emateko helburuarekin daukagu bulegoa. Guretzako oso garrantzitsua da zuzeneko arreta eskaintzea, euskaraz. Eta gardentasunarekin azaltzea, adibidez, faktura bateko kontzeptuak, pobrezia energetikoa edota autokontsumoa martxan jartzeko eman behar diren pausoei buruz herritarra informatzea. Bideragarritasun txostenak prestatzen ditugu, instalatzaileak gomendatzen ditugu, kontratuetan energiaren banatzailearekin autokontsumoa aktibatzen dugu eta diru-zorroaren zerbitzua eskaintzen dugu... Doako eta konpromiso gabeko zerbitzua eskaintzen dugu gure bulegoetan; edozein etor daiteke gurera bere fakturarekin, edozein merkaturatzaile duela ere".
Eskaintzen duten gertuko zerbitzu horrekin lotuta, Pedruzok dio eurendako garrantzitsua dela energia sorkuntzarako garabideak ematea, eta autokontsumorako ikerketak ere burutzen dituztela azpimarratu du; bai indibidualak, kolektiboak, enpresentzako, etxeko hornidurentzako, edota udalentzako, esaterako.
Prezio-politikari dagokionez, diote "justua eta gardena" dela dio, prezioak webgunean kontsulta baitaitezke, eta, aldaketak badaude, bazkideei jakinarazten diete.