Sari banaketa ekitaldiarekin ekingo diote jardunaldiari, 11:00etan. Sarion helburu nagusia da toki komunikabideetan egiten den eta "sarritan ahaztuta" geratzen den "kazetaritza lan bikaina" aldarrikatu eta gizarteratzea da. Hauek dira sariak eskuratzeko lehiatuko diren finalistak:
- Azalik onena: Puntua-ko (Debagoiena) Biniloa; Karkara Guka-ko (Orio-Aia) Olatu berrien bila; eta Guaixe-ko (Sakana) Matxismoa ari du.
- Edukirik onena: Uztarria Guka-ko (Azpeitia) Gelditu dira inprentaren makinak; Kronika-ko (Urumealdea), Gizatasuna ideologien gainetik; eta Anboto-ko (Durangaldea), Gazatik ihes egindako 25 palestinarrek Berrizen hartu dute aterpe.
- Ikus-entzunezkorik onena: 28 Kanala (Tolosaldea), Haritik tiraka: tokiko merkataritza; Antxeta irratia (Bidasoaldea), Uhin inklusiboak; eta Hiruka (Uribe Kosta). Bene Markaida.
Guztiak daude ikusgai Tokikomen webgunean.
Tokiko komunikabideen erronkak
Sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko aprobetxatuko du sariketa Tokikomek. Horretarako, hiru ponentzia antolatu ditu, erronka horien artean kokatzen diren hiru gai nagusienetakoen inguruan: euskararen etorkizuna; lanen eta baliabideen antolakuntza hobetu beharra; eta hedabideen inguruko komunitategintza. Hausnarketa horretan bidelagun izateko izen handiko gonbidatuak ekarriko ditu.
Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio graduko Jon Sarasuak Euskararen Gogoetaguneak egindako lanketaz, eta lanketa horretan hedabideei aitortzen dien paperaz jardungo du. AEK-ko Lurdes Etxezarretak eta Xabier Garciak, berriz, AEK azken urteotan barne integrazioaren eta antolaketaren alorrean egiten dabilen prozesuaren berri emango dute. Eta azkenik, ElDiario.es-eko fidelizazio arduradun Ramón Argelinak haien kidetza eta fidelizazio estrategiaz hitz egingo du.
Jardunaldia antolatzeko Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du Tokikomek. Parte hartzeko interesa izanez gero azaroaren 17a arte zabalik dago izen-emate epea; debalde da.