Bazituen zabalkunderako eta erabiltzaileekin feedbacka lortzeko hainbat onura, baina kalte egiten dio sinesgarritasunari, informazio kontrastatuari eta objektibotasunaren bilaketari. Kalteak asko dira: algoritmoen erabilera maltzurra, gezurrak, erabilera alderdikoia, hala moduzko publizitatea, haserrearen erakusleihoa, eskuin muturraren jostailua...
Milaka langile kaleratu zituen jabe berriak, eta edukien moderazioan egin zuen kalterik handiena. Kontrara, bot-ek erabakitzen dute zein eduki haizatu eta zein isildu. Bihotzik gabeko erreminta bihurtuta dago X, eta kazetaritzak zerbait badu saihestezina eta baliotsua dira bihotzak, kazetariak.
Erabakia da beste mezurik ez argitaratzea Goienaren izenean. Bertan behera utzi ditugu genituen kontu guztiak: herriz herrikoak, tematikoak, orokorra... Urgentziaz eta hausnartuta hartutako erabakia da ingurune toxiko horretatik irtetea. Kazetariek jarraitu beharko dute informazio iturri hori erabiltzen, nahiz eta iturri ez-fidagarri moduan izendatu dugun Goienan. Kritiko ginen lehendik ere; orain, kontsekuenteak izateko momentua heldu da. Hartu dugu erabakia eta harrapatu gaitu alternatibekin esku artean. Ikasten.
Goienaren aplikazioa ekarri nahi dugu erdigunera. Eta zabalkunde-kanal berriak ere izango ditugu aurreraxeago. Bagabiltza lantzen.
Erabakiak barnebiltzen dituen puntuak:
- Goienak ez du X erabiliko ezer publikatzeko ez zabaltzeko. Kito.
- Goiena –12 kontu–, Ttap, Guraso eta Danbaka; hau da, Goienak kudeatzen dituen kontu horiek guztiak erabiltzeari lagako dio aurrerantzean.
- Goienako kazetariek iturri ez-fidagarri moduan erabiliko dute X, erabiltzekotan. Iturri bat da, eta X-n geratzen da oraindik izen-abizendun iturri fidagarririk.
- Gure komunitateak aukera izango du Goienak publikatzen duena zabaltzeko, hori norbere esku dago eta.
- Jakinaraziko dugu erabakia gure hedabideetan eta finkatuko dugu erabakiaren berri X sarean bertan azkenengo mezu moduan.
- Ez diogu X-ri publizitaterik egingo.
- X-tik egiten genituen jarraipen esklusiboak ere bertan behera utziko ditugu.
Sinesten dugu kazetaritzak demokraziari lagundu behar diola. Hori da kazetaritzaren egitekoetako bat, eta ez inportantzia txikikoa. X sare soziala kontrako norabidean doa, galga barik eta nahita. Ezin dugu ezer gertatuko balitz moduan jarraitu egun bakar bat gehiago ere. Neurriak hartu ditugu, eta zeinek daki noiz arte eutsiko diegun gaur hartutako erabakiei.
Baliteke beste era batzuen bidez zabaltzea informazioa; dagoeneko zabaldu ere egiten dugu hainbat modutan; molde berriak ere lantzen dihardugu; eta, X sareak norabidea aldatuko balu, birpentsatu egin beharko genuke erabakia, nahiz eta ez dirudien horrelako ezer gertatuko denik. Hala ere, gaur dagoenetan, ez da komenigarria denbora eta baliabideak eskaintzea sare horri.
Barkamena eskatzen dizuegu gure kontuak jarraitzen zenituzten ia 20.000 lagunoi. Asko zarete gertuko hedabide honen parte. Kontziente gara izango duela eragina audientzietan. Hala ere, espero dugu mugimendu hau ulertzea.
Zerbitzu hobea emateko buru-belarri jardungo dugu lanean. Gonbidapena egiten dizuegu ditugun zabalkunde-moldeetatik jarraitzeko, eta berriak martxan jartzen ditugunean ere jakinaraziko dizuegu.
Gure lana errotuta dago lekuarekin, hizkuntzarekin, zero kilometroarekin eta gertuko komunitatearekin. Horretan jarraituko dugu, eta zu bidelagun izaten jarraitzea nahi genuke.