Azken bi urteotan Mikel Velasco eta Ainhoa Aranburu arrasatearrak izan dira Behobia-Donostian ibarreko ordezkari azkarrenak, eta domekan Andoni Gomezek eta Nere Arregik hartu zieten erreleboa. Eta biek aitortu dute Behobia-Donostiara entrenatzera joan zirela, buruan maratoia daukatelako. Hasteko, domekan ez zituzten 21 kilometro egin, gehiago izan ziren. Gomezek lasterketa hasi aurretik hamalau kilometro egin zituen bere kontura. "Beroketa moduan baliatu nituen kilometro horiek, eta ondoren, Behobia-Donostiako lehenengo 12 kilometroak ere maratoiko erritmoan egin nituen. Azken batean entrenamendu saio luze bat egitea zen helburua. Baina, Behobia-Donostian askotan gertatzen den moduan, berotu egin nintzen", dio barrez bergararrak.
Nere Arregi ere helburu berberarekin joan zen goizean goiz Behobiarantz, eta sei kilometro egin zituen lasterketa aurretik. "Pentsa, bi egun lehenago Facebook bidez erosi nuen Behobia-Donostiako dortsala. Bi aste barru izango den Donostiako maratoia daukat buruan, eta domekan distantzia luzea egin behar nuen korrika. Bada, ez nuen bakarrik entrenatu gura, eta halaxe joan nintzen Behobia-Donostiara".
Lasai hasi, eta berotu
Bistan da domekan gozatu ederra hartu zutela. Gomezek dio marka pertsonala ontzea ez zela hasierako asmoa. "Lasterketa erdia eginda neukanean konturatu nintzen nire marka hobetu nezakeela. Iaztik 1.08 pasatxoko marka neukan, eta hor erabaki nuen estutzea (1.07.56). Ikusteko dago esfortzu horiek aurrerago ordaina pasako didaten ala ez, izan ere, azken hiru asteotan kilometro asko egin ditut korrika, eta orain karga jaisten joateko ordua da, hiru aste geratzen dira Valentziako maratoirako".
Arregik ez zuen espero halako sentsazio onik izatea. "Duela urte batzuk buru-belarri ibili nintzen atletismoan, horretarako bizi nintzen. Entrenamendu zorrotzak, elikadura zaindu, apenas nuen bizitza soziala... Behobia-Donostiara etortzen nintzen dena ematera, asfaltora begira egiten nituen 21 kilometroak. Domekan, berriz, ikusleei bostekoa ematen ibili nintzen, izugarri gozatu nuen. Ez dut kalitatezko entrenamendurik egin, lanean eta ikasten nabilenez egunak ez didalako gehiagorako ematen, eta hala ere, atletismoan buru-belarri ibili nintzen sasoiko marka egin dut (1.21.58). Eta galdetzen diot nire buruari, zertan demontre nenbilen lehen?", dio barrez. "Halakoetan konturatzen zara ze garrantzitsua den kirolaren eta bizitzako gainontzeko arloen artean oreka izatea, badirudi batzuetan gorputzak eskertu egiten duela garagardo batekin hidratatzea [barre]".
Maratoia, aurki
Arregik 2017tik darama maratoi distantzian lehiatu barik. "2018an asfaltoko 100 kilometrotako ultra distantzia egin nuen eta badirudi hori egin duenarendako 42 kilometro ez direla ezer, baina... Abuztuan Santanderren egin nuen 40 kilometrotako lasterketa, eta federatuta nagoenez Donostiako maratoirako dortsala eskuratu nuen. Maratoian buru gehiagorekin ibili beharko dut, baina ez dakit ze erritmotan irtengo naizen. Pentsa, maratoia lau ordu eta erdian egindakoa naiz, eta baita 2.54an ere".
Gomezek, berriz, ez dauka garbi Valentziako maratoia egingo duten. "Uholdeak gertatu aurreko asteburuan Valentzian nengoen, maratoi erdia egiten. Eta domekan jada euri dezente egin zigun, ur putzuak genituen ibilbidean. Orain mezu bat jaso dugu antolakuntzatik, esanez, datozen egunotan erabakiko dutela maratoia egingo duten ala ez. Hala, badaezpada Donostiako maratoian eman dut izena, hiru hilabete egin ditudalako distantzia hau prestatzen".