Goiatz Urkijo: "Lana dakar Euskaraldiak, baina tresna eraginkorra da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko aza. 11a, 11:33

Goiatz Urkijo, Arrasaten.

Elkar mugituz egingo dugu lelopean, maiatzaren 15etik 25era egingo da laugarren Euskaraldia. Hainbat berrikuntzarekin dator, gainera. Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijok (Laudio, 1994) eman du garrantzitsuenen berri.

Esan duzue oraingo Euskaraldiak Euskaraldia gaindituko duela; funtsean zer aldatuko da?

Esango nuke Euskaraldia berrituta datorrela. Aurretik hiru edizio egin ditugu eta hirugarrenaren ostean ariketaren hobetzekoak eta mantentzekoak identifikatzeko gogoeta prozesu bat jarri genuen abian. Euskaraldiaren bueltan aritutako hainbat eragile eta norbanakorekin egon ginen. Esan zigutena izan zen Euskaraldia eraginkorra dela, eta esentzia mantentzeko, baina berrikuntzak txertatzeko.

Irakurri dugu ilusioa berpizteko datorrela laugarren Euskaraldia.

Bai. Lehenengo Euskaraldiak espektatiba guztiak bete zituen. Ez genekien zer zetorren, eta etorri zena oso handia izan zen. Bigarren edizioa pandemia bete-betean egin genuen, eta ondo baloratu zen, garai gogor haietan euskara lehen lerroan jartzeko aukera izan genuelako. Baina hirugarren edizioan neke sentsazioa jaso genuen, eta hortik aldaketa baten beharra.

Egindako ikerketek frogatutzat ematen dute hizkuntza ohiturak aldatzeko Euskaraldiak duen eraginkortasuna, ezta?

Ikerketek argi esaten dute ariketa bitartean parte hartzaileen bi herenak hizkuntza ohiturak aldatu egiten dituela eta euskara gehiago egiten duela. Horren ariketa masiboan, datu esanguratsua da. Gerora ere, arrastoa uzten du Euskaraldiak eta helburua bete-betean betetzen du. Lana dakar Euskaraldiak, baina euskararen erabileran urratsak egiteko dugun tresnarik eraginkorrena eta masiboena da.

Zenbat lagunek hartu dute parte aurreko edizioetan?

Aurreko hiru edizioetan 320.000 parte-hartzailek baino gehiagok hartu dugu parte. Munduan ez dago halako beste ariketa sozial masiborik. Euskaraldia ez da euskararen aldeko ez festa bat ez kanpaina huts bat. Ariketa bat da, erronkan jartzen gaitu, lekutik mugitzen gaitu eta esfortzu bat ere eskatzen digu. Horregatik, datua oso ona da, sekulakoa.

Helburu berrietako bat da ariketatik mugimendura pasatzea.

Euskaraldiaren oinarria hamaika eguneko ariketa da, baina nahi dugu aurreko eta osteko lan guztiari balioa ematea. Maiatzeko ariketara heltzeko herrietan hasita daude mugitzen, eta ostean ere aprobetxatu nahi dugu mugimendu hori. Esan ohi dugu hamabigarren eguna dela garrantzitsuena.

Horiek esanda, nola berrabiaraziko duzue egitasmoa?

Hasteko eta behin, irudi erabat berria du Euskaraldiak. Bestetik, garai aldaketa ere badakar laugarren Euskaraldiak; izan ere, udaberrian egingo dugu oraingoan. Kalean eta elkarrekin egiteko ariketa da Euskaraldia eta uste dugu udaberrian beste aldarte eta giro sozial batekin ekingo diogula.

Euskara aktibatzaileen esku-liburua argitaratu duzue.

Euskara aktibatzaileak izango dira herriz herri Euskaraldiaren antolaketan murgilduko diren boluntario eta teknikari guztiak. Haiei eskaini diegu tresna berria, eta gidan aurrez aurreko harremanak berreskuratzeko, sarea ehuntzen joateko eta jende gehiagorengana heltzeko pistak ematen ditugu, besteak beste.

Ahobizi eta belarriprest rolak eta txapak mantendu egingo dira.

Txapak oinarri-oinarrizkoak dira. Batzuetan, kosta egiten zaigu jartzea eta entzuten dugu: "Nik badakit euskaraz". Baina kontua da txapa aldamenekoarendako dela, jakin dezan gurekin lasai egin dezakeela euskaraz, eta estres linguistikoa jaisteko. Bestetik, Euskal Herria zabala da eta balioa eman nahi diegu bi rolei: bai ahobizi bai belarriprest. Rol horiek jolasean jartzen gaituzte eta jolas horrek mugimendu handia sortzen du. Entitateei dagokienez aurten azken edizioan baino proposamen sinpleagoa egingo dugu, ezin baitugu berdin jokatu entitate mota ezberdinekin. Oinarrizko proposamenean ez da ariguneen planteamendua proposatuko, baina lanketa sakona egingo duten entitateei ariguneak osatzeko proposamena egingo diegu, positibotzat jotzen delako ariketa taldean modu adostuan egiteko aukera hau.

Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?

Herrien eta entitateen izen-ematea zabalik da. Euskal Herri mailako hamaikakoa ere aurkeztu dugu. Hurrengo mugarri nagusia abenduaren 6an izango da; abestia aurkeztuko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak