Izena eman zuten 27.722 pertsonatik 25.182 korrikalari animatu dira gaurko proban, eta antolatzaileek azaldu dute %9ak kale egin dutela. "Helmugara 24.970 lasterkari iritsi dira, eta 212 lagunek lasterketa utzi behar izan dute. Helmugara iritsi direnetatik 958 deskalifikatuak izan dira. Emakumezkoen parte-hartzea, berriz, aurten ere igo egin da, 7.869 korrikalari atera dira, lasterkarien %31,25ra iritsiz, errekor berria ezarri da".
Podiuma osatu dutenak
Giro ederra izan da gaur Behobia-Donostia proban. 20 kilometroko ibilbidea egin aurretik, irteeran, minutu bateko isilunea egin dute Valentziako Danako biktimen omenez, eta, ondoren eman diote hasiera probari. Gizonezkoen artean, korrikalari bizkorrena izan da Chakib Lachgar (1:02:18); 2019 eta 2023ko garaipenen ostean hirugarren garaipena lortu du proban. Hasieratik ihes egin du, eta berarekin podiuma osatu dute Ruben Morales madrildarrak eta Iraitz Arrospide villabonatarrak. Emakumezkoen kategorian, Mireia Guarnerrek irabazi du; Lorena Plano izan da bigarrena, hamazazpi segundora, eta Maitane Melero hirugarren, 36ra. Azken hori izan da Euskal Herriko lehena. Roller kategorian, irabazleak Aitor Agorreta eta Berezi Martinez de la Fuente izan dira. Handbike kategorian, berriz, Ivan Manoel Montero gizonezkoetan, Leire Troitiño emakumezkoetan eta gurpil aulkietan Lauren Lebeaut izan dira irabazleak. [Sailkapen osoa]
Debagoiendarrak fin-fin
Goienak elkarrizketatu dituen debagoieneko parte-hartzaileen artean guztiek azaldu dute korrika egiteko moduko eguna zela gaurkoa. Hala, probaren hasieran, Behobian, errepidea bustita izan dute goizeko lehenengo orduan, eta hotz pixka bat ere egiten zuela azaldu dute hainbat lasterkarik; hala ere, ez dute kexa handirik izan Donostiako Boulevard-eko helmugara iristeko. Horietako askok azaldu dute Boulevard-eko azken metroak izan direla gogorrenak, eta, proba ondo amaitzeko entrenatuta joatea beharrezkoa dela.
Bailarako probetan aritzen diren aurpegi ezagun asko izan dira bertan, eta horietako askok denbora onak egin dituzte, euren helburuak betez. Helmugara iristeko eta aurrez egindako denborak hobetzeko asmoz joan dira asko, eta horrela azaldu dute helmugan, Goienako mikroa jartzean. Debagoiendar azkarrenak Andoni Gomez (01:07:56 ) bergararra 01:07:56 (sailkapen osoan, 30. postua) eta Nere Arregi (01:21:58) arrasatearra (sailkapen osoan, 1138. postua) izan dira. Arregik honakoa adierazi du proba amaitzean: "Espero baino askoz hobeto egin du, azkar eta disfrutatuta. Ez dut erlojua jarri hasieran eta lortutako denborarekin oso pozik nago. Izerdiarekin haize pixka bat kontra ere izan dugu… baina oso ondo. Primerako eguna izan dugu".
Hankalabankakoen ordezkaritza
Hankalabanka taldeko rollers-ak ere Behobia-Donostia proban izan dira. Joxu Aranak parte hart du, eta honakoa azaldu du proba amaieran: "Podiuma garesti dago, eta, sekula egin dudan lasterketarik onena izan da, sailkapenari dagokionez behintzat. Uste dut zazpigarrena izan naizela. Errepidea bustita zegoen, eta, horrek asko baldintzatzen du. Hankalabankatik 12 lagun inguru etorri gara, eta, egindako lanaz oso pozik gaude".
Bizi Hadi taldekoak handbikean
Handbike modalitaan aritu dira Debagoieneko talde berriko Bizi Hadi taldekoak. Iñaki Igartua (bosgarren sailkatua), Iñaki Mujika (seigarren sailkatua) eta Igor Elizburu (zortzigarren sailkatua). "Taldearen izena ezagutarazten eta jendeari kirol egokitua ezagutarazten izan dira gaur, Behobia-Donostia lasterketan. Ikusten egon garen guztiok oso arro sentitu gara ikusi eta sentitutakoaz", azaldu du Bizi Hadi taldeko kide Aitor Rementeriak.