Valentziako hondamendia

Debagoienean bildutako elkartasuna, zuzenean Valentziaraino

Jone Arruabarrena 2024ko aza. 8a, 12:10

Boluntario-talde bat furgoneta kargatzen Arrasateko Ezker Kultur Gunean, eguaztenean. Irudia: Imanol Soriano.

Debagoieneko herri gehienetan egin dira Valentziara bidaltzeko material-bilketak. Esperotako kopuruak askogatik gainditu dituzte. Horrez gain, herritar batzuk joan dira bertaraino, materiala eramateaz gain garbiketa-lanetan laguntzeko.

Joan den asteko asteartean egin zuen eztanda Valentzian DANA ekaitzak. Denboraleak kalte handiak utzi ditu: 219 hildako daudela dio, astekari honen itxieran, Valentziako Generalitateak. Horrez gain, galera materialak ere ez dira nolanahikoak izan: milaka pertsona geratu dira etxe gabe. Denboralea izan den herrietako garajeak urez bete eta kalean zeuden autoak eraman ditu, eta kaleak guztiz txikituta eta lokatzez beteta geratu dira herri askotan.

Kalte horiek arintzeko asmoz, elkartasun ekintzak abiatu dituzte leku askotan; bai kaltetuentzako materiala biltzen, zein uretako botak jantzi eta bertara joanez, kaleak garbitzen laguntzera.

Debagoieneko herritarrek ere egin dute ekarpena: batzuk Valentziaraino joan dira, materiala banatu eta garbiketa-lanekin laguntzera. Badago han bizi den debagoiendarrik ere. Beste asko ez dira hara joan, baina materiala eta dirua eman dute, dohaintzan, kaltetutakoei helarazteko. Hain zuzen, eskualdeko herri askotan bilketak egin dira, eta lehenengo egunetatik gainezka egin dute biltegiek. Antolatzaileek harriduraz hartu dute elkartasun-uholdea, eta lagatako pabiloietara lekualdatu behar izan dute askok materiala, lekurik gabe geratu direlako.

Hainbat bilketa Debagoienean

Bergaran, Arrasaten, Eskoriatzan, Oñatin eta Aretxabaletan egin dituzte bilketak, besteak beste. Gehienak aste barruan izan dira, eta asteburuan, batutakoa Valentziaraino eramateko asmoa dute, furgoneta, auto zein kamioietan. Janaria eta ura biltzen hasi ziren hasieran, baina azken egunetan Valentziako bizilagunek zabaldu dute garbiketarako tresnak direla gehien behar duten materiala. Boluntarioek azpimarratu dute Debagoieneko herri guztietan egon den elkartasuna.

Arrasaten, esaterako, Ezker Kultur Gunean eta Musakolako Beberly tabernan egin dute bilketa. Furgoneta bat zen irtetekoa eguenean Valentziarantz, baina, azkenean, bi izan dira. Gaztetxeak ere iragarri du larunbatean egingo dutela material-bilketa, 10:00etatik 20:00etara.

Bergaran ere antolatu dira eta hiru kamioi eta lau furgoneta bidali dituzte, gutxienez. Bergarako Zezenak taldeko Iñigo Almortzarekin elkarlanean eramango dute falta den materiala; Chiva herrira doa Almortza.

Zubillagatik Valentziara


Joandako bigarren suhiltzaile taldea, tartean hiru Zubillagakoak. Irudia: Foru Aldundia.

Zubillagako suhiltzaile etxetik Ibai Navidad suhiltzailea eta Joseba Elduaien sarjentua irten ziren igandean, Gipuzkoako beste suhiltzaile batzuekin batera. Asteazkenean, berriz, igandeko tanda bueltatu zen, eta erreleboa hartu zieten artean dira Zubillaga etxeko Julen Martiartu, Joseba Ormazabal eta Unai San Miguel.

Aretxabaletako bilketak ere erantzun oso ona izan du, eta, horrez gain, herriko gazte batzuk ere joango dira asteburuan Valentziara, laguntzera. Eskoriatzan, Atama Eskoriatza Kenpo taldekoak aritu dira bilketa egiten.

Jonathan Galan eskoriatzarra, aldiz, han dago duela egun batzuetatik, furgoneta bete materialekin. Gaylur Euskadi elkarteko kidea da Galan, eta, Valentziako egoera ikusita, material-bilketa egitea otu zitzaion, beste lagun batekin batera. Laster batu ziren egitasmora beste zenbait lagun, eta, azkenerako, elkartearen ekintza bat bihurtu da. Dohaintzak egiteko kontu korronte bat sortu dute, eta bertan bildutako diruarekin Valentziara eramateko materiala bildu dute. Astelehenean atera zen Eskoriatzatik Galan, furgonetan. Euskal Herriko beste txoko batzuetatik irten ziren haren lau lagun ere, bakoitzak bere autoa beteta zuela, Valentziara eramateko materialarekin. "3.000 euro bildu ditugu egun gutxian. Elkartasuna izugarria izan da. Azkenean, gure autoak goraino betetzeaz gain, materiala sartzeko beste furgoneta bat alokatu dugu, eta neska batek bere burua eskaini du furgoneta gidatu eta materiala banatutakoan hona buelta egiteko", azaldu du Galanek.

Egoera aldakorra da, Galanek azaldu duenez, eta ez dute plan zehatzik izan azken momentura arte. "Hasieran pentsatu genuen Utielera joatea, baina momentu batetik bestera aldatzen dira bertako biztanleen beharrak. Horien arabera joango gara leku batera edo bestera. Zapatura arte egongo gara bertan", esan du.

Eskoriatzarraren lagunetako batek 4x4 erako autoa ere eramango du, Valentzian lokatzak eramandako autoak mugitu eta sarbide zaila daukaten lekuetara materiala eramateko. "Nahi duguna da material ahalik eta gehien eraman eta ahalik eta pertsona gehienengana heldu", bukatu du.

Suhiltzaileak, Valentzian

Herritarrez gain, Eusko Jaurlaritzak ere laguntza bidali dio Valentziako Generalitateari. Besteak beste, 90 suhiltzaile inguru abiatu ziren joan den domekan; horietako bi, Oñatiko Zubillagako suhiltzaile estaziokoak. Josu Idigoras Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu zuzendari nagusiak GOIENAri adierazi dio batetik bestera ibili direla han: "Valentziako Generalitateko koordinazioak esan die hara bidalitako suhiltzaileei nora joan eta zer egin: lehenengo, Paiportan egon ziren, eta gero, Alfafarera eta Massanassara mugitu ziren". Egindako lanen inguruan, berriz, adierazi du gehienbat ura ateratzen egon direla, eta, horrez gain, lokatza ateratzen ere lagundu dutela.

Asteazkenean hartu zuten erreleboa suhiltzaileek, eta Euskal Herriko beste larrialdi talde bat joan da azken egunotan garbiketa-lanetan laguntzera. Bigarren lantalde horretan joan dira Zubillagako beste hiru suhiltzaile.

Handia da DANA ekaitzak eragindako hondamendia. Luze joko du egoerak normaltasunera bueltatu aurretik

Isa Negreira: "70 uretako bota baino gehiago bildu ditugu gure dendan"

Oñatiko Luar dendan material-bilketa hasi zuen asteartean Isa Negreirak. Bildutakoa Valentziara eramango du asteburuan.

Nola otu zitzaizun bilketa egiten hastea?

Astelehenean etxean nengoen, alabarekin, eta hark Valentziara joan nahi zuen, hondamendiko biktimei laguntzera. Ikusi genuen oso zaila zela momentu hartan, baina pentsatu genuen laguntzeko bilketa bat egin genezakeela. 00:30ean hartu genuen erabakia, eta hurrengo eguneko goizeko hamarretan hasi genuen bilketa.

Nolako harrera izan du?

Izugarria izan da. Nire alabak sare sozialetan 00:09etan iragarri zuen bilketa egingo genuela. 10:00etarako, jada jendea dendan zegoen, Valentziara bidaltzeko materialarekin. Jendeak oso ondo erantzun du. Uste dut ekarri dutena erabilgarria izango dela: 70 uretako bota baino gehiago, baita elektrizitate sorgailu bat ere.

Nola eramango duzue materiala haraino?

Materiala eramateko kamioi bat lortu nahian gabiltza, eta, bestela, deialdi bat zabalduko dugu, nahi duten herritarrek euren autoetan materiala eraman dezaten. Ez dugu nahi trailer ofizial batean sartu eta Gurutze Gorriak edo Armadak eramaterik. Kalera atera nahi dugu, bertako herritarrengana joan, eta guk eman. Zabaltzen ari diren informazio askok diote jada ez dela behar material gehiagorik. Baina bertako herritarrekin hitz eginez gero, esaten dizute behar dela, eta asko, gainera.

Valentziako herritarren bat ezagutzen duzue?

Kontaktua daukagu Valentzian materiala banatzen dabilen jendearekin. Zer behar duten ikusi nahi dugu, laguntza gutxien jaso dutenei banatu. Beharren arabera zehaztuko ditugu banaketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak