Valentziako hondamendia

Oier Elortza: "Herritar batzuek esan digute gu bezalako gazteengatik ez balitz, oraindik ere lokatza leporaino iritsiko zitzaiela"

Jone Arruabarrena 2024ko aza. 7a, 12:43

Oier Elortza, eskuman, beste bi lagunekin garbiketa lanetan. OIER ELORTZA

Urtebeteko masterra egitera joan zen Valentziara Oier Elortza bergararra, kurtso hasieran. Valentzia hiriburuko erdialdean bizi denez, ekaitzak ez dio eragin, baina unibertsitateko klaseak etenda daude. Libre dauzkan egunak ondoko herrietako bizilagunei laguntzeko baliatu ditu Elortzak.

Valentzian bizi da Oier Elortza bergararra, bertan ikasten dabilelako. Han harrapatu zuen Dana ekaitzak, eta garbiketan laguntzen dabil orain.

Non zeunden DANA hasi zenean?

Valentzia hiriburuan bizi naiz, erdialdean. Egun horretan etxean nengoen, eta bat batean hasi ginen alerta gorriak jasotzen. E-mail bat ere bidali ziguten unibertsitatetik, klaseak kantzelatzen zituztela esateko. Hasieran pentsatu genuen gehiegizkoa zela. Gure eremuan ez zuen euririk egin. Horren ondoren, telebista piztu nuen eta ikusi nuen Paiportako zubia erori zela, eta txikizio guztia. 

Noiz erabaki zenuen ondoko herrietara laguntzera joatea?

Egunean bertan kendu zizkiguten unibertsitateko klaseak. Momentuz, ez daukagu klaserik azaroaren 10 arte. Hori jakin genuenean hasi ginen gure artean antolatzen, laguntzera joateko. Hasieran Euskal Herrian ez zegoen laguntzeko punturik edo materiala jasotzeko modurik, eta nire ingurukoei esan nien bizum bidez doaintza bat egiteko, eta, diru horrekin hemen ibili naiz gauzak erosten eta herrietara eramaten.

Non ibili zara laguntzen?

Catarrojan eta Benetusserren ibili naiz, besteak beste.

Nola joaten zara haraino?

Hemen gehienok valentziatik autobus publikoan etortzen gara. Autobusak uzten gaituen punturaino joaten gara denok. Hortik aurrera dena oinez egiten dugu, ordubetez edo ordu terdiz, herriraino joan eta bertan eguna garbitzen emateko. Autobusak goraino beteta joaten dira egunero. Jende guztia erratzekin eta garbiketa tresnekin joaten da.

Nolako egoera aurkitu zenuen lehenengo egunetan?

Oso gogorra. Lehenengo aldiz garbitzera joan ginenean emakume bat etorri zitzaigun negarrez, eta galdetu zigun ea boluntarioak ginen.  Galdetu zigun ea bere taberna garbitzen lagunduko genion, eta bertan egon ginen laguntzen. Bizilagunek laguntza eskatzen dizutenean joaten zara beraiek behar duten tokira, eta ahal duzun heinean laguntzen saiatzen zara. 

Ze material behar dute orain herrietan?

Garbiketarako materiala behar dute, nagusiki: fregonak, lejia, erratzak... horrez gain, lokatza kentzeko oso ondo funtzionatzen duten haragan izeneko tresna batzuk behar dituzte. Baita FFP2 musukoak, matabi estiloko pulberizatzaileak eta uretako botak ere.

Nolako harrera izan duzue bertara joan zareten boluntarioek?

Izugarria. Ez dut inoiz ikusi halako esker onik. Janaria eta ura eskaintzen digute etengabe, eta eskerrak ematen dizkigute. Gazte asko gaude hemen laguntzen. Herritar batzuek esan digute gu bezalako gazteengatik ez balitz, oraindik ere lokatza leporaino iritsiko zitzaiela.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak