Ibarreko 288 atleta domekan Behobia-Donostian

Xabier Urtzelai 2024ko aza. 8a, 18:00

Korrikalari debagoiendar batzuk, iaz, aulki gurpildun bati bultza egiten.

Bergara da korrikalari gehien eramango dituen herria (89). Aramaioarren parte-hartze datua falta da; iaz bi lagun izan ziren. Azken urteotan azkarrenak izan diren Ainhoa Aranburu eta Mikel Velasco erreleboa emateko gertu daude.

Domekan egingo duten 59. Behobia-Donostia lasterketan bailarako 288 korrikalari izango dira, baina kopuru horri aramaioarrak batu behar zaizkio, antolatzaileek arabarren artean ez dute-eta herrikako bereizketarik egiten –iaz, Aramaioko bi lagun izan ziren–. Hala, iazko datuekin alderatuta beherakada nabarmena izan da debagoiendarren artean, 70 lagun gutxiago izango dira-eta irteera puntuan – Arrasaten eta Oñatin izan da jaitsiera handiena–.

Eta, hala ere, Behobia-Donostia askoren ahotan egongo da egunotan, herri mailako lasterketen artean erreferentziazko proba izaten jarraitzen du-eta –astelehenean Harmailatik saioan jarraipen berezia egingo zaio lasterketak emandakoari–.

Erreleboa azkarrenen artean?

Azken bi urteotan arrasatearrak izan dira bailarako korrikalarien artean azkarrenak. Gizonezkoetan Mikel Velasco (1.09.26) eta emakumezkoetan Ainhoa Aranburu (1.22.15) nabarmendu ziren iaz, eta 2022an ere eurak izan ziren lehenak helmugaratzen. Domekan, baina, aldaketak egongo dira. Hasteko, Ainhoa Aranburu ez delako irteera puntuan egongo. "Eta dagoeneko damutzen hasita nago; inbidiaz pasako dut domekako eguna, baina lagunak animatzera joango naiz eta beste modu batean gozatuko dut lasterketaz. Datorren urterako motibatzeko balioko dit", adierazi dio arrasatearrak aste barruan GOIENAri. Izan ere, aurten bestelako helburuekin ibili da Aranburu: "Urrian Lisboako maratoia egin nuen bikotekidearekin batera, eta horixe izan da gure aurtengo erronka nagusia. Distantzia luzera salto egiteko erabakia hartu genuen eta Lisboako maratoia aukeratu genuen, besteak beste, gero turismoa egiteko aprobetxatu genuelako. Eta izugarri gozatu genuen. Helburua lasterketa amaitzea izan zen, distantzia berria zen-eta niretako, baina ez zitzaidan luzea egin eta pozik geratu nintzen egindako lanarekin (3.24). Cascanten hasten da maratoia, eta ibilbide oso polita du, Lisboaraino oso leku gogoangarrietatik pasatzen zara eta. Egia da hurrengo egunetan giharretako minarekin turismoa egitea ez dela erosoena [Barre], baina tira, asko gozatu dugu".

Hala, arrasatearrak ez du baztertzen aurrerago maratoi gehiago egitea: "Bakarra egiteko asmoa neukan, zer zen ikusteko, baina ikusita zelan gozatu genuen... ez, ez dut esango azkena izan denik. Entrenamenduak erritmo lasaiagoan egin behar dira, baina denbora luzeagoan egin behar da korrika, eta erritmo horretara ondo egokitzen naiz ni; gustatzen zait korrika lasai egitea".

Domekara begira, baina, penaz dago, hain zuzen, ondo errekuperatu delako. "Uste genuen maratoiarekin nahikoa izango genuela, baina orain Behobia-Donostia egiteko harra daukat barruan, eta damututa nago dortsala erosi ez izanagatik. Seguruenik, polikiago egingo nukeen, beste erritmo batzuetan entrenatu naizelako, baina probarekin gozatzea da kontua. Tira, datorren urtean gogoz bueltatuko gara".

Velasco eta Aranburu, 2022ko Behobia-Donostia lasterketan. Iaz ere eurak izan ziren azkarrenak.

Velasco, orkatila zaintzera

Mikel Velascok ez dauka garbi azken bi urteotan egindako denboren bueltan ibiltzeko aukera izango duenik, tendoi tibiala – orkatilan– burukominak ematen ari zaizkio eta. Aurreko edizioetan baino gutxiago entrenatu da, eta, lasterketa txukuna egiteko asmoz irtengo bada ere, ez du itsutu gura: "Ondo egitera irtengo naiz, baina beste urte batzuetan baino lasaiago ibiltzea tokatuko da. Berez abenduan Gasteizko maratoi erdia egin nahiko nuke, eta domekan Behobia-Donostia entrenamendu saio moduan erabiliko dut, test moduan. Gainera, kuadrillako hiruzpalau lagun joango gara korrika egitera, eta beste sei lagun inguru animatzera datoz; hortaz, egun-pasa polita egingo dugu". Arrasatearrak otsail inguruan egiten dituzten hamar kilometroko hainbat lasterketa ditu begiz jota, eta minez badabil nahiago du aste hauek lasai hartu, ondo errekuperatzeko. "Gimnastica de Ulia lasterketak gustatzen zaizkit; ea ordurako hobeto nagoen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak