Ia 90 lagunek hartu dute parte gazteen ongizate emozionalaren inguruko foroetan

Mirari Altube Arrese 2024ko aza. 5a, 08:41

Gazteen ongizate emozionalaren inguruko prozesuaren bigarren fasea amaitu berri da. Aretxabaleta eta Eskoriatzako herritarrak eta eragileak izan dira fase horretako protagonistak; foroetan ia 90 kidek hartu dute parte eta galdetegiak erantzun dituzte 1.120 lagunek. Bi herrietako udal ordezkariak eskertuta daude herritarrek prozesuan erakutsi duten "inplikazio eta parte hartzearekin".

Egitasmoaren sustatzailea Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalek bideratutako prebentzio mahaia izan da. "Ongizate emozionalaren inguruko kezka gero eta handiago da eragileen artean eta egoeraren argazki bat izateko xedez, zabaldu zen ekainean eskuartean dugun prozesua", adierazi dute Udaletik. Hortaz, diagnostikoa, Aretxabaletako eta Eskoriatzako eragile eta herritarrekin osatu dute.

Bi foro

Gaiaren bueltan jarduteko bi foro sortu dira. Lehenengoa ekainean egin zen eta 40 nerabe elkartu ziren. Bigarrena, ostera, herrietako eragileena izan da eta urrian zehar elkartu dira taldeak; guztira 48 pertsonek hartu dute parte horietan.  

Hezkuntza formaleko eragileak, guraso elkarteak eta osasun arloko profesionalak batu ziren urriaren 9an; besteak beste, Altxa Burua, Gurabarri eta Batera guraso elkarteetako kideak, baita Arizmendiko Ikastolakoak ere, osasun zentroko langileek eta, Arizmendi, Luis Ezeiza, IES Aretxabaleta, Kurtzebarri eskola eta Kurtzebarri Institutuko irakasleak.

Urriaren 16an, ostera, hezkuntza ez formaleko eta udal zerbitzuetako langileek eta zinegotziek parte hartu zuten. Bilera horretan egon ziren honako eragileak: bi herrietako gaztelekuetako eta ludoteketako hezitzaileak, eskola kiroleko begiraleak, UDAko eta Eskoriatza kirol elkarteko kideak, Eskoriatzako musika eskolakoak eta udaletako zinegotziak eta teknikariak.

Azken taldea urriaren 23an bildu zen eta ostalariak eta herrietako bestelako elkarteak izan ziren gonbidatuak. Aretxarteko eta Eskoriatzako merkatari elkarteko kideek, Eskoriatzako emakume feministek, Kuarteleko sortzaileek, eta Yaakar eta Loramendi elkarteetako ordezkariek hartu zuten parte, besteak beste.

Antolatzaileen esanetan foro guzti horietan "informazio oso baliagarria" jaso da diagnostikoa egiteko.

1.200 lagunen erantzunak

Foroek iraun bitartean bi galdetegi zabaldu dituzte datuak osatzeko. Herritarrei bideratutako galdetegian 211 erantzun jaso dira. Eta ikasleei zuzendutako galdetegian 909 erantzun.

Hurrengo pausoak

Diagnostikoa aurkeztuko dute 2024ko urte bukaeran eta prozesuaren azken fasea 2025ean zabaldu. Fase horretan, osasunerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen "neurri zehatzagoak" definituko dituzte, datozen urteetan landuko diren "lehentasunezko esku-hartze lerroak" ezarrita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak