Debagoieneko Keia eta Orhi taldeek Ahotsenean aurkeztuko dituzte azken lanak

Mirari Altube Arrese 2024ko aza. 4a, 16:44

Ahotsenea Musika gunean parte hartuko duten musikarien zerrendaren berri eman dute gaur. Emakume musikarien presentzia areagotzea dute helburu aurten, horregatik taldeen erdiek gutxienez emakume bat izango dute. 108 musika taldek edo bakarlarik egin zuten eskaera, eta 34 hautatu dituzte; Oñatiko Keia eta Bergarako Orhi daude horien artean.

59. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra egingo da, eta dagoeneko osatu dute Ahotsenea Musika gunean diskoa aurkeztuko duten taldeen zerrenda. Emakume musikarien presentzia handitzeko egindako ahalegina nabarmendu dute antolatzaileek, "taldeen erdietan emakumeren bat gutxienez" egongo delako.

Estilo askotako 34 proposamen

Euskal musikaren erakusleiho izaten da Ahotsenea, eta aurten 108 talde edo bakarlarik eman dute izena lan berria zuzenean aurkeztu ahal izateko. Antolatzaileek ondoren hautaketa egin behar izan dute, eta azkenik 34 taldek edukiko dute lekua.

Musikari gazteen eta ibilbide luzekoen arteko oreka zaindu dute, "belaunaldi arteko kultur transmisioaren eta hartu-emanaren erakusle" izan dadin, eta hori erakusten du prestatutako egitarauak. Adibidez, Txopet, Xsakara eta TOC taldeak igoko dira Platerueneko oholtzara, baita Mikel Urdangarin eta Kokein ere.

Estiloei dagokienez, gaur egungo panorama musikalaren aniztasuna islatuko da, rocka, rapa, elektronika eta folk doinuak uztartuz, besteak beste. Lurraldeen arteko oreka lortzen ere saiatu dira eta Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko musikarien partaidetza hazi egingo da.

Zerrenda osoa

Hona hemen Ahotsenea Musika gunean parte hartuko dute musikarien zerrenda osoa:

Aho zakil konexion, Ainke, Albina Stardust, Ameba, Birkit, Durundi, Ekhi Lambert eta Haize Carricaburu, Eneritz Furyak, Ezpalak, Kai Nakai, Kaskezur, Keia, Kokein, Kuartz, Mikel Artieda eta Leire Berasaluze, Maskak, Mice eta Moxal / Odei Barroso eta Benizze, Mikel Urdangarin, Miriam Lujua, Nize, Neu Troia, Orhi, Mirari, Hok Ttuk Hamalau, Postal Kolekzionistak, Saji, Toc, Tu-K, Txopet, Ur, Xabaltx, Xabier Badiola, Xsakara eta Zinkha.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak