Ernaiko kide ugari batu dira gaur Arrasaten, egun osoko egitarauaren baitan. Kulturaten egin dute lehenengo hitzordua, hitzaldi eran. Amaiur Egurrolak, Junex Iartzak eta Beñat Loidik beraientzat bazterrak nahastea antolakunde batean militatzea dela azaldu dute. Nerabezarotik bizitako esperientziak ekarri dituzte gogora, "herri grina piztea" eragin dietenak: "Hatortxu Rock, Mirentxin, Topagunea, Altsasuko Gazteak, Gure Esku Dago, greba feministak... Borroka esparru asko ezagutu ditugu, nitasunetik ulertu ezin direnak. Ez dago eraldaketa posiblerik kolektibo handi batekin ez bada", argudiatu dute.
Era berean, krisiak eta pandemia moduko "indibidualizazio prozesu gogorren aurrean helburu komunak dituen proiektu batean militatzeak helduleku sendo bat" eman dietela adierazi dute. Txanponaren beste aldean "nekea" dagoela ahaztu gabe: "Etengabe hainbat kontu kudeatzen ibiltzearen nekea, edota jarrera matxisten ondorioz baztertuta sentitzearen nekea".
Militantziak "askotariko formak" dituela nabarmendu dute, eta guztiaren gainetik "bizigarria eta gozagarria" izan behar duela.
"Une erabakigarria"
Mundu mailako eta Espainiako analisi politikoa egin dute, "jarrera erreakzionarioak eta eskuin muturra gorantz" doazela azpimarratuz. Euskal Herrian faxismoak beste forma batzuk hartzen ditu, haien ustetan: "PNV-k Vox-i erosi dio okupazioaren markoa. Kaleko afari solidarioak eten dituzte Donostian. Eskuinaren bataila marko mental eta kulturalean dago, eta nerabeen artean forma berezia hartzen du, sare sozialen eraginagatik. Baina Euskal Herrian antifaxismoa DNAn daramagu, historikoki nazio askapen mugimenduak dinamizatu du eta gure antifaxismoa independentista izango da".
Hauteskunde-emaitzei begira joan den ikasturtea "emankorra" izan dela kontuan hartuta, datozen lau urteotan prozesu independentista eraldatzailea aktibatzeaz hausnartu dute: "EH Bilduk 420.000 boto lortu ditu Euskal Herri osoan. Jende hori prozesu independentistara batzeko, belaunaldi berriak politizatu behar dira". Udalgintzan oinarrituta garatzen diren proiektuak, adibidez herrietan etxebizitzarekin lotutakoak, jarri dute bizitzak hobetzeko egiten diren ekimenen adibide modura.
Azkenik, apirilaren 17tik 20ra Berriozarren ospatuko duten Gazteon Eskutik topaketan jarri dute fokua.
Bazkaritik kontzertuetara
Elkartasun bazkariaren ostean, karropoteoan irtengo dira, eta gaua Eten, Txerrikumeak, La Fulana eta Deskontrolen zuzenekoek girotuko dute gaztetxean.