Gaur egungo kooperatiben eta kooperatibetako erantzukizun kulturaren gaineko ikerketa egin dute Loyolak eta Ruiz de Austrik. Elkarrizketa honetan eman dituzte ikerketaren nondik norakoak.
Kooperatibismoa duzue aztergai LANKI ikertegian, eta azken urteotan erantzukizunaren kultura ikertzen aritu zarete; zergatik?
Kooperatibismoa, pertsonen burujabetzan oinarritzen denez, eredu oso exijentea da erantzukizunari dagokionez. Gaur egun, bi errealitate aurki ditzakegu: batetik, bazkideen erantzukizun maila handia erakusten duten esperientziak ditugu; bestetik, kooperatibetan badago ere pertsonen erantzukizuna indartu beharraren sentipena.
Nola egin duzue ikerketa?
Abiapuntuko galdera hau izan da: posible da gaur egungo kooperatibetan bazkideen erantzukizunaren kultura hedatzeko baldintzak sortzea? Metodologia kooperatibetako eragileekin lankidetzan aritzea izan da. Kooperatibista jubilatuen, egungo arduradunen eta bazkideen hausnarketak dira ikerketaren funtsa.
"ERANTZUKIZUNA ELIKATUKO DUEN ERRELATO KOOPERATIBOA ERAIKI NAHI DUGU"
Erantzukizuna kooperatibismoaren oinarrizko balio gisa definitu duzue.
Horrela da. Kooperatibismoaren esentzia bi balio nagusitan sintetizatu beharko bagenituzke, bi hauek azpimarratzen ditugu: erantzukizuna eta elkartasuna. Pertsonen erantzukizuna eta elkartasuna erdigunean jarri, eta enpresa eta gizartea eraldatzeko sortu ziren enpresa kooperatiboak.
Gaur egungo errealitatera ekarrita, kooperatibetan nola landu daiteke pertsonen erantzukizuna?
Ikerketan hiru ildo nagusi garatu ditugu: batetik, nola ulertu da erantzukizuna pentsamendu kooperatiboan?; bestetik, zertan zehaztuko genituzke gaur egun bazkideen erantzukizun portaerak?; azkenik, zein arlo kudeatu behar dira kooperatibetan pertsona erantzuleak sustatzen dituzten erakundeak izateko? Batetik, pertsonen erantzukizuna elikatzeko errelato kooperatibo bat eraiki nahi izan dugu.
Bestetik, gaur egungo errealitatea aztertzeko bi foku uztartu ditugu: bata, kooperatibek dituzten erronka nagusien harira bazkideek izan beharreko portaera erantzuleak definitzea; bigarrena, jarrera erantzule horiek sustatzeko kooperatibek kudeatu behar dituzten arloak identifikatzea.
Beraz, portaera zehatzak zehazten dira ikerketan.
"BALIO KOOPERATIBOAK GARATZEKO GESTIO PLANAK IZAN BEHARKO GENITUZKE"
Kooperatibek dituzten erronken harira definitu ditugu erantzukizun portaera zehatzak: enpresaren errentagarritasunarekiko, finantzazioarekiko, kualifikazio profesionalarekiko eta gobernantza kooperatiboaren funtzionamenduarekiko. Arlo bakoitzean pertsonen erantzukizuna zein portaera zehatzetan gauzatzen den definitzen saiatu gara.
Bestetik, kooperatibek kudeatu beharreko arloak aipatu dituzue.
Bai, pertsonen erantzukizun portaerak sustatzeko kooperatibek ere testuinguru egokiak sortu behar dituzte. Begirada horretatik, kudeatu beharreko zazpi arlo aztertu ditugu: 1. Gobernantza kooperatiboaren funtzionamendua; 2. Informazio-komunikazio estiloa; 3. Proiektu kooperatiboaren definizioan bazkideen parte-hartze bideak; 4. Hezkuntza kooperatiboa; 5. Lana antolatzeko ereduak; 6. Lidergo estiloak; 7. Enpresaren gizarte funtzioa. Abiapuntuko galdera hau izan da: nola ulertu behar dituzte kooperatibek arlo horiek pertsonen erantzukizun portaerak sustatzen dituzten testuinguruak sortzeko?
Ikerketaren ondorioak esaldi batean sintetizatu beharko bazenituzkete?
Ikerketaren ondorioak azaltzen dituen Lanki koadernoa sarean dago ikusgai. Esaldi bat: Pertsonen erantzukizuna eta elkartasuna kooperatiben funtsezko oinarria da; horregatik, enpresa proiekturako gestio planak egiten ditugun moduan, pertsona eta balio kooperatiboak garatzeko gestio planak egin beharko genituzke.