Kooperatibak: gehigarri berezia

Ion Etxeberria: "IKERLANen misioa da teknologia garatzea eta enpresei transferitzea"

Babestutako edukia 2024ko urr. 31a, 09:00

Ion Etxeberria, IKERLANeko zuzendari nagusia, Arrasateko egoitza nagusian.

Mondragon Korporazioko ikerketa zentroak 1974az geroztik balio teknologikoa ematen die enpresei. Horren eta gehiagoren berri eman du Ion Etxeberriak, Ikerlan Zentro Teknologikoko zuzendari nagusiak.

Mende erdia ospatzen ari da IKERLAN urte osoan. Besteak beste, erakusketa ireki berri dute Arrasaten, direna eta egiten dutena herritarrekin partekatzeko.

Irailean ekitaldi berezia egin zenuten Amaia antzokian; maiatzean herri festa bat; Kooperatiben Kontseiluaren aitortza jaso duzue, erakusketa duzue ikusgai Kulturaten...

Amaia antzokikoa oso hunkigarria izan zen. Hainbat testigantza egon ziren; adibidez, gure lehen lehendakari izan zen Javier Retegirena. Maiatzean egin genuen jaia ere berezia izan zen, arrasatear guztiekin ospatu genuelako. Eta erakusketa, benetan ikusteko modukoa da.

Orain arteko lehendakari eta zuzendari nagusi guztiak omendu zenituzten irailean.

Bai; IKERLANetik milaka pertsona pasa dira eta ezinezkoa zen guztiak oholtza gainean egotea. Enpresa pertsona horien ordezkaritzarekin irudikatu genuen. Nire ustez, Mondragon estiloa bezala ezagutzen dugun lan egiteko moduan dago arrakasta. Sakonean, zehaztasunarekin, ondo egindako lana. Joxe Mari Ormaetxeak lideratu zuen hura IKERLAN sortu aurretik, eta Europa mailan zeuden hainbat zentrotara bidaiatu zuten; bertan lan egiteko modua eta zentro motak ezagutu, eta ikerketa bat egin zuten. Arrasatera ezagutza hura ekarri eta IKERLANek gaur egun duen eredua diseinatu zuten. Ikerketaren eta transferentziaren artean oreka bat bilatuz.

"MONDRAGON ESTILOA BEZALA EZAGUTZEN DUGUN LAN EGITEKO MODUAN DAGO ARRAKASTA"

Hori guztia, enpresei berrikuntzan eta lehiakortasunean zabaltzen laguntzeko teknologia garatzeko helburuarekin.

Gure helburua eta misioa teknologia garatzea da, baina ez garatzea bakarrik, baizik eta enpresetara transferitzea. Enpresa horiei lehiakorragoak izaten laguntzeko, euren produktu, zerbitzu eta prozesuetan teknologia horiek lehiakorrago bilakatuko dituztelako. Guk egiten dugun ikerketa aplikatua da. Punta-puntako teknologiarekin lan egiten dugu, gaur egun etengabe entzuten den adimen artifizialarekin, digitalizazioarekin eta energiarekin lotutako teknologiekin. Horren helburua da enpresara eraman eta enpresak teknologia horren bidez bere produktuak eta zerbitzuak hobetzea eta baita enpresa berriak sortzea ere.

Enpresak, izan Mondragon Taldekoak nahiz edozein motatakoak?

Gaur egun gure bezeroen artean %50, erdia, kooperatibak dira eta beste erdia ez dira kooperatibak. Geografikoki oso errotutako enpresa bat gara, mundu mailako konpainiekin egiten ditugu ikerketa proiektuak. Batik bat, Europako unibertsitate eta zentroekin. Baina, gero, transferentziaren %80 EAE mailan egiten dugu; bereziki, Gipuzkoan.

"13 BAT MILIOI EURO INBERTITZEN DITUGU URTEAN TEKNOLOGIAK GARATZEN ETA GUREGANATZEN"

Orokorrean, gure misioa da gure inguruko enpresei herrian aberastasuna sortzen laguntzea teknologiaren bidez. Berrikuntzaren zurrunbiloan, IKERLAN ere, punta-puntan egoteko, une oro berritzen doa?

Urtero, 13 milioi euro inguru inbertitzen ditugu ikerketan; hau da, teknologiak garatzen eta gureganatzen. Hor hiru zutabe nagusi ditugu: lehena, digitalizazioarekin eta adimen artifizialarekin lotutakoa; bigarrena, elektronikarekin eta zibersegurtasunarekin lotutako teknologiak; eta hirugarrena, mekatronikarekin eta energiarekin lotutakoa.

420 laguneko lan taldea osatzen du IKERLANek, eta egoitzak ditu Arrasaten, Donostialdean eta Bilbon; zeintzuk dira aurrera begira aurreikuspenak?

Zifrak baino garrantzi handiagoa du gauzak egiten ditugun bezala egiten jarraitzeak. Koherentziarekin, enpresei eta gizarteari balioa ematen eta harrobian inbertitzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak