Kooperatibak: gehigarri berezia

Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialari ezinbesteko ekarpena

Babestutako edukia 2024ko urr. 31a, 09:00

Kooperatiben Kontseiluko presidente Patxi Olabarria, aurten 50 urte bete dituzten kooperatibei aitortza egiteko ekitaldian, aurtengo urrian.

Gero eta handiagoa da enpresa kooperatiboek Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialari egiten dioten ekarpena. Gainera, kooperatibista gehien dituzten eskualdeek –Debagoiena, adibidez– ongizate-indize handiagoa dute.

Aste gutxi batzuk falta dira 2025a hasteko. Kooperatiben Nazioarteko Urtea izango da, eta hauxe izango da haren leloa: Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute; izan ere, kooperatibek munduan duten eragina nabarmendu nahi da. Baina zein da euskal kooperatibismoak Euskadiko ekonomian eta enpleguan duen eragina?

Gaur egun, 2.000 kooperatiba aktibo baino gehiago daude, kooperatiba horiek zuzeneko 60.000 enplegu baino gehiago sortzen dituzte eta EAEko BPGaren %10 dira, 12.000 milioi euro baino gehiagoko fakturazioarekin. Kooperatibistei dagokienez, milioi eta erdi baino gehiago dira; hau da, euskal biztanleriaren %70ek nolabaiteko harremana du kooperatibismoarekin.

Eta garrantzitsuena da harreman hori belaunaldi gazteenengan ere nabaritzen ari dela. Gure ingurunea etengabe aldatzen ari da; enplegua, harremanak izateko modua, lan egiteko modua eta herria eraikitzeko modua etengabe aldatzen ari dira, eta aldaketa horretarako ezin hobea da kooperatiba, enpresa egiteko beste modu bat gisa eta gazteek baloratzen dituzten balioak dituen enpresa mota gisa, mundu hobea egiten lagundu nahi duelako. Formula kooperatiboa edozein jarduera sektoretara egokitzen da, eta, horregatik, gazteriaren talentuaz baliatuta, kooperatibak daude, esaterako, ekonomia digitalaren eta trantsizioaren alorretan eta garabidean dauden beste sektore batzuetan ere. Horri esker, proiektu berri horiek pertsona erdigunean jartzearekin bat etortzea eta ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik jasangarriak izatea lortzen da.

GURE INGURUNEA ETENGABE ALDATZEN ARI DA ETA HORREN AURREAN EZIN HOBEA DA KOOPERATIBA

Testuinguru horretan, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua (KOOPERATIBEN KONTSEILUA) ospakizuneko urterako prestatzen ari da, baina begirada beti Euskadin jarrita.

Enpresa egiteko beste modu bat

Euskal kooperatibismoak indartsu dagoela erakutsi du eta gaur inoiz baino gehiago balioetsi ditu haren ezaugarriak, enpresa egiteko beste forma bat gisa; hau da, pertsonak erdigunean jartzen dituen enpresa gisa. "Ekonomia eta enpresa ulertzeko beste modu bat da, ekoizteko eta aberastasuna banatzeko beste modu bat, eta ekiteko, kudeatzeko eta kontsumitzeko beste modu bat, ekonomia tradizionalaren alternatiba gisa", adierazi du Patxi Olabarriak, KOOPERATIBEN KONTSEILUko presidenteak.

Komunitatean eragina

Eta, gainera, oso eragin positiboa du ingurunean. "Hala adierazten dute ongizatea, soldata arrakala, langabezia, errenta desberdintasunak, desberdintasuna eta pobrezia neurtzen dituzten hainbat adierazle ofizialek; izan ere, adierazle horiek esaten digute kooperatibista eta kooperatiba gehien dituzten eskualdeetan aldagai horien egoera orekatuagoa dela. Hau da, kooperatibismo-indize zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da ongizate-indizea.

Debagoienak, enplegu kooperatiboaren ehuneko handiena duten eskualdeetako bat denak, esaterako, pobrezia edo bazterketa soziala pairatzeko arriskuan dauden pertsonen indize txikiena du.

Datu horiek erakusten dute kooperatiben eragina euren kideengan ez ezik komunitatean ere nabaritzen dela, eta mesede ere egiten diola. "Aberastasuna birbanatzen dute eta ekonomia demokratikoagoa sustatzen dute", adierazi du Olabarriak. "Mundu globalizatu eta lehiakor batean, lankidetza etorkizunerako eredu jasangarria izan daitekeela erakusten digute enpresa kooperatiboek".

Onura ekonomiko eta soziala

Azken hamarkadetan krisi ekonomiko eta sozialak bizi izan dira, baina kooperatibek erresilienteak direla eta lurraldearekiko konpromisoa dutela erakutsi dute. Horregatik, enpresa kooperatiben arrakasta ez da soilik ekonomikoki duten arrakasta; ingurunea eraldatzeko duten gaitasunari begira duten arrakasta ere bada. "Gai dira tokiko beharrak detektatzeko, horiei erantzuteko eta pertsonen bizitza hobetzeko", esan du KOOPERATIBEN KONTSEILUko presidenteak.

KOOPERATIBAK GARAIEKIN BATERA ERALDATU DIRA, ETA ERRONKA HANDIEI EGOKITU

Enpresa kooperatiboa garaiekin bat etorrita eraldatu da, eta erronka handietara egokitzen jakin du. Gaur egun ere beste erronka batzuei aurre egiteko gai dela erakusten ari da; esaterako, trantsizio energetikoari, digitalari eta sozialari aurre egiteko. Munduan gertatzen ari diren aldaketak handiak dira: globalizazioa eta enplegu-profil berriak, harremanak izateko modua eta adimen artifizialaren inpaktua ere bai.

Ekintzailetza kolektiboa

Etorkizunean eraldaketa handi horiek izanda, enpresa kooperatiboei lotutako balioak zabaltzea ere izango da KOOPERATIBEN KONTSEILUAren lana, balio horiek dira-eta gazteek gehien eskatzen dituztenak. "Bilatzen dugu ekintzailetza kolektiboa sustatzea, talentua erakartzea eta atxikitzea, lidergo berriak sortzea, emakumeek erabaki organoetan parte hartzea bultzatzen jarraitzea, berrikuntza bultzatzea, elkarren arteko lankidetza bultzatzea, eta jaso dugun ondarea mantentzea eta hobetzea. Laburbilduz, kooperatibismoak gure herrialdearen garapen ekonomiko eta sozialari egiten dion ekarpena handitzea bilatzen dugu", azpimarratu du Patxi Olabarriak.

Ekintzailetza kolektibo horrek ingurune aproposa ere behar du eta enpresa kooperatiboetan ingurune hori sortzeko joera handiagoa dago. Goren Kontseiluak esku artean dituen ikerketen arabera, ekintzaileak euren ingurune sozioekonomikoaren eraginaren mende daude, neurri handi batean. Eta eskuratu dituzten balioek edo eskualde jakin batean nagusitzen den kulturak ere eragina dute ekintzailetza bultzatzeko. Hau da, kooperatibek haziak ematen dituzte proiektu kooperatibo berriak hazi eta gara daitezen. KOOPERATIBEN KONTSEILUA, Espainiako, Europako eta munduko kooperatiben alorreko erakunde berezi gisa, ilusioz ari da 2025 honi aurre egiteko prestatzen. Haren historiako lau hamarkadetako urte garrantzitsuenetako baten aurrean, KOOPERATIBEN KONTSEILUAk bere lana eta konpromisoa areagotuko du, mugimendu kooperatiboak gure herriaren garapenaren alde egindako ekarpenak onarpen sozial handiagoa izan dezan.

Kooperatiben Nazioarteko Urtea

2024ko ekainaren 19an, NBEko Batzar Orokorrak 2025. urtea Kooperatiben Nazioarteko Urtea izango zela aldarrikatu zuen, ebazpen baten bidez. Ebazpenaren testuan, urtea ospatzeko hainbat modu gomendatzen ditu, eta estatukide guztiak, Nazio Batuak eta alderdi interesdun guztiak animatzen ditu ospakizuna aprobetxatuz kooperatibek garapen sozioekonomikorako egiten duten ekarpena sustatzera.

Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute leloarekin eredu kooperatiboan jartzen da arreta, mundu mailako oztopo ugariren funtsezko irtenbide gisa, eta 2030ean Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) lortzeko lana azkartzeko duen garrantzia nabarmentzen da.

Hasiera, New Delhin Kooperatiben Nazioarteko Urtearen inaugurazio ofiziala New Delhin (India) egingo da, 2024ko azaroaren 25etik 30era bitartean egitekoak diren ACIren Nazioarteko Konferentzian eta Batzar Orokorrean, munduko kooperatibismoa inspiratuko duten nazioarteko liderren aurrean. Ondoren, urte osoa egongo da kooperatibek gizartean duten eragina ospatzeko; urte osoa, mugimendu kooperatiboa indartzeko eta pertsonen bizitzak hobetzeko jada egin denaz eta egiteko dagoenaz hausnartzeko.

Aitortza mundu hobea eraikitzearren

KOOPERATIBEN KONTSEILUAk aitortza erakutsi zien urriaren 3an, Bilbon, aurten mende erdi baino gehiagoko bidea eginda duten eta, beraz, Euskaditik mundu hobea eraikitzen laguntzen duten hogeita hamar euskal enpresa kooperatibori baino gehiagori; horien artean, Debagoieneko hauei: Ikerlan, Lagun Aro eta Onnera Group.

Enpresa sarituetako ordezkariak eta agintariak batzen dituen argazkia.

Hainbat ikerketa eta estatistikak erakusten dute sortzen diren enpresa proiektuen %61 ez direla 5 urte baino gehiagora iristen. Baina badago enpresa mota bat datu horietatik kanpo dagoena. Kooperatibak dira; izan ere, Euskadin ia %80ko biziraupentasa dute euren lehen jarduera ekitaldietan. Horregatik, KOOPERATIBEN KONTSEILUAk nabarmendu du enpresa kooperatiboei aldaketa ekonomiko, sozial eta kulturaletara egokitzen eta Euskadiko sare ekonomikoan irauten eta haren zati garrantzitsu izaten lagundu dieten kooperatibista guztien balioa.

AURTEN 50 URTE BETE DITUZTEN KOOPERATIBEI AITORTZA EGIN BERRI DIE KOOPERATIBEN KONTSEILUAK

Ekitaldia KOOPERATIBEN KONTSEILUAk mugimendu kooperatiboaren aitortza soziala handitzeko duen konpromisoaren froga da, gure herriaren garapenari egiten dion ekarpenagatik aitortza sozial handiagoa behar duela uste baitu. "Kooperatibak aldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalerako benetako motorra dira. Mundu honetan, non desberdintasunak gero eta gehiago diren, kooperatibek erakusten digute badagoela aberastasuna modu bidezkoagoan banatzerik, pertsonak euren jardueraren erdigunean jarriz", adierazi zuen Patxi Olaberriak, KOOPERATIBEN KONTSEILUko presidenteak. Ekitaldian, Mikel Torres Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua egon zen, baita Euskadiko beste agintari eta kooperatiba eta enpresa munduko beste ordezkari batzuk ere; esaterako, Konfekoop-eko presidente Rosa Lavin.

KOOPERATIBEN KONTSEILUko ordezkariak eta erakundeetakoak Arsuagarekin.

Biologia eta ekonomia

Aitortza horren osagarri, KOOPERATIBEN KONTSEILUAk Juan Luis Arsuaga paleontologo ezaguna gonbidatu zuen, haren ikuspegia azal zezan; izan ere, haren ustez, lankidetza ez da soilik giza balio bat, gure bilakaera eta gizateriaren historia ulertzeko funtsezko gako bat ere bada. Cooperar para competir: la clave de la evolución social izeneko hitzaldia egin zuen, eta bertan lankidetzaz hitz egin zuen, eta gizakien eboluzioa, haren aztergaia, oinarri hartuta azaldu zuen nola lankidetza izan den kooperatibismoaren iragana, oraina eta etorkizuna bultzatu duena. Atapuercako aztarnategietako ikerketa taldeko kide eta Paleontologiako katedradun eta idazle ospetsuak biologiaren eta ekonomiaren arteko harremanean oinarritu zuen hitzaldia. "Ekonomia teoria ebolutiboen inspiratzaile izan da, eta alderantziz, eta, gainera, hizkuntza partekatzen dute, kontzeptu berberak erabiliz, hala nola ekosistema edo hipotesi berberak ere, baita Erregina Gorriaren efektua eta Zisne Beltzaren teoria ere".

Juan Luis Arsuaga paleontologoaren hitzaldia.

Ekitaldiari amaieran, Demode Quartet taldeak Bi hanka, kooperatibismoaren ereserkia a cappella interpretatu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak