Kooperatibak: gehigarri berezia

Joxean Alustiza Usandizaga: "Gobernantza moldatu egin behar dugu, FAGOR ere aldatu delako"

Babestutako edukia 2024ko urr. 31a, 09:00

60 urte baino gehiago dira FAGOR TALDEA sortu zenetik, eta nabarmen hazi da ordutik. Garai berrietara egokitzeko, gobernantza eredua berritzeko prozesuan murgilduta dago, Alustizak azaldu duenez. Prozesua beharrezkoa dela dio presidenteak, FAGOR-en kooperatiba eredua iraunkorra izan dadin.

Zortzi kooperatibaz osatuta dago FAGOR TALDEA. Guztira, 10.403 langile ditu Euskal Herrian eta nazioartean, 70 egoitza baino gehiagotan banatuta. Urte luzeetako ibilbidearen fruituak dira: 1964an sortu zen, Ularco izenarekin, eta ordutik etengabe hazi da. Orain, ordea, hamarkadetan baliatu duten gobernatzeko erak "eguneraketa bat" behar du, Joxean Alustiza FAGOR TALDEKO presidentearen arabera. Garai berrietara egokituko den gidaritza bat sortzeko prozesuan buru-belarri dabil Taldea, Arrasateko eredu kooperatiboaren iraunkortasuna bermatzeko urrats berri bat eginez. "FAGOR-i ez ezik, eredu kooperatiboari berari ere egin diezaioke ekarpena prozesuak", azaldu du. 

Gobernantzaren inguruko hausnarketa prozesuan murgildurik da FAGOR; garrantzitsua da gobernantzaz hausnartzea?

Bai. Edozein erakunde, enpresa edo elkartek bere irizpideak ditu gobernantzarako. Haiek, euren izaera eta balioekin bat egiteaz aparte, eraginkorrak izan behar dute. Kooperatibetan, bertako kideok langile eta jabe garen heinean, garrantzi berezia hartzen du araudiaren definizioak eta aplikazioak, denon artean hartzen ditugulako erabaki horiek. Hala ulertu zuten kooperatiba talde honen fundatzaileek duela 60 urte, eta energia handia eskaini zioten araudi horiek behar bezala egin eta gorpuzteari. Kontua da hainbat arlotan gure gobernatzeko era ez dela aldatu hamarkadetan, eta, 60 urteren ostean, badela momentua FAGOR-eko gobernantza eredua bere osotasunean berrikusteko. Eta hori da egiten ari garena. FAGOR-eko kooperatibak hazi egin dira, munduan zehar egoitza ugari dituzte, bazkideen nahi eta beharrak guztiz bestelakoak dira... Finean, azken hamarkadetan nabarmen aldatzen dira gizartea, ohiturak, mundu ikuskerak, kooperatibak... Laburbiluz, gizartea eta kooperatiba bera ez dira lehen ziren berdinak. Gobernantza eredua moldatu egin behar dugu, FAGOR bera ere aldatu delako. 

Zein puntutan da prozesua?

Urte hasieran lan-mahai bat osatu genuen hainbat presidente, gerentek eta Kontseilu Sozialeko kidek. Lan mahai horrek gure kooperatiben gobernantza berrikusi du bere osotasunean, goitik behera, eta hori berritzeko hasierako proposamen bat landu du. Orain, urri bukaeran, proposamen hori zortzi kooperatibetako organoetako 300 kidekin partekatu dugu: Kontseilu Errektorea, Zuzendaritza Batzordea eta Kontseilu Soziala osatzen dutenekin. Haien iritzi eta ekarpenak jaso nahi ditugu. Deliberazio prozesu horri garrantzia eman diogu, uste baitugu denoi dagokigula etorkizuneko gobernantza markoa definitzea. 

Hainbat hausnargai izango dituzue… Zeintzuk dira nagusiak?

Edozein kooperatibaren gobernantzan dauden bi alor ezberdin identifikatu ditugu: batetik, gobernantza mekanismoak; eta, bestetik, gobernantza dinamika. Mekanismoei dagokienez, landu beharreko zenbait arlo identifikatu ditugu. Hasierako garaietan ez zeuzkaten erronkak dauzkagu gaur egun, kooperatibak handitu egin direlako. Erronka horiek identifikatu ditugu, eta soluzioa oraindik ez daukagu esku artean, baina bazkideei galdetu nahi diegu zer iritzi duten eurek. 

Zeintzuk izan dira identifikatu dituzuen berrikusi beharreko mekanismoak?

Hainbat dira. Batetik, gure organoetako kideen formakuntzan eta gaitasunean sakontzeko beharra ikusi dugu. Organoetan erabaki inportanteak hartzen dira eta uste dugu bertan dauden pertsonak behar bezala formatuta egon daitezen bitartekoak eskaintzea garrantzitsua dela, erabaki inportante horiek hartzeko lagungarri liratekeenak. Kooperatiben kudeaketan jardun aurretik beste lan batzuk izaten dituzte, askotan zerikusirik ez dutenak, eta gobernantza organoetara pasatzen direnean ardura horiek betetzeko prestakuntza egokia behar dutela iruditzen zaigu. 

Bigarrenik, kooperatibetako presidenteen lan baldintzei erreparatu diegu. Sorreratik, handitu egin dira presidentea izatea egokitzen zaionaren ardurak, eta hasierako berak dira euren lan baldintzak. Hori ere berrikusi egingo dugu. Bestalde, administrazio organoetan kanpo kontseilariak egoteko aukera ere aztertuko dugu, gai zehatz batzuetan jakintza espezifiko bat eskaini dezaketenak. Ikuspegi hori lagungarri izan liteke erabakiak hartzeko. Bukatzeko, batzar nagusien eta kontseilu sozialen antolaketari buruz hausnartu dugu. Gure kooperatibak asko hazi dira, eta oso zaila da, adibidez, dimentsio batetik gorako kooperatibetan batzar bat egitea, edo horietan sor litezkeen eztabaidak era egokian eta eraginkorrean kudeatzea. Bilkura horiek egiteko beste modu batzuk asmatzeko aukera ere mahai gainean dago; betiere, bazkide guztiek erabakiak hartzeko duten eskubidea bermatuta. 

Gobernantza dinamika ere aipatu duzu.

Ezinbestekoa da kooperatibetako hiru organo nagusien –Kontseilu Errektorea, Zuzendaritza Batzordea eta Kontseilu Soziala– dinamika propioa eta euren arteko harremana zaindu eta lantzea. Organo bakoitzaren funtzioak –zereginak–, rolak –jarduteko moduak– eta erantzukizunak definitzearekin batera, hura osatzen duten kideen formakuntzaren aldeko apustu garbia egiten da proposamenean. Ostera, aldian-aldian, kooperatetako organoek euren jarduera ebaluatzeko eta organoen arteko harreman kalitatearen jarraipena egiteko bitartekoak eskaintzeko proposamena dago mahai gainean.

Hausnarketak emaitza bat izango du, ezta? Nola hartuko duzue azken erabakia?

300 lagun horiei proposamena eginda, bakoitzak bere organoan aztertuko du. Horren ondoren, euren ekarpenak egingo dituzte, eta ekarpen horiek jaso eta aztertu ostean onartuko da FAGOR-eko gobernantza aldatzeko behin betiko proposamena. Gero, aldaketa horiek gauzatzeko beharrezkoak diren urratsak egingo dira. Adibidez, barne arautegian eta estatutu sozialean aldaketak egin behar badira, kooperatiba guztietan bozkatu eta erabakia erreferendum bidez hartuko litrateke, pertsona bat, boto bat printzi- pioari jarraituz. Esan moduan, prozesu honetan garrantzi berezia emango diogu kontraste faseari, eta denon artean diseinatuko dugu aurrera begirako bide orria.

Beraz, prozesuak, FAGOR-i ez ezik, eredu kooperatiboari ere egingo lioke ekarpena…

FAGOR errealitate kooperatibo handia eta erreferentziala izanik, iruditzen zait ekarpen bat egingo diola egungo eredu kooperatiboari. Baliteke beste kooperatiba askok FAGOR-ek egiten duen errealitatearen irakurketa bera egitea: aspaldi sortutako kooperatibak izatea eta egungo testuingurura egokitzeko beharra identifikatzea. Edozelan ere, uste dut garrantzitsua dela bakoitzak bere barne ereduaren inguruko hausnarketa egitea eta erabaki propioak hartzea, norberaren errealitateari erreparatuta, eta ezaugarri propioak kontuan hartuta.

Prozesu honekin bukatutzat emango duzue FAGOR-en gobernantza-ren gaurkotzea?

Ez. Momentuz, egin duguna, gure kooperatiben gobernantza aztertzea izan da. Baina beste bi alorretara ez gara iritsi, eta aurrerago landu beharko ditugu: batetik, Taldearen beraren gobernantza. Esan bezala, zortzi kooperatibek osatzen duten Taldea gara eta horien gobernantza aztertu dugu prozesuan, banaka, baina guztien arteko gobernantza lantzeke geratu zaigu. Bestalde, Taldeko kooperatibak jada ez dira lehen zirenak. Lehen, Euskal Herrian genituen egoitzak. Orain, Euskal Herrian ditugu egoitza nagusiak, eta hemen ditugu bazkide gehienak, baina baditugu filialak nazioartean. Hori ere landu beharko dugu.

Kooperatibagintzak ba al du etorkizunik?

Uste dut baietz. Kooperatiba-gintza munduan zehar zabaltzen ari da, eta geroz eta gehiago dira modu horretan funtzionatzen duten enpresak. Uste dut kooperatibek, orokorrean, etorkizun sendoa dutela. Hala ere, gureari dagokionez, galderak beste bat izan behar du: gure kooperatiben eredura etorrita, elkartasunean, interkooperazioan eta konpromiso sozialean oinarritutako kooperatibismo arduratsu eta erreferentzialak badu etorkizunik? Baietz esango nuke, baina hori da, hain zuzen, gure erronka, eta ez da erraza. Hori lortzera bidean egin dugu gobernantzaren inguruko hausnarketa ere.

Harrera kooperatiboan sakontzen

FAGOR harrera kooperatiborako prozesua eguneratzen ari da. Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren eta FAGOR-en ibilbidearen –sorrera, bilakaera, gaur egungoa…– ingurukoak lantzen ditu kide berriekin. "Belaunaldi berriak dira FAGOR-en oraina eta etorkizuna, aurrera begirakoa marraztuko dutenak. Kooperatiben izanean eta zertarakoetan sakontzeak lagunduko du unean unekora moldatze horretan kooperatibagintzaren erroei eusten", azaldu du FAGOR TALDEko presidenteak.

Proba pilotu bat izan du martxan azken urtean, Lanki kooperatibismoaren ikertegiarekin elkarlanean. Online formakuntza eta aurrez aurreko saioak tartekatu ditu, bazkide berriei haien formakuntza prozesua nahieran antolatzeko aukera eskaintzeko. Formakuntza eredua beste kooperatiba batzuetara zabaltzeko aukera eskaintzea da asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak