Kooperatibak: gehigarri berezia

Iñigo Iñurrategi: "Atzerritik 3.000 lagun etortzen dira urtean

Babestutako edukia 2024ko urr. 31a, 09:00

Iñigo Iñurrategi, Otalora Garapenerako zentroko kidea, eraikinaren aurrean.

Milaka pertsona igarotzen dira urtero Otalorako formakuntza zentrotik. Ikastaroak jasotzera zein foroetara eta kooperatibaren esperientzia ezagutzera, besteak beste.

MONDRAGON Korporazioak Aretxabaletako Otalora jauregian duen egoitzan egiten du lan Iñigo Iñurrategik (Bergara, 1973). Taldeko kooperatibetako langileak, zuzendariak zein arduradunak prestatzeko zentroko kidea da.

Nortzuk eta zertara etortzen dira Otalorara?

Profil askotariko jendea etortzen da. Batetik, arlo kooperatiboko ikastaroetara datozenak: bazkideak zein organoetako kideak. Bestalde, ikastaro egiturarik ez izan arren, kooperatibetako kideek gai berezituak lantzeko beharrak izaten dituzte aldiro, eta haientzako foro eta programak antolatzen ditugu: genero, ingurumena inpaktu, zibersegurtasun, gobernantza, talentu zein digitalizazioari buruzko parte-hartze foroak, adibidez. Horietarako, batzuetan, kanpotik ekartzen ditugu gaian adituak, eta, beste batzuetan, guk egiten ditugu. Azkenik, bilerak egitera edo lanera etortzen dira kooperatibetako kideak zein MONDRAGONeko dibisio eta korporazioetako organoetako ordezkariak, eta bilgune edo lanleku bezala funtzionatzen dute, esaterako, bazkideekin, bezeroekin edo beste aliatu batzuekin elkartzeko.

Bisitak ere izaten dituzue, ezta?

Bai; kooperatiba taldearen jarduera ezagutzera etortzen dira asko. Kooperatibek bezero, hornitzaile zein aliatuak ekartzen dituzte, batzuetan, eta, beste batzuetan, euren kabuz etortzen dira politikariak, kazetariak, ikasleak, ikerlariak zein kanpoko kooperatibetako kideak. Atzean 3.000 lagun etortzen dira urtean, mundu osotik. Bi lankide ditugu euren jardun osoa horretan ematen dutenak, mundu osotik datozen pertsonei harrera egin eta gure esperientzia kooperatiboa azal diezaieten. Atzerritik datozenen profila eta jatorria askotarikoa izan daiteke. Azken egunotan, esaterako, Brasilgo eta Kaliforniako kooperatibistak izan ditugu, eta Txinatik eta Quebecetik beste bisita mota batzuk izan ditugu, baita Jaurlaritzatik ere.

Doaneko zerbitzua da ala ordaindua?

Otalora erabiltzearren, oro har, ordaindu egiten da: ikastaroak, gelen erabilerak, bazkariak…

Edozein motatako kooperatibek hartzen dute parte? Hau da, izan industrial edo zerbitzuetakoak?

Bai, noski; taldean era askotakoak ditugu eta denek hartzen dute parte.

MONDRAGONen balioak indartzeko ikastaroak dira?

Ikastaro batzuk beren beregi gure balioak eta izaera kooperatiboa lantzeko dira, eta besteetan, zeharka bada ere, gure izaera eta politika sozioekonomiala kontuan hartzen dira.

Datu batzuk ematearren: urtean zenbat enpresa eta zenbat langile pasatzen dira Otalorako zentrotik ikastaroak jasotzera?

1.400 pertsona inguru etortzen dira urtero arlo sozietarioko ikastaroetara, eta 800-1.000 artean komite zein foro espezifikoetara. Kanpotik etortzen diren bisitak, berriz, 3.000 inguru izan ohi dira urtero. Horrez gain, zenbakirik ez daukagun arren, gehitu behar dira kooperatibek euren kabuz antolatutako bilera edo lan-saioetara etortzen diren pertsonak. Denera, urtero hemendik pasatzen diren pertsona kopurua kalkulatzeko, Otalorako jantokian bazkari kopuruari erreparatzea besterik ez dago: aurten 12.500 bazkari ematea aurreikusten dugu. Bertara etortzen direnekin bakarrik dago irekita jatetxea.

Kooperatibista izaera, balioak, identitatea, ardurak, zereginak… ondo barneratuta daude gaur eguneko kooperatibisten artean eta kooperatibista horietako liderren artean?

Nik esango nuke momentu honetan badagoela kontzientzia kooperatiboaren biziberritze dinamika interesgarri bat, eta horretan gero eta hobeto gauzatzen dela. Gure aurreko erreferente guztiek azpimarratu izan dute izaera eta balio kooperatiboak etengabe lantzearen beharra. Horri jarraituta, aurten, 2025-2028ko aldirako politika sozioenpresarialean definitu ditugun lau ardatz estrategikoen artean berriz ere identitate kooperatiboa eta konpromisoa lantzea aukeratu dugu, balio kooperatiboak egunerokoan bizitzea. Beraz, kontua ez da orain ondo barneratuta dagoen edo ez, baizik eta beti izango dugula hori landu beharra. Balio kooperatiboak, interes kolektiboa, elkartasuna, ekintzailetza, erantzunkidetasuna, autogestioa… ez direlako gure gizartean modan dauden balioak, eta, kontzienteki eta sistematikoki landu ezean, zaila da konpromiso eta atxikipen ideologiko maila egokia mantentzea.

Zeintzuk dira, egun, zure esperientzia kontuan hartuta, MONDRAGONeko kooperatibetako arduradunen kezkak?

Gure egunerokoan kooperatibatiko kooperatibara kezka mota ezberdinak ditugu: batzuk euren proiektuaren bideragarritasunarekin kezkatuta egon daitezke eta beste batzuk, aldiz, proiektu berriek eta hazkunde erronken sortzen dituzten zailtasunekin. Baina burua altxa eta taldea bezala aurrera begiratuta, politika sozioenpresarialean definitutako erronka eta ardatz estrategikoak dira gure kezka nagusiak.

Zeintzuk dira definitu dituzuen erronka horiek?

Gure kooperatibek, bakoitzak bere arloan, lidergo posizioak lortzea, lehiakorragoak eta kooperatiboagoak izanez; modu horretan lortuko dugu lanpostuak mantendu, sortu eta aberastasuna banatzea eta Euskal Herriaren eraldaketa sozialerako funtsezko eragile izaten jarrai-tzea. Horretarako, balio kooperatiboak indartu, gobernantza hobetu, negozioak eraldatu eta zentzu guztietan jasangarri bihurtu nahi dugu, interkooperazioa indartuz eta sare berriak sortuz. Hori guztia, inpaktu soziala handitu eta hurrengo belaunaldiei ondare hobea eskaintzeko. Gai horiek nola landu eta lortu da gaur dugun kezka nagusia. Gaur egun, kontziente gara aurrean daukagun lana handia dela, baina lantaldeetan ilusio eta konpromiso maila handia ageri da. Beraz, bagabiltza. Eta jarraituko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak