Kooperatibak: gehigarri berezia

ERKOP: 30 urtez nekazaritza elikadura indartzen

Babestutako edukia 2024ko urr. 31a, 09:00

Nekazaritza elikaduraren arloan lan egiten duten lau kooperatibaz osatutako taldea da ERKOP. Lehen sektoreko kooperatibak indartzeko aliantza estrategikoa osatzen dihardute duela 30 urte baino gehiago, eta hazten jarraitzeko asmoa dute.

ERKOP kooperatiba talde bat da, 1993an sortu zena, Auzo Lagunekin batera nekazaritzako elikagaien bost kooperatibaren proiektu komuna bilduta. Hiru hamarkada geroago, bilakaera nabarmena izan duen arren, jatorrizko proiektuak bere horretan jarraitzen du eta indartu egin berri da, Etorkizuneko ERKOP ikuspegi bateratuarekin. Artikulu honetan, gaur egun bazkide diren lau kooperatibetako gerenteak bildu dira. Oro har, lau errealitate desberdin dira, eta gure herrialdeko nekazaritzako elikagaien sektorea bultzatzeko konpromiso bateratua dute.

1963an sortutako MIBA pentsu-kooperatiba da horietako bat. "Baserritar pila baten artean muntatu zuten", azaldu du kooperatibako gerente Iosu Ogizak. "Arrasate inguruan kooperatiben loratzea izan zenean, baserritar batzuk nekazaritza-kooperatibak ere sortzen hasi ziren, eta testuinguru hartan sortu zen MIBA ere, Markinan (Bizkaia). Baserritarrak elkartu ziren indar handiagoa izateko eta zeuzkaten gabeziei aurre egiteko. Baserri tar asko zeuden, baina, orain nekazaritzatik bizi den jende gutxiago dagoenez, bazkide gutxiago dago", azaldu du. Geroago erabaki zen kooperatibako langileak ere bazkide izatea, eta handik aurrera bazkide eta baserritarrez osatutako kooperatiba bilakatu zen. Gaur egun, oraindik baserritarrek daukate kooperatibaren %51. Animalientzako pentsuak ekoiztu eta saltzea da MIBAren jarduera nagusia; behi, ahuntz, ardi zein oiloentzako pentsuak egiten dituzte. Horrez gain, orturako tresnak zein bertako beste produktu batzuk saltzen dituzte zabalik dauzkaten lau dendetan.

Etxebarrian kokatuta dagoen MIBA kooperatibaren lantegia.

Kooperatiba, eskutik eskura

BARRENETXE kooperatiban, berriz, ortuariak ekoizten dituzte, berotegietan zein aire librean. "Ortugintzan zebiltzan zailtasunak zeuzkaten ekoizpenean eta distribuzioan, eta 1980an lan-kooperatiba bat sortzea izan zen zeregin haiek modu antolatuagoan egiteko bidea", adierazi du Iosu Arrizabalagak, BARRENETXEko gerenteak. Hain zuzen, lana kooperatiba baten bidez antolatzeak langileentzako baldintza hobeak ekarri zizkien, Arrizabalagaren esanetan. "Orain, aukera daukagu lana era antolatuan egiteko, ordu-tegi batzuekin eta oporrekin. Beste era bateko nekazaritza-enpresekin alderatuta, bizi-kalitate ezberdina da". Kooperatibak daukan ibilbidea ere azpimarratu du: "Eskutik eskura igaro da kooperatiba pare bat belaunalditan. Gure helburuetako bat da generazio batek hurrengoari lana ahal den era hoberenean uztea". Era berean, ingurua ere hurrengo belaunaldietarako ahal den modu onenean uztea da euren printzipioetako bat, eta, horretarako, nekazaritza iraunkorraren aldeko apustua egin dute. Hain zuzen, nekazaritza praktikak onak saritzen dituen Globalgap ziurtagiria eta ekoizpen naturala bermatzen duen PI egiaztagiria dauzka.

Esnegintzaren sektorean leku berezitua dauka, berriz, BEHIALDEk. Aramaioko lurretan dago kooperatiba hori, eta egunero esnea ematen dieten 450 behi dauzkate, baina guztira gehiago dira abelburuak: 520 behi nagusi hazi dituzte, eta haiek ordezkatzeko beste 500 biga ere badaukate. 320 hektareako lurretan hazten dituzte behi horiek, aire zabalean, eta hori da, hain zuzen, bereizten dituen ezaugarria, Gorka Berrio bertako gerenteak esan duenez: "Esnegintzako enpresen %95ek behi ukuiluetan izaten dituzte, instalazio geroz eta bereizita, kanpora atera gabe. Guk, ordea, artzaintza egiten dugu; larreetara atertzen ditugu behiak, eta egunean bi aldiz sartzen ditugu barrura: batzeko eta pentsua emateko". Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mota horretako artzaintza egiten duten enpresa handiena da BEHIALDE, baita txandakako artzaintza birsortzailea egiten duten tamaina horretako bakarra ere. Kaiku kooperatibako kide ere badira, eta haiei bideratzen diete esnea, haiek produktuaren eraldaketa eta banaketa jarduerak egiteko.

BEHIALDEko behiak, Albinako larreetan, Aramaion.

Ausolan, ordea, 17 emakumek sortu zuten, 1969an. Garai hartan, emakumeek, ezkondu ondoren, utzi egiten zion lan egiteari, eta edozein jardueratan aritzeko senarraren baimena behar izaten zen. 17 emakume haiek erabaki zuten, beraien ekimenez. Kooperatibaren jatorriak berdina izaten jarraitzen du oraindik; horrek definitzen du Ausolan. Taldeko zuzendari nagusi Laura Rodriguezek adierazi duenez, "emakume haien ausardia" 11.000 profesionalez osatutako talde batean proiektatzen da gaur egun, gehienak andrazkoak. Otorduak prestatzeko zerbitzua ematen zuten hasieran, eta gaur egun ere hala diraute. Eskoletan, enpresetan zein sektore soziosanitarioan ematen dute jaten, besteak beste, eta gourmet atal bat ere jarri dute martxan. Horrez gain, garbiketa zerbitzuak ere eskaintzen ditu. "Konpromiso handia dugu bertako sektoreak garatu eta indartzearekin; hurbiltasuna da gure printzipio garrantzitsuenetako bat", dio Rodriguezek.

AUSOLANen irudi bat; barazkiak sukaldean egiteko gertu.

Lehen sektoreari bultzada

Guztiek diote onura ugari ekarri diela ERKOP taldean biltzeak. MIBAko Ogizak, esaterako, taldeak "indarra" ematen diela esan du: "Gure arloan kooperatiba txikiek indar gutxi daukate, baina, haiek elkartu eta talde bat sortuta, indar handiagoa hartzen dugu. Batetik, ematen dugun irudia hobetu egiten da eta eraginkortasun aldetik ere gauza asko elkarrekin egiteko aukera ematen digu. Guztion onerako da". Gainera, gehitu du taldean nekazaritzako elikagaien sektoreko beste kooperatiba batzuk sartu daitezkeela, abantaila horiez probesteko. Bat dator BARRENETXEko kide Arrizabalaga ere: "Logikoena da horrelako talde bat sortzea; izan ere, taldean sektoreko beste kooperatiba batzuekin lan egiteak sinergiak sortzeko aukera ematen digu". Berriok nabarmendu du "garrantzitsua" dela era horretako talde bat sortzea, eta Rodriguezek azaldu du kooperatiba ezberdinak izan arren "osagarriak" direla elkarren artean: "Uste dut duela 30 urte baino indar handiagoa dugula orain, eta bide horretan jarraituko dugu, beste batzuei ere ateak zabalduta".

BARRENETXE kooperatibaren negutegi bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak