Debagoiena, beldurgarri gaur

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 31a, 08:00

Ihes-gela Aretxabaletako udaletxe zaharrean.

Duela urte batzuetatik hona, arrakasta izaten ari da Euskal Herrian Gaba Baltzaren berpizkundea. Urriaren 31n ospatzen da, eta Debagoienean ere hainbat ekintza antolatu dituzte. Bailarako ekintzen agenda, albiste amaieran.

Halloween ospatzen dute AEBetan, baina Euskal Herrian ere bada Arimen Gauaren inguruko ospakizunik; aspalditik, gainera. Gaba Baltza dauka izena, eta Euskal Herri osoan egin da ospakizuna berpizteko lana; Debagoienean ere erritu zaharrak berreskuratu, eta herri batzuetan beste berri batzuk ere sortu dituzte egun horretarako.

Antzuolan, lehen aldiz

Antzuolan, berriz, 18:00etan hasiko dira haurrentzako ekintzak, eta ekitaldia egingo dute 19:10 aldera, Herriko Plazan. Halloween jaiaren izaera anglo-saxoia, hein batean, albo batera utzi eta Euskal Herriko ohiturei bide emateko asmoz, antzuolarrek Gaba Beltza ospatuko dute lehen aldiz. "Sormen batzordean atera zen iaz ideia, baina ez genuen aurrera egin; aurten, ordea, bai: Gaba Beltza ospatuko dugu", adierazi du Jone Larrañagak, Antzuolako Udaleko Kultura teknikariak. Herriko beste eragile batzuek ere bazeukaten ideia buruan, eta, azkenean, Udalak, Idolaz Aisialdi Taldeak, Helburu Akademiak eta Bergarako Musika Eskolak antolatu dute elkarlanean jaia.

Lanketa berezia Elgetan

Elgetan ere lanketa interesgarria egin dute. "2021ean lanketa bat egiten hasi ginen. Argi geneukan jai herrikoi bat izan behar zue-la, eta eragileekin prozesu bat hasi genuen: ludoteka, Udala, eskola, guraso elkartea…", azaldu du Geaxi Ezpeletak, liburutegiko arduradunak. "Indibidualismoaren aurka egin nahi izan genuen; hau da, mozorroak urtero eroste horri aurre egin, eta lortutakoa guztien artean banatu zezaten", esan du Ezpeletak.

Gaur, esaterako, 18:00etan elkartuko dira umeak, eta taldeei erronka bat proposatuko diete: koreografia bat egitea, kantu bat ikastea edo bertso bat botatzea, esaterako. Aurtengo beste berritasun bat ere nabarmendu du Ezpeletak: Josu Ozaitaren Gau Beltza liburua irakurri dute LH-4, LH-5 eta LH-6 mailetako haurrek, eta Ozaitarekin lanketa bat egin dute aste honetan Gaba Baltzari buruz liburutegian.

Aretxabaletan, ihes-gela

Aretxabaletan eskea eta Arimen Gaua girotzeko ekitaldia antolatu dute gaurko, baina, horrez gain, urtero arrakasta berezia izaten duen ekintza ihes-gela izaten da. Loramendi elkarteko Loratu aisialdi taldeak sortu zuen, 2020an. Ordutik, urtero istorio bat asmatzen dute ihes-gelarako, eta parte hartzaileek istorio horri konponbide bat eman beharko diote eremutik irteteko. Aurtengo ekimenaren kasuan, arimak izango dira protagonista. Zehazki, bi andrazkoren arimak. "Horietako bati lagundu beharko diote parte hartzaileek", esan du Sanchezek. Aretxabaletako hainbat lekutan egin izan dute ekimena azken urteetan, baina azken hiru urteetan udaletxe zaharrera aldatu dute ekintza, Sanchezek azaldu duenez. "45 minutu izango dituzte konponbidea aurkitu eta gelatik irteteko". Jadanik "tradizio" bihurtu da ihes-gela Aretxabaletako Gaba Baltzean.

Kukumarroak ere pertsonaia esanguratsuak dira Debagoieneko hainbat herritan. Aretxabaletan gaueko protagonistetako bat bihurtu da azken urteetan. Kukumarroek Arimen Gaua irudikatzen dute, eta aurpegi zuria, begi beltzak eta lastozko kapela eta alkandora koadroduna eraman ohi dituzte. Kalean eskean ibiltzen dira.

Eskoriatzan, beldurrak sutara

Eskoriatzan, behin Gaba Baltzaren tradizioa berpiztuta, beste helburu bat jarri dute aurten: haurren jai izateari utzi eta herritarren jai bihurtu nahi dute. Iaz sortu zuten beldur-harrapakarien figura indartu nahi dute horretarako. Pertsonaia ilunak dira, guztien beldurrak batu eta sutan erretzeko ardura dutenak.

Haurrentzako ginkana-eskea izango da gaur, 17:30ean. 8 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute, eta herrian zehar egindako ibilbide bat izango da, istorio bati jarraiki eta hainbat proba gaindituta bete beharko dutena. Gainditzen den proba bakoitzeko gozokiak eskuratuko dituzte. Aldi berean, gaztaina erreak eta makillaje txokoa ere egongo dira Fernando Eskoriatza plazan. 18:00etan, berriz, 3 eta 7 urte bitarteko haurren familiei zuzendutako eskea izango da.

Horren ondoren egingo dute beldur-harrapakarien ekitaldia, arratsaldeko zazpietan. Haurrek nahiz helduek paperean idatzi edo margotuko dituzten beldurrak batu eta sutan erreko dituzte. Dantza taldeko kideek eta bertso eskolakoek girotuko dute ekitaldia. Bukatzeko, zezensuzkoa ibiliko da plaza inguruan eta Jose Arana kalean.

Oñatin, beldurrezko zirkuitua

Oñatin, gaztelekuak antolatu du Felixa etorri dela eta… saio berezia. Hamabost laguneko taldeetan sartzeko aukera egongo da beldurrezko zirkuituan. Horrez gain, baina, bada Oñatiko Gaba Baltzean beste zirkuitu berezi bat: 2019an sortu zitzaion ideia Oñatiko aita-ama kuadrilla bati; haien umeentzako beldurrezko ibilbide bat antolatzen hasi ziren etxean, ume asko gozokiak eskatzen ibiltzen zirela ikusita. Urtez urte geroz eta ume gehiago hurreratzen joan ziren. Iaz, haien etxeetatik atera eta beldurrezko zirkuitua Oñatiko kantoi batean egiten hasi ziren ibilbidearen sortzaileak, eta aurten, azkenean, Santana antzokian egingo dute beldurrezko zirkuitua, komentuan bizi ziren mojen inguruko istorio bat oinarri hartuta.

Aramaion, kanposantura

Aramaion gaurko egitaraua antolatu dute Txirritola euskara elkarteak, guraso elkarteak, Aramaixo Herri Eskolak eta Udalak: 16:30ean, aurpegi margotzea eta eskulan tailerra egongo da kultura etxean; 18:30ean beldurrezko ipuin kontaketa izango da, HHko umeentzat liburutegian eta LHn daudenentzat kanposantu zaharrean; 19:30ean, kalejira beldurgarria; eta 20:15ean, edabe magikoa eta musika herriko plazan.

Arrasaten, Arimen Biltzarra Arrasaten ere kukumarroekin eta Ilargitxorekin batera egingo dute Arimen Biltzarra ibilbidea, 18:00etan hasita. Udalak herritarrak animatu ditu baserritarr edo kukumarro janztera. Horren ondoren, DJ Putzu eta DJ Galtzagorri egongo dira gaztetxean, 00:00etan hasita

Bergaran, Bautista legenduna

Bergaran askotariko ekintzak prestatu dituzte eta lehenengo aldiz gozatu ahal izango da Musika Eskolako ikasleen dantza, kantu eta kalejiraz. Jardunek, Bergarako Udalak, San Joxepe elkarteak, Bedelkarrek, Bergarako Musika Eskolak eta Ugutz Toursek antolatu dute Gau Beltzako egitaraua. 17:00etan hasita, Xanduli, manduli... gozoki banaketa egingo dute Bedelkarreko dendetan, eta 18:00etan San Martin plazan txokolate-jana egingo dute San Joxeperen eta Jardunen eskutik. Hala, 18:15ean hasiko da Musika Eskolako ikasleek girotutako dantza, kantu eta kalejira. Azken urteetan bezala, Bautista legenduna Bergaran izango da eta bisita gidatua egingo du, 21:30ean euskaraz eta 23:00 gaztelaniaz. Jardunek mozorrotzeko dei egin du.

GAURKO EKINTZAK

 

Antzuola

  • 18:00, Altxorraren bila, Herriko Plazan.
  • 19:00, Hilerritik jaitsiera. Norberak bere kandela eraman dezala.
  • 19:10, Ekitaldia plazan: txalaparta, musika eskolako haurren abesbatza eta Mila Etxezarreta kondairak kontatzen. Ondoren, beldurrak erretzea.

Aramaio

  • 16:30, aurpegi margoketa eta eskulan tailerra kultura etxean.
  • 18:30, ipuin kontalaria, HH liburutegian eta LHn kanposantu zaharrean.
  • 19:30, kalejira beldurgarria.
  • 20:15, edabe magikoa eta musika herriko plazan.

Aretxabaleta

  • Arratsalde partean eskean jardungo dute neska-mutikoek dendarik denda
  • Ondoren, Arimen Gaua girotzeko ekitaldia izango da Jaiki elkarteko dantzarien laguntzarekin.

Arrasate

  • 18:00, Biterin Arimen biltzarraren hasiera. Ilargitxorekin batera Monterroneraino kalejiran joango dira, Doke antzerki eskolak kale antzerkia eskaintzen duen bitartean.
  • Eguna amiatzeko DJak gaztetxean Ttak taldearen eskutik, DJ Putzu eta DJ Galtzagorri egongo dira

Bergara

  • 17:00, Xanduli Manduli abestu eta goxokiak banatuko dizkiete neska-mutikoei.
  • 18:00, txokolate-jana izango da San Joxepekoen eta Jardunen eskutik.
  • 18:15, dantza kantua eta kalejira egingo dute Musika Eskolako ikasleek San Martin plazan, Fraiskozurin eta Iralan.
  • Gauean, Bautista Legenduna antzeztutako bisita gidatua (21:30ean, euskaraz, eta 23:00etan, gaztelaniaz).

Elgeta

  • 18:00, puska batzea taldeka.
  • 19:00, taldeen topaketa eta festa frontoi zaharrean.
  • 20:30, ipuin kontaketa LH5etik aurrerako neska-mutikoendako Kantoiko baserri aurretik abiatuta.

Eskoriatza

  • 17:30, Ginkana-eskea.
  • 17:30, Gaztain erreak eta makillaje txokoa.
  • 18:00, eskea.
  • 19:00, ekitaldia plazan. Festa amaitzeko, zezen-suzkoa plaza inguruan eta Jose Arana kalean.

Leintz Gatzaga

  • 18:00, aurpegiak margotu ostean kalera aterako dira umeak eskean aritzeko etxez etxe.  
  • 19:00, Altxorraren bila jokoa
  • Amaitutakoan, afaria Toki Eder elkartean.

Oñati

  • 16:30ean hasita, Felixa etorri dela eta... ikuskizuna gaztelekuan. Gehienez 15 laguneko taldeak. Bulegoan eman behar da izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak