Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea du erronkatzat laugarren edizioak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 24a, 19:30

Laugarren Euskaraldiaren aurkezpena.

Elkar mugituz egingo dugu lelopean, 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldia, eta gaur aurkeztu dute Iruñean. Antolatzaileen hitzetan, belarriprest eta ahobizi rolei eutsiko diete, eta arreta jarriko dute Euskaraldiak gizarteratu eta arau sozial bihurtu nahi dituen hizkuntza-portaeretan.

Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea du erronkatzat ekimenaren laugarren edizioak, "Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldi bat" egitea, ez dadin izan egun jakinetara bakarrik mugatzen den ariketa sozial bat. "Euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna, bide eta modu masiboena da; hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozialtzat duen eraginkortasuna aski frogatuta geratu da edizioz edizio egin izan diren ikerketetan", azaldu du Goiatz Urkijok, Euskaraldiko koordinatzaileak, "kanpaina huts bat" izateaz harago, Euskaraldia "ariketa sozial bat" delako: "Euskararen erabilera bideratzeko ahaleginean ezinbestekoa da, baina ez nahikoa. Horregatik proposatu dugu reset egitea, berrabiaraztea".

2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldia, eta gaur arratsaldean egin dute laugarren edizioaren aurkezpena Nafarroako Antzerki Eskolan, Iruñean. Ekimenak izango dituen ezaugarri nagusien berri eman dute, eta han izan dira erakunde, gizarte eragile, enpresa eta herri batzordeetako ordezkariak zein dozenaka herritar, hainbat lanean hasiak baitira dagoeneko euskararen erabilera aktibatzeko eta dinamika soziala indartzeko; horretarako, esate baterako, Euskara aktibatzaileen gida-liburua dute esku artean, "mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko hainbat gako" ematen dituena: "Herritarrena aktibaziorako modu berriak proposatzen ditu".

Aktibazioa, mugimendua eta emozioak

Elkar mugituz egingo dugu izango da Euskaraldiaren datorren urteko edizioaren leloa, eta erreferentzia egiten dio "aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan duen eraginari", Urkijoren esanetan: "Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz". Azaldu duenez, lehen hitzetik euskaraz eginez gero, mugitu egiten dira solaskideak eta, oro har, gizartea, baina baita emozioak ere: "Sakontasun emozional kolektiboa du Euskaraldiak. Milaka eta milaka herritarrek, aldi berean, Senperen, Lizarran eta Bilbon, euskararen aldeko urratsa egiten dute, euren nahiak, erronkak eta aldarriak batuz. Hunkigarria da, ilusioa pizten du, eta badu epikatik ere, mundu osoan ez baita egin halako ariketa sozial masiborik". Are gehiago, erantsi du ariketa hori "gozamenetik" ere egin daitekeela, "euskaraz bizitzeko gogoz ari den komunitate bat garela sentituz eta ospatuz".

Horretarako, ordea, herritarren parte-hartzean jarri dute arreta antolatzaileek, eta hori ahalbideratu dadin, ahobizi eta belarriprest rolak mantentzea erabaki dute, txapak ahalbideratzen duelakoan ariketa bera: "Norberaren hizkuntza-portaera zein izango den adierazten du, noiz eta norekin egingo dugun euskaraz, eta batez ere, ingurukoei mezu argia bidaltzen die: nirekin egizu euskaraz, lasai". Hala, arreta berezia jarriko dute Euskaraldiak gizarteratu eta arau sozial bihurtu nahi dituen hizkuntza-portaeretan, hala nola lehen hitza euskaraz egitea, elkarrizketa elebidunetan euskarari eustea, eta euskaldunek, euren artean, beti euskaraz egitea.

Izen-emateari dagokionez, Euskaraldian parte hartuko duten herriek lehen urratsak egin ondoren, entitateen txanda da, gaurtik aurrera zabalik baitute izen-ematea; herritarrena, aldiz, martxoan izango da.

Elkarlana da oinarri

Euskaraldia, ordea, ez da ezerezetik sortzen, Urkijok azpimarratu baitu elkarlana dutela horretarako bide, Euskaltzaleen Topaguneak, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak osatzen baitute Koordinazio Mahaia. "Euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar ditu, denok batzen eta mugitzen gaituztenak, baina horrekin batera, euskarak gizarte mugimendu indartsu bat behar du", aipatu du Irati Iciarrek, Topaguneko lehendakariak, "herrigintzatik eta komunitategintzatik euskararen erabilera eta euskaltzaletasunean sustatzeko modu berriak berrasmatu" beharra dagoela azpimarratuta.

Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, herritarren eta erakunde publikoen eskutik emandako aurrerapausoetan azpimarra egiteaz gainera, nabarmendu du "euskararen erabilera sozialean jauzia" egin behar dela, eta lanean jarraitu beharra dagoela "lan munduan eta aisialdian euskaraz aritzeko". Ana Ollok, bestalde, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta Memoria eta Bizikidetzako eta Euskarako kontseilariak, "ekimen handi honen bihotzari" erreparatu nahi izan dio: "Alegia, elkarlanari. Edizioz-edizio errotuz joan da, eta esan daiteke aro berri bati hasiera eman zaiola". Azkenik, Maider Behoteguy, Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria, bat etorri da ariketaren baliagarritasunarekin, erantsiz "belarriprest hasiberritzat" arituko dela: "Zuen aitzinean naiz, euskararen aktibazioan parte hartzeko ikasle eta hautetsi gisa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak