Gustura. Halaxe agertu da Peryferyka ekoiztetxeko Zihara Etxebarria saria irabazi berritan. Ia urtebete eman dute Larramendi ekoizten eta dio egindakoak epaileen aldetik errekonozimendua izatea apartekoa dela.
Benito Ansola saria 2000. urtetik aurrera jaio direnek egindako ekoizpenei ematen zaien saria da eta Zilarrezko Antzarra nahiz 1.000 euro jaso dituzte. Espero al zuten galdetuta, honakoa azaldu du Etxebarriak: "Esperantza txikia genuen, baina maila altua zegoen. Esaten genuen zerbait irabaztekotan maila honetan irabaziko genuela, eta horrela egin dugu. Dena den, esperientzia ona izan da hautatuak izan eta Lekeitiora joatea asteburua pasatzera. Plusa izan da irabaztea. Asteburu polita izan da etxekoekin astebururukoa bizitzea eta hori izan da saririk handiena. Etxean bezala sentitu gara".
Bat epaimahaiarekin
Ainara Elgoibar zinegileak, Martxelo Rubio aktoreak eta Nerea Ibarzabal bertsolariak osatu dute epaimahaia eta haiek balorazioan nabarmendu dute debagoiendarren istorioa bitxia dela, eta irudi-efektu interesgarriak erabili dituztela eta ados agertu da Etxebarria.
Berak idatzi du gidoia taldekideekin adostuta, eta azaldu du denboraren bueltan hausnartu nahi izan dutela belaunaldi ezberdinen arteko elkarrizketak erabiliz. "Denborak jauziak erabili ditugu eta bada, filmean behin baino gehiagotan errepikatu den esaldi bat: Denbora urrea da, berunak beste pisatzen hasten den arte", dio.
Larramendi-n kontatzen den istorioa tradizionaltzat definitu du, baina postprodukzioan –Daniel Nespeira arduratu da– behar zuen bultzada eman diotela gaineratu du: "Gidoia trinko eta estatikoa da, baina falta zaiona postprodukzioan eman diogu. Harrigarriena amaierakoa da. Trantze-bisual azkar horiekin fotograma gutxitan sentimendu pila kontatzen dira".
Ikus-entzunezkoa ikusgai dago YouTuben. Martxoan Arrasateko Amaia antzokian bota zuten, eta jakinarazi dute proposamenak luzatu dituztela inguruko zinemetara.
Bosgarren lana eskuartean
Irabazi asmorik gabeko ekoiztetxea da Peryferyka eta irabazi dutena grabatzea amaitu berri duten ikus-entzunezkoa finantziaziora bideratuko dute. Azken lan horretaz, aurreratu du Donostian grabatu dutela eta datorren urteko udaberrian edo udan ikusiko duela argia.