Ohikoa da Kataluniara joan eta herrietako festetan gizakiek osatutako dorreak ikustea. Castells izenez ezagutzen dira giza dorre horiek, eta Kataluniako betiko ohitura dena Euskal Herrira ere iritsi da. Duela hilabete batzuk iritsi zen ekimena, eta txoko askotariko jendea batzen joan da taldera, Kataluniako ohiturak Euskal Herrian ere indarra hartu dezan. Taldea osatzen dutenen artean hiru debagoiendar daude: Aitor Zengotitabengoa bergararra, Eritz Campos oñatiarra eta Eduard Ferrer, duela urte batzuetatik Oñatin bizi den kataluniarra. Atzerrian badaude giza dorreak egiten dituzten hainbat talde, baina ez zen Euskal Herriaren kasua, orain arte. Zengotitabengoak dio Euskal Herrian colla –giza dorreak egiten dituzten taldeak– propio bat ez izateak bultzatu zituela taldea sortzera: "Harritzekoa dirudi Euskal Herriak colla propiorik ez izatea. Hori bera pentsatu zuen Euskal Herrian bizi den kataluniar talde batek, eta, hartara, lanean hasi eta, inguruko euskaldun batzuengan piztutako interesa ikusita, casteller talde bat martxan jartzea erabaki genuen".
Euskal Herriko Casteller Taldea, entsegu batean. Argazkia: Aitor Zengotitabengoa.
Taldea osatzen
Euskal Herriko Casteller Taldea edo, katalanez, Colla Castellera d'Euskal Herria, du izena sortu berri duten taldeak. Gaur egun "100 pertsonatik gorako Whatsapp talde bat" dute, eta "entsegu orokorretan 30-40 pertsona" batzen direla dio Zengotitabengoak. "Elkarte bat" sortu dute eta euren helburu nagusia "Kataluniako kultura ezagutaraztea" dela dio bergararrak. Gaur-gaurkoz, entseguetan murgilduta daude, eta Zengotitabengoak aprobetxatu nahi izan du taldea ezagutu berri dutenak entseguetan parte hartzera animatzera: "Eguaztenetan Donostian eta eguenetan Bilbon elkartzen gara, 19:00etan. Bestalde, domeka goizetan entsegu orokorrak egiten dira astero, Euskal Herriko hainbat tokitan. Urriaren 27rako Oñatin egingo dugu hitzordua: eguraldi ona bada, Foruen Enparantzan izango da; txarra bada, Zubikoa kiroldegiko frontoian –informazio gehiago, Instagram eta Whatsapp komunitateetan–".
Etorkizuna egonkortzen
Lehen taldetxoa eratuta eta entseguekin hasita, "hazia landatuta" dagoela dio Zengotitabengoak. Orain, "taldea pixkanaka koskortzen joateko ahaleginak egiten" ari dira, "parte-hartzaileen teknika hobetuta eta taldera pertsona gehiago batzen. Etorkizunerako emanaldiak lotzen ere hasi gara, eta Kataluniako zein Europako casteller-ekin harremanetan jarri gara ekitaldi bateratuak sortzeko".