Kasu batzuetan moldaketekin, baina aurrera egingo du erreka garbiketak, Oñatin izan ezik

Julen Murua Mesonero 2024ko urr. 18a, 07:00

Iaz egindako erreka garbiketa, Aretxabaletan.

Astean zehar egin dituzte Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean egitasmoaren gaineko ekintzak, eta bihar, zapatua, dira egitekoak egitasmoko azken ekintza: erreka garbiketa. Asteko euri-jasak eraginda, herri batzuetan eguneko egitaraua moldatu behar izan dute; beste kasu batzuetan ez dute oraindik behin betiko erabakirik hartu; eta Oñatiko ekimenaren kasuan, bertan behera geratuko da "aukera ezberdinak baloratu ostean, parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko".

Egutegian gorriz margotutako eguna izaten da askorentzat Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean egitasmoaren eguna; aurten ere, bailarako ia herri guztietan izango dute erreka garbiketen gaineko hitzaldiak, solasaldiak eta, nola ez, errekak garbitzeko hitzorduak. Iazko datuen arabera, bailaran 4.180 kilogramo errefus batu zituzten erreketatik 600 lagun ingururen artean, eta aurten ere parte hartzea handia izatea nahi dute antolatzaileek. Eguraldiak eragin handia izango du erreka garbiketan; izan ere, badago garbiketa bertan behera geratzeko, garbiketaren ordez beste ekintzaren bat egiteko edo guztiak normaltasunean jarraitzeko aukera. Ondo bidean, zapatu goizean irtengo dira debagoiendarrak euren herrietako errekak garbitzera, eta, ekimenaren azken hitzordu nagusia hori bada ere, hitzaldiz, ikus-entzunezkoz eta bisitaz osatutako aste osoko egitarau bateratua sortu dute ekimenaz arduratzen diren herrietako koordinatzaileek.

Aldaketak Bergaran

Euria mardul egin du azken orduetan eta Deba ibaia asko hazi da. Ondorioz, ezingo direla ibaira sartu adierazi dute Bergarako lantaldeko kideek: "Arriskutsu egon daiteke hainbat zatitan. Hori dela eta Erreka Auzolan Batzordeak erabaki du aldaketak egitea eta errekan sartu beharrean inguruko puntu beltzak garbitzea".

Deba ibaiaren inguruko puntu beltzak garbituko dituzte lau gune nagusitan banatuta:

  • Erdigunea: Santa Marina eliza ostetik autobus geltokiraino. Urtero ertzean pilatzen den zaborra batuko da errekara sartu gabe. (Gazte eta helduak arituko gara). 
  • Labegaraieta-Angiozar ingurua: aparkalekuetako urteetan pilatutako zikinkeria, Angiozar bideko osinak eta abar garbituko dira errekara jaitsi gabe. 
  • Amillaga ingurua: Eroski eta Agorrosin inguruak. 
  • Usondo parkea: txikien gunean ingurua garbituko dute.

Hainbat ekintza egingo dira ume eta familiekin batera: "Hemen hasten da itsasoa plaka jartzea umeekin eurekin Usondon, Oxirondon eta frontoian. Kukubaso elkartearen eskutik erreka ekosistema ezagutuko dugu. Eta Beti Bustiko piraguistei harrera egingo diegu".

Seminarioko patioan eta Labegaraietako kiroldegian 09:30ean elkartuko dira: "Bertan taldetan antolatuko gara eta puntu beltzak garbitzeari ekingo diogu". Usondon, haur eta familia gunean, ostera, 11:00etan. "Beti Bustiko kideak piraguatan sartuko dira Deba ibaian eta ahal duten neurrian garbitu egingo dute". 

Bergaran 150 lagunek eman dute izena auzolanerako eta antolatzaileak pozik agertu dira. Horiei guztiei, ibaian ez sartzeko eta segurtasuna zaintzeko eskatu diete: "Ez hartu alferrikako arriskurik. Zerbait ikusiz gero argazkiak atera eta lokalizazioak hartuko ditugu".

Behin lanak bukatuta, 13:00etan, mokadutxoa eskainiko diete lanean jardundakoei eta argazkia aterako dute elkarrekin. Gainera, auzolaneko zuzeneko irratsaioa egingo du Txapa irratiak (Labegarietan eta Seminarioan).

Herriz herriko agenda

Bailara mailako ekimen bat izan arren, herri bakoitzak barne antolamendu bat du. Horrek eragiten du garbitu beharreko zatia, elkartzeko tokia eta ordutegia ezberdina izatea toki guztietan. Hemen herriz herriko erreka garbiketen hitzordua:

  • Antzuola: Aurreko asterako egin zen deialdia.
  • Aramaio: 9:30ean Bizente Goikoetxea plazan. Egunean bertan erabakiko da errekako zer zati garbitu. Ondoren hamaiketakoa egongo da erretiratuen egoitzan.
  • Aretxabaleta: 9:30ean elkartuko dira Herriko Plazan. Errekaren tarte ezberdinak garbituko dituzte: Errotabarri-Txakoli tartea eta Arbizelai-Txakoli tartea. Jasotako zaborra bereiziko dute eta auzolana amaitutakoan hamaiketakoa eskainiko diete garbiketan jardundakoei.
  • Arrasate: 9:30ean abiatuko dira hiru gunetatik: Elorregi, San Isidro eta Arizmendiarrieta plaza. Maiatzaren 1etik biribilgunetik Elorregira garbituko dute, Deba ibaia bakarrik.
  • Bergara: 9:30ean abiatuko dira bi gunetatik: Labegaraieta kiroldegia eta Seminarioko patioan. Taldetan banatuta puntu beltzak garbitzeari ekingo diote. 11:00etan Usondon elkartuk dira haur eta familiak garbitze lanetarako.
  • Elgeta: 11:00etan elkartuko dira plazan Asentzio garbitzeko. Ondoren luntxa egongo da.
  • Eskoriatza: 11:00etan abiatuta, erreka garbiketa eremuak agertzen den jende kopuruaren araberakoa izango da. Batez ere, Santa Ana auzotik Bibliotekara arteko zatian ibiliko dira eta aurten uraren kalitate fisiko-kimikoaren azterketa txiki bat egingo da.
  • Leintz Gatzaga: Eusebio Villarren heriotza dela-eta, atzeratu egingo da. Oraindik ez dago zehaztuta zer egunetan egingo den. 
  • Oñati: 10:00etan batuko dira Herriko Plazan eta bertaratzen den jende kopuruaren arabera erabakiko dute zer gune garbitu; nagusiki herriguneko tarteak garbituko dira. Ostean luntxa egongo da eta plazan ikusgai jarriko dute jasotako zabor guztia.

Antolatzaileek gomendatu dute "arropa zaharra" janztea eta "oinetako egokienak mendiko bota zaharrak edo zapatila zaharrak" direla ere adierazi dute, "orkatilak ondo lotuta izan eta bihurrituak saihesteko".

Plakak erreka inguruetan

Erreka garbiketa dela-eta, eta gizartea kontzientziatzeko asmoz, Itsasoa hemen hasten da lelodun plakak jarriko dituzte bailarako erreka inguruetan, Lander Juaristi Debagoienean Errekak Bizi Auzolaneko arduradunetako batek jakinarazi duenez: "Bailarako erreka batzordean sortu zen ideia, eta Debagoien osoko ekimen bat da. Mankomunitatearen laguntzarekin sortu ditugu plakak".

Adituen hitzaldiak

Erreka garbitzeaz gain, beste hainbat ekintza ere izango dituzte; izan ere, taldeko kide Iker Agirrek dioenez, saiatu dira "ekintza bateratua izateaz gain egitarau bateratua ateratzen"; hala, nabarmendu nahi izan dute ez dela errekak garbitzea soilik, auzolanean egiten den eta kontzientziarako beste bide batzuk ere badituen ekimen bat baizik.

Besteak beste, hainbat hitzaldi egin dituzte astean, guztiak erreken egoeraren gainekoak. Joserra Diez EHUko irakasleak egin zuen Bergarako ibai-sarea nola hobetu? Hausnar dezagun elkarrekin hitzaldia martitze- nean. Bertan, "ibaien errestaurazioari buruz" hitz egin zuten, orokorrean hitz eginda, baina arreta Bergarako egoeran jarrita ere: "Bergarako egoera fisi- ko-kimikoa ezagutu dugu. Etorkizun baikorrerako baditugu arrazoiak. Baina zaborra jaso- tzearekin bakarrik ez da nahikoa; hausnarketa bat egin behar da ezagutzeko herri barruan, landa- eta mendi-eremuetan zeintzuk diren puntu berdeak –kontserbazio eremuak– eta zeintzuk puntu beltzak".

Aretxabaletan egin zuen hitzaldia Arturo Elosegi EHUko irakasleak, eta erreken garbiketa eta errestaurazioa izan zuen berbagai: "Duela hamarkada batzuk Deba ibaia ere egoera penagarrian zegoen, baina egindako inbertsioei eta lanei esker uraren kalitatea nabarmen hobetu da, eta orain arrainak daude ibai-sare osoan. Hala ere, uraren kalitatea hobetu ahala beste arazo batzuk bistaratzen dira, adarretan geratzen diren plastikoetatik ibilguaren kanalizazioetara. Horiek ere konpontzen hasteko garaia da, ibaiaren mesedetan ez ezik, biztanleen bizi-kalitatearen mesedetan ere izango delakoan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak