Udarako hilabeteetan gora egin ohi du langabeziak, baina aldi hori amaitzerako egonkortzeko joera izan ohi du; bada, horrela izan da aurten ere. Gipuzkoako Lan Behategiak emandako datuen arabera, 2.423 pertsona zeuden lanik gabe abuztuan Debagoienean, eta, orain, iraileko datuak aintzat hartuta, 2.329 dira: alegia, 94 pertsona gutxiago daude lanik gabe bailaran. Langabezia-tasa, berriz, %7,53koa da –%7,94koa zen abuztuan–.
Herrietako egoerari dagokionez, Antzuolan gora egin du langabeziak, abuztuan baino langabe bat gehiago (59) baitago. Gainontzeko herrietan, behera egin du langabeen kopuruak: Aretxabaletan, 195 daude, aurreko hilabetean baino 11 gutxiago; Arrasaten 1.074 dira, 28 gutxiago; Bergaran, 509 (-10); Elgetan, 27 (-9); Eskoriatzan, 156 (-8) eta Oñatin, 309 (-29). Leintz Gatzagan eta Aramaion ez da jakinekoa zenbat herritar diren lanik gabe daudenak, bost baino gutxiago direnean ez baitu datu zehatza ematen Lan Behategiak.
Kopuru absolutuez harago, ehunekoei erreparatuz gero, aurreko hilabeteetako egoerarekin alderatuta, ez dago ia aldaketarik, Arrasaten baitago langabezia-tasa handiena: lan egiteko eran dauden hamar biztanletik bat dago lanik gabe (%10,76) eta hurrenez hurren du Eskoriatza (%7,47).