Gaur amaituko dira Arantzazulab-ek antolatutako Demokraziaren Berrikuntza jardunaldiak. Euskal Herriko eta mundu mailako adituak elkartu dira bertan; tartean, Adam Kahane (Montreal, 1950), gatazken bitartekari eta bideratzailea. Kanadako Reos Partners erakundeko zuzendarietako bat da, eta munduko hainbat gatazkatan izan da bitartekari gisa; tartean, Guatemalan 1996ko bake-elkarrizketetan eta Hegoafrikan apartheidaren erregimenaren amaieran. Adituen esanak entzuteaz eta ondorioak emateaz arduratu da.
Zerk ekarri zaitu Euskal Herrira?
Ikasteko leku garrantzitsua dela uste dudalako nago hemen. Ulertu nahi ditudan gauzak, munduko jende gehienak ulertu nahi dituen gauzak, ulertzeko Euskal Herria oso adibide garrantzitsua dela esango nuke. Demokraziaren eta bizi izan dituzuen garai zailen inguruan dauzkagun galdera guztiei zuek ematen dizkiezuen erantzunak jakin nahi ditut. Euskal Herria oso garrantzitsua da ulermen motibazio horrentzat. Iraganean gertatutakoak erabiltzea eta etorkizunean pentsatzea; erantzun garrantzitsuak aurkitu daitezkeen lekua da hau. Ikasten zabiltzaten hori ikasi nahi dut, eta ahal dudan guztian ekarpen bat egin.
Zelatan animatu zara demokraziaren inguruko jardunaldi batzuetan parte hartzera?
Uste dut demokrazia berrikuntzarako eremu garrantzitsuena dela. Hemen, zein munduko beste lekuetan, aurre egin beharreko hainbat aldaketa, zailtasun eta erronka daude, baita aukerak ere. Ez dut interesik hauei indarkeriaren edo autoritarismoaren bidez aurre egiteko; interes handiagoa sortzen dit gai horiei modu baketsu eta demokratikoan heltzeak. Beraz, "Nola egin aurre gure garaiko zailtasunei?" galderari, demokrazia gaurkotuz erantzuten diot. Gai horrek sortzen dit jakin-mina orain.
Ezberdinen arteko lankidetzan zara aditua; nola harremantzen da hori demokraziarekin?
Eskerrik asko galdera hori egiteagatik, benetan. Gaur goizean, gosaltzen nenbilela, horretaz hausnartzen ibili naiz justu. Pentsatu ostean, erantzuna oso sinplea dela jabetu naiz: demokrazia kolaborazioaren forma instituzionalizatua da. Kolaborazioak elkarrekin lan egitea dakar, ez batek besteari zer egin behar duen esatea. Demokrazia elkarrekin lan egiteko modu horizontal bat da. Hau ad hoc egin daiteke; badakizu, gu biok kolaboratzen gabiltza orain, elkarrizketa hau aurrera ateratzeko. Hau gure egunerokotasunean egin dezakegu baita, familia harremanetan edo parte hartzen dugun antolakundeetan, esaterako. Baina honek forma instituzionalizatua izatea nahi baldin badugu, esango nuke hartzen duen forma demokrazia dela.
"Demokrazia kolaborazioaren forma instituzionalizatua da"
Nola eramaten da instituzionalizazio hori praktikara?
Bueno, neurri batean, hori da hemen ikasi nahi dudan gauzetako bat. Esango nuke orain indarrean dagoen demokrazia formak, izan Euskal Herrian, Espainian edo Kanadan, honi erantzuteko modu bat behar duela. Gu ordezkatzeko hautatzen ditugun pertsona batzuk ditugu, sortzen diren galderei bozketa eta eztabaida bidez erantzuten dietenak; beraz, demokrazia elkarrekin modu baketsuan lan egiteko modu bat dela esan daiteke. Demokrazia autoritarismoaren alternatiba da. Baina, honek duela 50, 100 edo 200 urte hartu zuen forma oraindik forma egokiena da? Zein da bizi ditugun garaiei modu egokienean erantzungo dien forma? Eskala handiagoko arazoei aurre egiten gabiltza, baita eskala txikikoei ere. Gainera, gauzak inoiz baino azkarrago doaz.
Demokrazia berri bat beharrezkoa da orduan?
Beno, esango nuke demokrazia berria baino demokraziaren eguneraketa bat behar dugula, baina ez dakit esaten hau nolakoa izango ote den. Esango nuke hau dela jardunaldien gakoetako bat.
Posible da ezberdinen arteko lankidetza erreal bat?
Egoera hauek beti ikusten dira ezinezkoagoak gatazkaren erdian zaudenean, gertu harrapatzen zaituztenean. Askotan, jendeak pentsatzen du: "Nola egingo dut nik lan hauekin? Ez du inolako zentzurik". Jendeak bestea oker dabilela pentsatzen du, elkarrekin lan egiteko modurik ez dagoela, baina errealitatea posible dela da, eta beharrezkoa dela, honen alternatiba biolentzia delako. Hau munduko hainbat lekutan ikusi dugu gertatzen; beraz, oso garrantzitsua da elkarrekin lan egiteko moduak bilatzen hastea, desadostasun ororen gainetik.
"Egoera hauek beti ikusten dira ezinezkoagoak gatazkaren erdian zaudenean, gertu harrapatzen zaituztenean"
Azalduko zenuke zure parte-hartzearen beharra izan duen gatazka bat?
Hegoafrikaren kasua iruditzen zait aipagarria. Autoritarismo mota batetik demokraziarako trantsizioan izan nintzen han lanean, 90eko hamarkadan. Zaila izan zen. Egia esan, jende askok gatazka horren konponbidea ezinezkotzat zuen, gerra zibil bat piztuko zenaren ideia oso hedatuta zegoen gizartean, eta inork ez zuen espero gatazka bide baketsuetatik konponduko zenik. Bertara 1991n joan nintzen lehenengoz, eta txantxa bat kontatu zidaten, egungo errealitatearentzat ere baliagarria dena. Halako kasuetan bi aukera bakarrik daudela zioen txisteak, praktikoa eta mirarizkoa. Irtenbide praktikoa belauniko jarri eta jainko, agintari edo lider handi batek guztia konpontzeko erregutzea da. Mirarizko irtenbidea, berriz, elkarren artean hitz egin eta eztabaidatzea, guztion artean konponbide bat bilatzeko. Oraindik mirarizko bidean sinesten dut, eta Hegoafrikako kasua hau ikusi nuen lehen aldia izan zen. Gizarteko pertsona ezberdinak, alderdi politikoetako ordezkariak, talde etniko ezberdinak, askotariko ideologiak,... Elkarrekin asmatu zuten apartheidetik demokraziarako trantsizio bat egiten, modu gutxi gorabehera baketsu batean. Hegoafrikak ez ninduen ni behar, baina hau izan zen nire lehen kontaktua mundu honekin, eta ezinezkoa posible dela irakatsi zidaten. Geroztik horretan ibili naiz lanean.
Reos Partners kanadar erakundeko zuzendarietako bat zara; zeintzuk dira egiten duzuen lanaren oinarriak?
Reos Partners-ek jendeari gatazkak modu baketsuan ebazten laguntzen die, hau da, lan kolaboratiboa sustatzen du erronka garrantzitsu eta zailak jorratzeko. Bakea, energia trantsizioa, jasangarritasuna, hezkuntza edo osasuna izan daitezke gai hauetako batzuk. Metodo aldetik, sistemaren alde ezberdinetako askotariko pertsonak hartzen ditugu, elkarrekin arazoari konponbide bat emateko gaitasuna duen jendea, baina, seguruenez, beraien artean ados egongo ez direnak. Elkarrekin lan egiteko laguntza ematen diegu, konponbideak bilatu eta garatu ahal izateko. Hori da mundu osoan zehar egiten dugun lana, gai ezberdin askotan. Aurrez esan bezala, esango nuke aspektu horretan asko dugula ikasteko Euskal Herritik.