Mondragon Unibertsitatea Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea handitu eta hobetzeko lanak egiten ari da Debagoieneko campusetan. Hain justu, Aretxabaletari dagokionez, beste eraikin bat erantsiko diote egungo egoitzari, IdeiEnea proiektua lantzeko. "Bi helburu nagusi ditu: batetik, euskal komunikazio-ekosistemaren espezializazioa sustatzea, esperimentazioaren eta berrikuntzaren bidez eta ekintzailetza zein antzeko palankak erabiliz; eta bestetik, erakundeei komunikazioaren inguruko talentua, ezagutza eta aholkularitza eskaintzea".
Eraikina egungo egoitzaren eskuinaldean egongo da, eta bi solairu izango ditu: 200 lagunentzako edukiera izango duen ekitaldi-areto bat eraikiko dute behekoan, eta goikoan, berriz, coworking-erako gune bat, terraza ireki batekin. Ikasle ohientzako, erakundeentzako eta enpresentzako, gainera, irekita egongo da, kulturari eta gizarteari lotutako jarduerak egiteko. Horrez gain, "punta-puntako teknologia eta ekipamenduak" izango ditu: "Euskadiko komunikazio-sektorean aukera berriak bultzatzeko eta eragileen arteko lankidetza sustatzeko; horrela, handiagoa izango da haren inpaktu ekonomiko eta soziala".
Lanak 2025eko lehen hiruhilekoan amaitzea aurreikusten dute, eta 500 metro koadro handitzea Aretxabaletako campusa.
Eskoriatzan, egokitzapenak
Eskoriatzako campuseko eraikin zaharreko irisgarritasuna, segurtasuna eta ebakuazioa hobetzeko ere lanak egiten dabiltza. "Batetik, igotzeko eta jaisteko ibilbideak egokituko dira eraikinaren alde batean, segurtasuna handitzeko eta, larrialdia izanez gero, eraikina errazago husteko. Eskailera berriari esker, ibilbide bakarra erabiliz hustu ahal izango da eraikina". Horrez gain, klaustroko irisgarritasuna ere hobetuko dute, azalera osoa maila berean jarrita. "Birmoldaketa horri esker, eraikinak XVII. mendeko jatorrizko itxura berreskuratuko du". Azkenik, Lanki Kooperatibismoaren Ikertegiaren egoitza ere berrituko dute.
Eraikin zaharreko lan horiek egiteko legezko jarraibide berezi batzuk bete behar dituzte jarduera arkitektonikoek, ondare historikotzat baitago katalogatuta. "XVII. mendean eraikitako monumentu historikoa da, eta Huhezi fakultatea hartu baino lehen ospitalea, komentua eta kongregazio biatoristaren ikastetxea (laiko-erlijiosoa) izan zen".