Amaia Arriaranek, Ainhoa Vitoriak, Sara Alonsok, Iñigo Ugartek eta Julen Narbaizak osatzen duten seigarren Danbaka lehiaketako epaimahaikide taldeak dagoeneko aukeratu ditu urriaren 25ean Seminarixoan abiatuko den musika lehiaketako hamabost lehiakideak. "Hasteko eta behin, epaimahaiak astebetean egin duen lana goraipatu nahiko nuke", azaldu du Danbakako koordinatzaile Jokin Bereziartuak, eta zera gaineratu du: "Aurkeztu diren 24 taldeen hiruna abesti entzun behar izan dituzte; 72 kantu dira, guztira. Badakit zalantza handiak izan dituztela, hainbat irizpide hartu behar izan dituztela aintzat, eta aldagaien arteko oreka horretan dantzan ibili direla hamabost proiektuak aukeratzeko. Hala ere, aukeraketa nahiko antzerakoa izan da; horren adibide da ez dugula berdinketarik hausteko berriro epaimahaikideengana jo behar izan. Zorionak aukeratuei eta besarkada estu bana oraingoz aukeratuak izan ez diren bederatzi proiektuei. Eragin zuen inguruan ahalik eta boto gehien jasotzeko!".
Publikoaren botoarekin
Hamasei musika proposamen izango dira lehian; epaimahaikideen aukeratutako zerrenda osatuko du publikoak aukeratutakoak. Edonork dauka Danbaka.eus atarian botoa emateko aukera domeka bitartean. "Harrituta gaude jasotzen ari garen boto kopuruarekin. Datu bat emango dizuet: astelehenean 15:00etan aktibatu genuen botoa emateko aukera eta 24 orduan 400 boto baino gehiago jaso genituen. Badakigu baten bat boto bat baino gehiago ematen saiatu dela –tranparik ez dugu onartuko–, baina itzela izan da. Bereziki hiruzpalau talde ari dira borrokan... Astelehenean jaki- naraziko dugu emaitza".
'Danbakast' saioa
Seminarixoa aretoa izango da Danbakaren gune nagusia, baina Goiena telebistako platoak ere izango du Danbakaren itzala. "Danbakast saioarekin ilusio handia dugu. Ni izango naiz aurkezlea, baina atzean lan handia dago, eta sekulako lantaldea. Ahalik eta tertuliakide eta gonbidatu erakargarrienak fitxatzen saiatzen ari gara; doakiela besarkada estu bat abentura honetan parte hartzera animatzearren. Hala, urriaren 10an estreinatuko dugu, 20:00etan –eta 22:00etan–, eta eguenero kapitulu berri bat eskainiko dugu lehiaketa bukatu artean. Danbaka izango da oinarria, baina musika arloko beste hainbat kontu ere izango ditugu berbagai".
Epaimahaikideek aukeratutako hamabost proposamenak
- 721-Gogor Gabiltza. Aretxabaleta. Trap-punka.
- Banana Shake. Arrasate. Ska-punka.
- Del Val. Arrasate. Popa.
- Eten. Aretxabaleta. Rocka.
- Henko. Oñati. Metala.
- K-PO. Bergara. Housea, funk brasiladarra eta reggaetona.
- Karena. Antzuola eta Hernani.
- Korda Rota. Arrasate. Eskandaniaviako rocka.
- Ktarsia. Bergara. Akustikoa.
- Low Cost Deluxe. Bergara. Rocka.
- Maider Mimi. Aretxabaleta. Askotariko estiloak.
- Malko. Oñati. Rocka.
- Rebel Noise. Arrasate. Punk-oi!-a eta punk-rocka.
- Sotoalde. Bergara. Musika urbanoa.
- Txerrikumeak. Aretxabaleta. Punk-rocka.
Hamaseigarren lehiakidea, hauen artean
Publikoaren botoek erabakiko dute nor izango den hamaseigarrena.
- Behi Blues. Bergara eta Soraluze.
- Debeku. Bergara. Rocka.
- Fango. Bergara. Rocka.
- Ginka Biloba. Arrasate. Rocka.
- Golden Blend. Bergara eta Antzuola. Rocka.
- Hankaz Gora. Arrasate. Punk-oi!-a.
- Hecetu Welo. Arrasate. Deba, Lezo eta Beasain. Grungea, blues-rocka eta stoner-rocka.
- Lapur. Oñati. Grungea.
- Ondare. Arrasate. Rock alternatiboa eta post-punka.