Ekainean ekin zioten gazteen ongizate emozionalaren gaineko diagnostikoaren lanketari Aretxabaletan eta Eskoriatzan, bi herrietako Udalen eskutik. Egitasmoak argazki bat ateratzea du helburu, hainbat aldagai aztertuz: adikzioak, nerabeen aisialdia, harremanak eta elikadura ohiturak, besteak beste.
Prozesuaren abiapuntua izan zen DBHko ikasleekin ekainean egindako topaketa bat eta han bizi-ohituren, kontsumoen eta bestelako jarreren gainean hitz egiteko aukera izan zuten. Informazioa osatze aldera, urrian, inkesta bat beteko dute bi herrietako 10 eta 18 urte bitarteko ikasleek.
Parte-hartze foroak
Lanketaren bigarren fasea jarriko dute abian orain, herritarren eta eragileen parte hartzearekin. "Gazteengan eragin nahi badugu, komunitatearen argazkia izatea ezinbesteko da. Horregatik, herritarren eta herriko eragileen parte hartzea garrantzitsua da", diote Udaletik. Horretarako, parte-hartze foroak antolatu dituzte udalerrietako "gizarte ordezkaritza zabala" gonbidatuta: "Foro hauek, drogen kontsumoarekin eta bestelako adikzioekin, zein arrisku eta babes faktoreekin lotutako errealitatea ezagutzeko balioko dute". Herritarren batek parte hartu gura izanez gero honako helbidera idatz dezala: partehartze@aretxabaleta.eus edo prebentzioa@eskoriatza.eus. Horretarako azken eguna urriaren 8a da.
Egutegia:
Urriak 9
Hezkuntza formala: Ikastetxeak, gurasoak, guraso elkarteak eta osasungintzako profesionalak. Aretxabaleta, Arkupe kultur etxea (18:00).
Urriak 16
Hezkuntza ez formala: udal teknikariak eta zinegotziak. Eskoriatza, kultur etxea (18:00).
Urriak 23
Elkarteak eta dendari-ostalariak. Aretxabaleta, Arkupe kultur etxea (18:00).
Galdetegia herritarren eskura
Herritarrei bideratutako galdetegi bat ere zabalduko da urriaren 9an, eta bi herrietako udalen webguneetan zintzilikatuko dute: Aretxabaleta.eus eta Eskoriatza.eus. Foroen zein galdetegien emaitzak urte bukaeran aurkeztuko dituzte. 2025ean prozesuaren azken fasea abiatuko dute; prebentzioan eta sentsibilizazioan garatu daitezkeen neurri zehatzagoak definituko dira orduan.