Minutu batzuk kosta zaie partidan sartzea lau pilotariei, frontoi biziari tamaina hartzea, baina lehen izerdi tantak agertzearekin bat erosoago sentitu dira kantxan eta tanto piloteatu dezente jokatu dituzte, politak askoak ere bai tartean.
Lehenak burua altxatzen urdinak izan dira, Maddi Barrocalek inposatutako erritmoa medio. Zortzi bat tanto erreskadan eginda, 16-8 jarri dira markagailuan. Baina gorriek ez dituzte besoak jaitsi eta sakea berreskuratzearekin bat mina egiten hasi dira Orbegozo atzelariari. Azken tantoetan 18na eta 19na ere joan dira. Ruiz de Infante argi ibili da hor eta 21era iristea lortu dute. Tartean tanto polemikoren bat ere egon da, Barrocalek protesta egin baitio epaileari besteen pilota batek txapan jo duelakoan, baina epaileari ez zaio iruditu.
Urdinak atzetik tanto bakarrera zeudenean egin dute azkena Ruiz de Infantek eta Zabalak. Itxaron egin behar izan dute finalean ote zeuden jakiteko, hurrengo partiduan erabakiko baitzen hori. Iturriaga eta Agirrek etxeko lanak egin behar zituzten eta hala izan da, ez baitiete aukerarik eman Aranburu eta R.L. Mujikari.
Emakume kirolarien plaza izan da egun osoan zehar, eta ez bakarrik arratsaldean, Elgetako pilotalekua. Askotariko ekintzetan parte hartu ahal izan dute elgetarrek, hainbat taldek elkarlanean osatutako egitaraua dela-eta.