Frontoia izango da topaleku

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ira. 27a, 08:56

Amantalak talde feministako, Gazte Asanbladako, Frontenisa Elgeta taldeko eta Elgetako Udaleko ordezkariak, biharko ekintzetan parte hartzeko dei egiten.

Bizitza aktiboa sustatzea eta emakume kirolarien borroka lehen lerrora ekartzea dira biharko Emakume topaketaren helburu nagusiak. Pilota partidu profesionalekin batera, herritar guztientzako jarduerak daude antolatuta goizean goizetik.

Elgetan argituko da ze bikotek eskuratuko duen Ados Pilota Elkartearen Udara CaixaBank finalerako bigarren txartela. Urriaren 5ean jokatuko da finala, Labriten, eta Iturriaga-Agirre bikotea sailkatuta dago. Bigarren bikote finalista bihar 18:00etan hasita herriko pilotalekuan jokatuko diren bi partidetatik irtengo da. Hautagaien artean da Maddi Barrocal bergararra.

"Pilotari profesionalen jaialdia herrira ekartzeko aukera heldu zitzaigunean pentsatu genuen baliatu zitekeela aukera eskaintza zabalagoa osatzeko. Hala, Amantalak talde feministarekin, Gazte Asanbladarekin eta Frontenisa Elgeta taldearekin elkarlanean askotariko ekintzak jasotzen dituen egitaraua osatu dugu", esan du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. "Askotariko kirol jarduerak eta emakumeen kirol jarduera profesionalari buruzko bermut-tertulia antolatu ditugu. 12 urtetik aurrerako herritar guztientzako jarduerak dira, baina deialdi berezia egiten diegu emakumeei", azal- du du Frontenisa Elgeta taldeko kide Rebeka Uberak.

Goizean frontoiko kirolekin osatutako jarduerak egingo dituzte. "Elkartu eta parte hartzeko dei egiten diegu elgetarrei. Ez dago izena eman beharrik. Kirol jantziak soinean jarri, frontoira etorri eta taldeak antolatuko ditugu nor bere gogoko jardueretan eta mailan gustura aritzeko". Etxean materiala edukiz gero eramateko eskatu dute –erraketak, palak, eskupilotak, baloiak...–, baina materiala badagoela gimnasioan. 12 urtetik beherakoek har dezakete parte, baina heldu batekin. Ibone Ramos elgetarrak gidatuta zumba eta luzaketa saioa eta kafe-tertulia egingo dituzte jarraian.

Kirolari profesionalen bizipenak

Eguneko ekitaldi nagusietako bat 13:00etan izango da. Eguraldi ona bada, kantxan, eta, bestela, gimnasioan. Maila profesionalean dabiltzan edo ibili diren hiru emakume elkartuko dituzte solasaldia egiteko: Maite Ruiz de Larramendi pilotaria, Gloria Agirre Aizarnako Txikita erraketista eta Mariasun Yurrita tenis-jokalaria. "Goi-mailara iristeko egin behar izan duten borroka, gainditu behar izan dituzten zailtasunak eta izan dituzten bizipenak gurekin partekatzeko eskatu diegu. Belaunaldi ezberdinetakoak dira, baina gogoko duten kirolean jarduteko antzerako zailtasunak izan dituzte, eta horren berri emango digute", azaldu du Rebeka Uberak.

Zailtasun horietako hainbat nabarmendu ditu Maite Ruiz de Larramendi pilotariak gaurko PUNTUA aldizkariko elkarrizketa nagusian. "8 urte nituela hasi nintzen lizentziarekin lehiatzen, mutilen kontra jokatuz. Pilota maite nuen. Baina 14 urte nituenean hasi ziren esaten eskua hondatu egingo zitzaidala; istorio hura saldu zidaten eta ondo atera zitzaien, lehiatzeari utzi niolako. 18 urterekin eskupilotan beharrean palan aritzeko deitu zidaten; proba bat egin zidaten eta ordutik ez naiz frontoitik banandu". Ez diote ezer oparitu eta pilotan eman dituen 43 urteetatik hiru bakarrik kotizatu ditu.

Elgetan izango da baita ere Gloria Agirre, Aizarnako Txikita. Erraketista profesionala izan zen 60ko eta 70eko hamarkadetan. "Enpresariak etxera etorri behar izan zuen nire gurasoak konbentzitzera, erraketan jokatzera Madrilera joaten utz ziezadaten", adierazi izan du.

Bazkariarekin eta Ados Pilota Elkarteko jokalarien jaialdiarekin borobilduko dute eguna Elgetan. Tartean, 16:30etik 18:00ra bitartean, pilotari profesionalekin pilotan egiteko aukera izango dute herritarrek.

Parte hartzeko deia

Hainbat helburu ditu biharko egitarauak. "Alde batetik, bizitza osasuntsu eta aktiboa sustatzea, eta, bestetik emakumeen kirol jarduera lehen lerrora ekartzea. Animatzen ditugu elgetarrak parte hartzea, eta, bereziki, emakumeak", esan du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. "Etorri! Ondo pasatuko dugu", gehitu du Rebeka Uberak.

• 09:30 Frontoiko kirolak, antolatzaileek gidatuta. Frontenisa, pala, eskupilota... • 10:30 Zumba eta luzaketa saioak Ibone Ramosen eskutik. • 11:15 Kafea. • 13:00 Bermut-tertulia. Gonbidatuak: Maite Ruiz de Larramendi pilotaria, Gloria Agirre Txikita de Aizarna erraketista eta Mariasun Yurrita tenis jokalaria. • 14:30 Bazkaria. • 16:30 Eskupilota saio irekia pilotari profesionalen parte hartzearekin. • 18:00 Udara CaixaBank jaialdiaren txapelketako partiduak. Alde batetik, Ruiz de Infante-Zabala eta Barrocal-Orbegozo, eta jarraian, Iturriaga-Agirre eta Aranburu-R.L. Mujika. Sarrera: 5 euro. Oharra: frontoiko jarduerak izan ezik, gainerakoak kantxan egingo dira. Eguraldi txarra bada, gimnasioan.
 
Egun osoko egitaraua

09:30 Frontoiko kirolak, antolatzaileek gidatuta. Frontenisa, pala, eskupilota...

• 10:30 Zumba eta luzaketa saioak Ibone Ramosen eskutik.

• 11:15 Kafea.

• 13:00 Bermut-tertulia. Gonbidatuak: Maite Ruiz de Larramendi pilotaria, Gloria Agirre Txikita de Aizarna erraketista eta Mariasun Yurrita tenis jokalaria.

• 14:30 Bazkaria. (Txartelak salgai egon dira eguenera arte Haizean eta Elkoro botikan).

• 16:30 Eskupilota saio irekia pilotari profesionalen parte hartzearekin.

• 18:00 Udara CaixaBank jaialdiaren txapelketako partiduak. Alde batetik, Ruiz de Infante-Zabala eta Barrocal-Orbegozo, eta jarraian, Iturriaga-Agirre eta Aranburu-R.L. Mujika. Sarrera: 5 euro.

Oharra: frontoiko jarduerak izan ezik, gainerakoak kantxan egingo dira. Eguraldi txarra bada, gimnasioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak