Madalen Etxegaraik eta Enara Gamindek gaur lortu dute azken bi urteetan ukatu zaien Udako Master Laboral Kutxa torneoaren txapela janztea. Txapelketa bikaina egin dute, eta finalean borobildu dute. Oso zentratuta irten dira kantxara, arerioek baino partidu hobea egin dute, eta hala jaso du markagailuak amaieran: 22-12.
Oñatiko aurrelariak lan bereziki ona egin du; Gamindek irmoki zoriondu du. "Oso pozik nago bai finalarekin bai egindako txapelketarekin. Uste dut une onean iritsi garela finalera bai Enari bai ni, eta hasieratik sartu garela partiduan. Akats asko egin barik joan da, eta uste dut hori izan dela gakoa", azaldu du oñatiarrak.
Frontoia beteta zegoela jokatu dute Olatz Arrizabalagari eta Arrate Bergarak osatutako bikotearen kontrako finala. Borrokarako grinarik ezin ukatu Arrizabalaga eta Bergarari, lehen txanpan partida oso zail jarri bazaie ere –10-3 joan dira atzetik– ez diote partidari aurpegirik galdu. Hortxe etorri da gorrien partidako unerik onena, sakea eta euren gustuko pilota bat eskuratuta, bi tantora gerturatzea lortu baitute.
Bikain aritu da tarte horretan Arrizabalaga, lehen pilotakadatik aurkariak behartu eta errematean zorrotz. Hala ere, ez dira partida orekatzeko gai izan eta, pixkanaka-pixkanaka urdinek berriz ere hautsi dute markagailua.
Arrate Bergarari dagokionean, finaletan esperientzia handirik ez duela eta parean egokitu zaion arerioa kontuan izanda, ezin esan partida txarra jokatu duenik, ondo defendatu da, baina azkenerako amore eman behar izan du ezer oparitu ez dioten bikote baten aurrean.
Finala galdu izanaren penarekin dago, baina aurrera begira. "Arerio oso gogorra genuen. Txapelketan partidurik galdu barik heldu dira finalera, eta Olatzek eta biok denboraldian gorabehera batzuk izan baditugu ere denboraldian, puntu onean heldu gara finalera. Azkenean, txapeldunrode egin dugu, eta kontuan hartu behar da. Finala oraintxe izan da eta galdu izanaren pena dut, baina suposatzen dut egunak aurrera joan ahala gehiago baloratuko dudala lortutakoa", adierazi du Arrate Bergarak.
Atano beteta
"Partiduan zentratuta nengoen eta amaierara arte ez dut harmailetara gehiegi begiratu, baina izugarria izan da", esan du Arrate Bergara bergararrak. Iritzi berekoa da Etxegarai. Atano III.a historikoak bere aurpegirik ederrena erakutsi du bere itxura berri eta harmailak bete dituzten adin guztietako 1098 ikusleren aurrean.
Bi debagoiendar finalean
Kontuan hartu beharreko beste datu bat: gaurko finalistetatik bi debagoiendarrak izan dira. "Uste dut horrek esan gura duela zerbait. Debagoienean ere badago afizioa, lan handia egiten ari gara hor jarraitzeko; bai gu bai behetik datozenak. Badakigu ez dela samurra hor mantentzea, gehiago emakumeak izanda eta oso pozgarria da bi debagoiendar ikustea finalean, baita ere gaur frontoia zelan zegoen eta jendeak ematen duen babesa", esan du Etxegaraik.
Iritzi berekoa da Bergara. "Madalen maila oso oso onean ari da, Uxue Oses ere maila altuan ari da… Eta pozik horrekin. Gainera, txapelketa asko jokatzen ditugu eta frontoiak betetzen jarraitzen dugu".
Hurrengo txapelketak jomuga
Atsedenerako tarte gutxi izango dute bai Etxegaraik bai Bergarak. "Honezkero hasita dagoen Gipuzkoako txapelketa jokatuko dut orain Uxue Osesek batera eta hurrengo asteburuan hasiko da Hiru Hiriburuetako txapelketa. Hori ere Uxuerekin jokatuko dut. Beraz, atseden handirik gabe gabiltza", esan du Etxegaraik.
Berdina gertatuko zaio Bergarari: "Irujok esaten zuen, pilotak onerako zein txarrerako daukana dela partidu bat galdu edo irabazi hurrengo egunean beste bat daukazula. Hurrengo astean hasiko dugu Hiru Hiriburuetako txapelketa, eta Atanon jokatzekoa naiz hurrengo astean berriz. Beraz, asko pentsatu barik jarraitu eta ahal dena deskantsatuta baina entrenatzeari utzi barik".