Antzerki eskolak, DAPen eskutik

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ira. 18a, 10:18

Bailarako herri guztietan izango dira antzerki eskolak; batzuetan, elkarlanean arituko dira bertako taldeekin. Antzerki irakasleei zuzendutako tailerrak ere izango dira.

Ikasturteko eskaintzaren berri eman du Debagoieneko Antzerki Plataformak, "interesa duen edonori, hasiberriei zein antzerkian esperientzia dutenei zuzendutako" antzerki eskolak izango baitira bailarako herri guztietan. Hain justu, urritik ekainera arteko eskolak dira, astean egun batez eskainiko direnak, adin ezberdinetako taldetan banatuta: haurrak, 8 urtera arte; gaztetxoak, 12 urtera arte; gazteak, 15 urtera arte; eta helduak, 18 urtera arte.

Herriz herriko eskaintzari dagokionez, honakoa da DAPek ikasturte honetarako duen proposamena:

  • Antzuola. Martitzenetan, haurrak 18:00-19:15 eta gaztetxoak 19:15-20:30. Ikastaro trinkoa ere izango da helduentzat; xehetasunak, ordea, aurrerago emango dituzte.
  • Oñati, Irazan Antzerki Gunearekin elkarlanean. Astelehenetan, helduak 19:30-21:30. Eta martitzenetan, haurrak 17:00-18:15, gazteak 18:30-19:30 eta gaztetxoak 19:30-20:45.
  • Leintz Gatzaga. Egubakoitzetan, haurrak 17:30-18:45.
  • Bergara, Jardun Euskara Elkarteak antolatuta. Martitzenetan, helduak; eta egubakoitzetan, haurrak eta gaztetxoak. Informazio gehiago: jardun@topagunea.com edo 943 76 36 61 / 605 71 24 69.
  • Arrasate, Doke Antzerki Eskolak antolatuta. Astelehenetik eguenera, haurrak eta gaztetxoak. Informazio gehiago: dokeikastaroak@gmail.com edo 665 11 85 72.

Aramaion, Aretxabaletan, Elgetan eta Eskoriatzan zehazteke daude taldeak, baina interesa dutenek plataformarekin jar daitezke harremanetan.

Taldeen eratzeari dagokionez, sei pertsonakoak izan behar dira gutxienez, eta hamabikoak, gehienez. Adin-muga, ordea, aldatu egin daiteke taldeko ezaugarrien arabera. Prezioari dagokionez, haurrek eta gaztetxoek 25 euro ordaindu beharko dute hilean; gazteek, 35 euro; eta helduek, 35-40 euro, iraupenak baldintzatua baita. Jardun eta Dokeko prezioak, ordea, bestelakoak izan daitezke, eta eurekin jarri behar da harremanetan horren berri izateko.

Irakasleentzat aukera

Borja Ruiz zuzendari eta aktorearen gidaritzapean, antzerki irakasleei zuzendutako ikastaroak ere izango dira ikasturtean, DAPek antolatuta. Helburua da antzerkia ikastea eta, aldi berean, antzerkia irakasten ikastea. Ikastaro trinko bat egingo da lehenbizi irailaren 21ean eta 22an, eta jarraipen saioak, ondoren, hilean behin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak