Jakion enpresa itxi egin dute, 28 urteren ostean

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ira. 13a, 12:30

Jakion etxeko hainbat produktu.

1996an sortu zuten Jakion Debagoieneko hainbat baserritarrek, udal batzuekin elkarlanean. Orain, 28 urteren ostean, hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du epaitegian, likidaziorako bidean. 2019a ezkero, Xoconostle zen jabe nagusia.

Barazki- eta fruta-kontserbak egiten zituen Gatzagako Jakion enpresa itxi egin dute. Hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du epaitegien aurrean, negozioa likidatzeko asmoz. Enpresak urtez urte galera geroz eta handiagoak zituen. 2022an, adibidez, 128.000 euroko galerak izan zituen. "Galerak bata bestearen atzetik zetozen, eta egoera jasanezina zen" , dio Mari Carmen Iturbek, Debagaraia Landa Garapeneko teknikariak. 

Porrotaren arrazoiak

Debagoieneko baserritar batzuek bailarako udalekin elkarlanean sortu zuten Jakion, 1996an. Udalak eta ekoizleak izan ziren jabeak urte luzez: "Zerbitzu bat ematera bideratuta zegoen eta galerak udalek zuzentzen zituzten". Egoera hau erabat aldatu zen 2019an: enpresan partea zuten baserritar eta udal guztiek euren zatia Xoconostle enpresari saldu zioten: "Hura zen jabe nagusia, eta gero, Landaola Federazioa, Landa Garapen guztien federazioa eta Hazilur zeuden". Enpresa Leintz Gatzagatik Eskoriatzara lekualdatu zen, ekoizpena handitzeko, baina horrek azken kolpea eman zion enpresari: "Ibilbide berri hartan ekoizpenaren handitze bat aurreikusten zen, baina komertzializazio sare hori ez da neurri berean ireki. Dimentsionamendu kontu bat izan da".

Ondorioak

Ibarrera begira, eragin handiena 2019an izan zela uste du Iturbek: "Eredu berria ez zen egokitzen hemengo ekoizle txikietara, eta geroztik zerbitzu gutxi eman zien hemengo nekazariei. Bailaran eragin handiena orduan nabaritu zen". Penaz mintzo da Landa Garapeneko teknikaria:"Pena bat da, eskualdeko baliabide bat galtzen delako". Langileekin akordio batera heldu direla ere zehaztu du Iturbek.

Enkartea

Likidazio prozesua abiatuta dagoenez, enkartea laster egingo da eta enpresako materiala salgai jarriko dute. Pacelma atarian izango da enkartea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak