Betidanik izan dira ardi moztaileak Euskal Herrian, gaur egun ere badaude. Gazteak dira asko, eta ez denak baserri jatorrikoak. Hogei kidetik gora batzen dira maiatzean sortu zuten elkartean; haien artean dira Mikel Velasco arrasatearra eta Mikel Galvez eskoriatzarra.
Euskal selekzioa abiatzear da
Abuztu amaieran Uharte-Arakilen egin zuten Artzain Egunean iragarri zuten euskal selekzioa sortzeko baimena lortu dutela. "Iaz Eskozian jokatu zen Munduko Txapelketan Euskal Herria nazio gisa onartzeko eskaria onartu zen, baina selekzioa sortu ahal izateko ezinbestekoa da aurrez ardi mozketa kirol gisa onartzea. Helburu horrekin sortu genuen elkartea, eta, egin beharreko tramite guztiak egin ondoren, orain jaso dugu baimen ofiziala. Gure nahia 2026an Zeelanda Berrian egingo duten Munduko Txapelketara joatea da, eta, horretarako, datorren urtean Euskal Herriko Txapelketa antolatzeko asmoa dugu, hortik Munduko Txapelketarako ordezkariak aukeratzeko", azaldu du Mikel Galvezek.
Munduko Txapelketetan parte hartzeko aukeraz gainera, talde ofiziala izateak lanerako ateak zabaltzen dizkiela gaineratu du eskoriatzarrak: "Beste herrialde batzuetako profesionalekin harremantzeko bideak errazten dizkigu, nazioartera ikastera eta lanera joateko aukerak zabaldu".
Eskoziara eta Zeelanda Berrira
Frantzia eta Erresuma Batua dituzte euskal ardi moztaileek erreferente: "Frantzian txapelketa eta topaketa garrantzitsuak egiten dituzte; apirilean izan ginen euskal taldeko ordezkari batzuk Marseilla inguruan. Laguntza eta babes handia ari gara jasotzen nazioarteko elkarteetatik. Esaterako, Eskoziako Robbie Hislop ardi moztaile profesionala gonbidatu genuen Arantzazuko Gomiztegi baserrira ikastaro bat ematera. Ardi moztaile eskola bat dauka hark, eta irail bukaeran hara joateko asmoa dugu lagun batek eta biok. Eta abenduan Zeelanda Berrira joateko gogoz gaude; uda izango da han orduan, eta, lan-denboraldian bete-betean egongo direnez, hango profesionalekin lan eginez ikastera joateko asmoa dugu".