Zein da hizkuntza hobetu beharraren arrazoia?
Azkenean, hitzen bidez zama edo presio bat jartzen da beraien gainean. Etengabe txapeldunak zarete edo gudu baten zaudete-ren estilokoak entzuteak estres bat dakarkie. Hitz horiek triste sentiarazten dituzte, beti borrokan egon behar duten sentsazioa sortzen dietelako. Haurrak eta nerabeak dira, egun txar zein onak dituzte, eta eskubide osoa dute horretarako.
Bide horretan, Minbizia ipuinkeriarik gabe ipuina argitaratuko duzue.
Irailaren 18an argitaratuko da. Glosario bat ekarriko du hitzak gomendatzen. Adibidez, xomorro hitzaren erabilera oso ohikoa den arren, minbizi hitza erabili behar da. Gudua galdu du ere erabiltzen da, heriotza ez aipatzeko. Hitz batzuk ekidinez babestu nahi izaten ditugu, eta, azkenean, kalte egiten diegu. Tabuari ere aurre egin behar zaio. Horregatik, gomendio batzuk egin ditugu gizartean eta, batez ere, ikastetxeetan eta komunikabideetan erabiltzeko, gizartea hauen isla delako.
Garrantzitsua da jendea gaztetatik kontzientziatzea?
Bai. Ikastetxeetara gomendio horiek jasotzen dituen zirkular bat bidali dugu, eta ipuina ere pasatuko zaie lanketak egin ditzaten. Ikastetxe batzuetan hitzaldiak ere egingo ditugu. Hitz horiek zuzen erabiltzeko aurrez erakatsi egin behar zaie.
"Xomorro hitzaren erabilera oso ohikoa den arren, minbizi hitza erabili behar da"
Zein izaten da ikasleen jarrera?
Modu naturalean eta euren ulermenera egokituta azalduz gero, oso ondo barneratzen dute guztia. Enpatia ere asko bultzatzen da. Pentsatu egiten dute, eta bestearen lekuan jartzen dira. Minbizia jasaten duena haurra edo nerabea izan daiteke, eta klasekideen laguntza eta mezu positiboak beharko ditu, ez beragatik pena sentitzea edo etiketak jartzea. Ez zaitez triste egon edo ez negarrik egin gisakoak esatea ere ez da ona. Sentimenduak azalaraztea beharrezkoa da, eta ikasleek hori ondo egiten dute; batzuk emozionatu egiten dira.
Eta helduek?
Helduok arazo gehiago izaten ditugu, tabuen eraginez. Ez dugu nahi izaten gaia landu, eta minbizia hitzak atzerakada ematen digu. Dela minbizia, dela heriotza, termino batzuk gizartean iltzatuta daude. Gazteak praktikoagoak dira eta beste era batera onartzen dute.
Aspanogiko bandera pirata ere jarri duzue martxan; zertan datza ekimen hori?
Mundu mailako elkartasun ikurra urre koloreko begizta da, eta Aspanogiko piratok Gipuzkoan zehar kontzientzia piztu nahi izan dugu. Horretarako, pankarta begiztadunak egin ditugu eta hainbat udalerritan jarri. Bederatzi pankarta ditugu, baina ibiltariak dira, herriz herri pasatzen doaz. Gipuzkoako edozein udalerritan egon daitezke minbizi kasuak, eta gaia lantzeko modu bat da. Debagoienera ere heldu gara. Bergaran izan zen eta Elgetan aste honetan egongo da. Arrasaten, berriz, irailaren 23tik 29ra egongo da.
Childhood Cancer Internationalen nazioarteko kanpainarekin bat egin duzue beste urte batez; zeintzuk dira kanpainaren helburuak?
Gehienbat haur minbizia ikustaraztea da, eta gogoraraztea badaudela oraindik jorratu beharreko aldarrikapen batzuk. Kasu honetan hizkuntzarena izan da, baina beste asko daude. Beste urte batzuetan adibidez minbizia gainditu duten gazteei jarraipena egiten jarraitzea izan da. Ahanztura onkologikorako eskubidea ere izan zen urte batez. Askotan gertatu izan da minbizia pasatu ondoren hori aurrekari bezala geratzen dela, eta zenbait lekutan, adibidez aseguru pribatuetan, aurrekari hori edukitzeagatik ezberdin tratatzen dituztela minbizia pasatu dutenak. Hori azken finean diskriminazioa da. Kanpainaren helburua berdintasuna da, baina mundu osoan zehar. Herrialde garatuetan minbiziaren bizi itxaropen tasa nahiko handia da, baina beste lurralde batzuetan ez da horrela, baliabideak falta direlako.
"Hitz batzuk ekidinez babestu nahi izaten ditugu, eta, azkenean, kalte egiten diegu"
Zenbat bazkide ditu Aspanogik Debagoienean?
Debagoienean hamar familiaren bueltan gabiltza. Familia osoa hartzen dugu kontuan; beraz, pertsona kopurua handiagoa da.
Zeintzuk izaten dira familiek dituzten premiak?
Diagnostiko bat ematen den unean, familia horrek, gurasoek, ez dute espero izaten, eta oso zaila izaten da. Sarri, norbait behar izaten dute akonpainamendua egiten. Diagnostikoa onartzen laguntzen diegu, eta behar duten guztirako gaude hor. Emozioak kudeatzen eta gaia lantzen erakusteaz ere arduratzen gara. Lan- esparruko laguntzak ere azaltzen zaizkie. Gurasoek laguntza edo erredukzio bat eskatu dezakete, lanera joan beharrean zaintza-lanak erdiesteko. Haurren kasuan, eskolaren gaia ere badago; tratamenduak iraun bitartean ezingo dira eskolara joan, baina garrantzitsua da ikasketekin jarraitzea. HH-5etik batxilergora arte ospitalean zein etxean ikasten jarraitzeko aukera dute, eta irakaslea joango da bertara. Beste hainbat behar familiaren araberakoak dira; adibidez, ekonomikoak. Aspektu horretan, Gizarte Zerbitzuetatik edo gure partetik laguntzak jasotzen dituzte. Kanpora joan behar badira berriz, adibidez Madrilera edo Bartzelonara, harremanetan jartzen gara hango jendearekin eta ostatu hartzeko leku bat bilatzen diegu. Amaran ere pisu bat dugu, probintziako jendeak zein kanpotik datozenak atseden hartzeko leku bat izan dezaten. Bestalde, ospitalean otorduak pazienteei bakarrik ematen zaizkie, eta zaintzaileari ez. Gure helburua zaintzailea zaintzea da, eta bazkari zein afaria ematen diogu zaintzaileetako bati, normalean txandakatu egiten direlako.