Debagoieneko Gurutze Gorriak eskola materiala banatu die egoera zaurgarrian dauden bailarako familietako 198 ikasleri, eta Javier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak, eskerrak eman dizkie hori ahalbideratzea posible egin duten herritar eta enpresei: "Eskertzen ditugu Debagoieneko Gurutze Gorriak jasotzen dituen dohaintza guztiak, hainbat kopurutakoak, gure inguru hurbilean horrelako elkartasun ekimenak garatzeko aukera ematen dutelako, baita larrialdien eta lurreko salbamenduaren aurrean egin ohi dugun lanagatik ere". Era berean, eskerrak eman dizkie ekimen hau garatzeko lanean aritu diren boluntarioei zein bailarako udalerrietako gizarte langileei, lankidetzan aritu baitira.
Horretarako, alabaina, Gurutze Gorriko kideek azaldu dute baldintza batzuk bete behar dituzte familia eskatzaileek: Debagoienean bizi behar dira, zaurgarritasun egoera aitortua izan behar dute, udaletako gizarte zerbitzuek arreta eman behar diete, eta lehen edo bigarren hezkuntzan matrikulatutako seme-alabak izan behar dituzte.
Digitalera jauzi
Igartuak nabarmendu du Gurutze Gorrian proiektuak "ahalik eta modu eraginkor eta arinenean garatzea" dutela helburu, laguntza behar duten herritarrengana "ahalik eta zuzenen" iristeko; hala, teknologia berriak txertatu dituzte euren egunerokoan. "Horrek balio izan du familiek beren gaitasun digitalak gara ditzaten prestazioak eskuratzeko modu berrietan, eta, gainera, lagundu egin diegu horiek ez ezagutzearen aurreko prozesuan".