Jarrera "proaktiboa" izateko eskatu dio Sare Herritarrak Eusko Jaurlaritzako Justizia Sail berriari

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abu. 20a, 16:11

Joseba Azkarraga eta Nahikari Iturbe gaur goizeko agerraldian. (Argazkia: Sare Herritarra).

Azken urtebeteko preso kopuruaren eta egoeraren balantzea egin du Sare Herritarrak. 148 preso daude. Horietatik 142 EAEko eta Nafarroako espetxeetan eta sei, Frantziar Estatuko espetxeetan.

Sare Herritarrak adierazi du espetxeetako tratamendu batzordeek 34 kasutan egin diotela hirugarren gradura pasatzeko proposamena Espetxeetako Euskal Administrazio Zentralari, eta bi kasutan izan ezik, Eusko Jaurlaritzak onartu egin dituela proposamenak.

Negatiboki baloratu dute adineko presoak hirugarren gradura pasatzeko proposamenen gaia, ez baita halakorik izan: "70 urtetik gorako zenbait preso daude, eta legeek berariaz ezarria dute adin horretan hirugarren gradura dagokiena baino lehenago pasatzeko aukera". Nabarmendu dute preso horiek 20 urte bete dituztela espetxean, sekula kalera atera gabe: "Era berean, ez da bide egokirik ezarri espetxetik ateratzen joan daitezen 65 urte baino gehiago eta osasun egoera kaxkarra duten presoak". Azpimarratu dute halako ezaugarriak dituzten pertsonek ez luketeela kartzelan egon beharko.

2024ko hauteskunde autonomikoen ondorioz, sare eta espetxe arloko euskal administrazioaren egitura berregin da, eta Sare Herritarrak adierazi du sailburuordetza horrek bere lana betetxeko baldintza hobeak dituela 2021ean baino: "Gaur egun azpiegitura hobetu da, plantilla osatu da lan-poltsetako langileak kontratatuta, eta Espetxeetako Euskal Ereduaren bereizgarri izan nahi dute zenbait neurri ezarri dira". Halere, espero dute sailburuordetzako arduradun berriek sakonduko dutela "espetxeetako euskal eredu hori aurrera eramaten, izan ere, gogoratu behar da eredu hori ez dela alderdi baten hautua, euskal gizarte osoaren apustu bat baizik, Eusko Legebiltzarrak berretsi zuena".

Horregatik, lanpostu zerrenda bat osatzeko eta langileen lan baldintzak egonkortzeko eskatu diote sailburuordeari, baita aurrekontua dituzten beharretara egokitzeko ere. Era berean, orain arteko eskaera ere berretsi du Sare Herritarrak: "Pertsona horiei espetxe politika arrunta aplikatzea, pribilegiorik, salbuespenik, diskriminaziorik eta irizpide partikularrik gabea. Gainerako presoek jasotzen duten tratu bera, haiekin erabiltzen diren irizpide berberak". Horregatik, jarrera "proaktiboa" izateko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari.

Sare Herritarrak salatu du Estatuko zenbait instituzio, hedabide eta indar politikok ez onartzea "egoera berria". Horri dagokionez, salatu du espetxealdiak luzatzera bideratutako legedi hori "estatu demokratiko batean zigorrek izan beharreko logika integratzailearen aurkakoa" dela. Sare Herritarrak espero du Justizia Saileko arduradun berriek eragileekiko "interakzioa erraztea" auzi horien inguruan aritzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak