Herbehereetako Ad Hoc orkestrak Debagoiena bisitatuko du uztaileko azkenengo astean; izan ere, udako biraren barruan, Euskal Herrian egingo du geldialdia. Hala, Bergaran –Espoloian– eta Arrasaten –Monterron parkean– kontzertu bana emango du orkestrak, hilaren 27an 12:00etan eta 30ean 19:30ean, hurrenez hurren.
Txemi Etxebarria, kide ohia
Bi urtez Ad Hoceko zuzendari lanetan jardun du Txemi Etxebarria bergararrak, eta, gaur egun kargu hori ez badu ere, gertu-gertutik ibili da Euskal Herriko bira antolatzeko lanean. Berezia da, beraz, Etxebarriarentzat berak landu duen musika banda "etxera ekartzea. Ederra da banda hori Debagoienean ikustea. Bi urtez egon naiz eurekin, eta, musikari batzuek bertan jarraituko badute ere, beste asko berriak izango dira niretzat ere. Musikariek curriculuma bidaltzen dute eta horien artean aukeraketa bat egiten da; beraz, urtero jende berria sartzen da bandan. Gogotsu eta oso pozik nago Euskal Herrira eta, zehazki, Debagoienera ekartzeagatik".
Talde handia
Oinarrian, "Debagoienean aurki daitezkeen banden bezalakoa" da Ad Hoc, Etxebarriaren arabera. Musikari kopurua, baina, bai da ohiko banda batekoa baino handiagoa; izan ere, "70 musikari inguruk" osatzen dute banda. Kopuruz horren handia izanik, "instrumentuei dagokienez ere oso banda osoa" dela dio Etxebarriak, ez baitzaie banda batek izaten dituen instrumentuak falta: "Egur eta metal instrumentuz osatutako orkestra bat da, eta perkusioa ere ez zaie falta; banda osoa dela esan daiteke". Emanaldi bakoitzean bakarlari bat eta kontzerturako espresuki idatzitako lan bat izaten dute eurekin. Oraingoan, Garikoitz Mendizabal txistulari bilbotarra izango da bakarlaria, eta herbeheretarrek aurrenekoz izango dute txistulari bat lan horretan.
Antzeko egoerak
Herbehereetan banda batean egoteko "ohitura handia" dagoela dio Etxebarriak, eta hango egoerak Euskal Herrikoarekin alderatuta parekotasunak eta ezberdintasunak dituela dio: "Egon naiz Bergarako ordezkariekin hitz egiten, eta esan didate etorkizuna nahiko ilun ikusten dutela, belaunaldi berriek beste aukera batzuen alde egiten dutelako, eta ez bandan jotzearen alde. Gutxi konprometitzen direla horrelako banda batean jotzera. Herbehereetako egoerari dagokionez, oinarrizko arazoa da musika eskola asko ixten ari direla. Gazte orkestra asko dirulaguntzarik gabe gelditu dira, eta hedabideetan oso entzuna izan den gai bat da. Hamar edo hamabost urte barru, ez da batere erraza izango horrelako banda bat mantentzea". Banda osatzen duten musikariei dagokienez, "gehienak amateurrak dira", nahiz eta badauden "kontserbatorioko ikasleak ere". Horiez gain, Etxebarriak dio egon daitekeela "profesionalen bat", baina inor ez dela bandako kide izatetik bizi.
Euskal Herriko bira Bergaran eta Arrasaten emango dituzten kontzertuez gain, Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere egongo dira: "Azkoitian, Lekeition eta Zestoan egongo gara; Herbehereetara itzultzen garenean, Frantzian ere emango dugu kontzertu bat. Oso pozik nago Ad Hoc Euskal Herriko hainbat txokotan ikusteko aukera izateagatik".