"Debutean lasterketako abiadurak ikara ematen du"

Xabier Urtzelai 2024ko uzt. 26a, 18:00

Joseba Lopez –ezkerrean– eta Julen Arriolabengoa –eskuman– aurtengo denboraldiko bi une ezberdinetan. Argazkia: Caja Rural-Seguros RGA

Bizikleta gainean milaka kilometro pilatu badituzte ere, ziklista profesional gisa ia hasiberriak diren Joseba Lopezek (Arrasate, 2000) eta Julen Arriolabengoak (Eskoriatza, 2001) munduko ziklista onenen ondoan lehiatzeak suposatzen duenaren gainean egin diote berba GOIENAri. 

Joseba Lopezek (Arrasate, 2000) profesional gisa egin duen bigarren urtean lortu du lehenengo garaipena. Martxoan jaso zituen besoak, Portugalen jokatzen duten Classica Arrabidan, eta Caja Rural Seguros RGA taldearendako urteko lehenengo garaipena izan zen –eta taldearen historiako 100. garaipena–. Julen Arriolabengoa (Eskoriatza, 2001), berriz, iritsi berria da profesionaletara, baina hilabete hauetan aurreikusi baino hobeto moldatu da maila berrira. Biek aitortu dute, hori bai, lehenengo lasterketetan harrituta geratu zirela tropelaren abiadurarekin, beldurra sentitzeraino. Lopezek Valladoliden lehiatu ostean erantzun ditu galderok, etxean atseden hartzen; Arriolabengoak, berriz, beroagatik hamaika etapa gogor izango dituen Portugalgo Itzulia hasi bezperan erantzun du GOIENAren telefono-deia.

Joseba, aitortuko dizut urte hauetan GOIENAren radarretik kanpo izan zaitugula...

Joseba Lopez: [Barre] Bai; 6 urte izan nituen arte Arrasaten bizi izan nintzen, baina ondoren, gurasoek Gasteizera joatea erabaki zuten eta han egin dut bizimodua. Urte hauetan guztietan Arrasaterekin ez dut lotura eten, aitaren partetik familia hemengoa delako. Gainera, urte hasiera ezkero Arrasaten bizi naiz.

Tira, entrenatzen haize gutxiago izango duzu orain, baina gehiago bustiko zara...

J.L.: Konturatu naiz, bai! [Barre] Maiatzean eta ekainean bota duen euriarekin, gainera... Ez da normala izan! Lehen ere oso sarritan etortzen nintzen hona entrenatzera; Arlaban, Kurtzeta eta, bereziki, Gorla nire entrenamendu tokiak dira. Gasteizen bizi nintzenean, baina, honaino etorri behar nuen, eta orain etxean bertan ditut mendate horiek. Esango dizut, baita ere, hemen bizi naizenetik gehiagotan joaten naizela Landa aldera. Nire gruppetto-a [entrenatzeko taldea], gainera, gasteiztarra da.

Julen, profesional zarenetik lehenengo elkarrizketa da hau; zer moduz kategoria berrian?

Julen Arriolabengoa: Oso ondo. Hasieran kosta egiten da kategoria berrira egokitzea; esango nuke maiatzetik aurrera lortu dudala asentatzea eta taldearendako lan ona egiten hastea. Egia da amateur mailan ondo zainduta geundela, talde filiala ginen eta baliabideak ere onak izan ditugu orain arte. Baina profesional mailan dena dago planifikatuago, eta lantalde handiagoa duzu inguruan zure beharretara lanean, zu zeu entrenatzeaz edo lehiatzeaz bakarrik arduratu zaitezen. Zentzu horretan taldea apustu handia egiten dabil.

Joseba Lopez –ezkerrean– eta Julen Arriolabengoa –eskuman–. Argazkia: teamcajarural-segurosrga.com

Ametsa bete duzun honetan, amestutako bizimodua daramazu?

J.A.: Bai, zalantza barik. Oso gaztetatik izan dut profesional bilakatzeko ametsa, eta iritsi naiz, gozatzen nabil. Lasterketa guztiak berriak dira niretako, eta ilusioz noa denetara. Egia da kirolari profesional askok ez dutela egiten duten horrekin gozatzen, baina ez da nire kasua. Bizitza estilo hau maite dut, entrenatzea ez zait gogorra egiten, ezta neure burua zaintzea ere. Eta egia da, baita ere, gauzak lasaitasunez hartzeko gaitasuna daukadala; hau da, ez dut txirrindulariaren bizimodua muturrera eramaten, badakit erlaxatzen. Gozatzen ibiltzeak ez du esan nahi egun guztiak zoragarriak direnik, noski. Badaude egun txarrak, baina hauxe da bizitza osoan egin nahi izan dudana.

Joseba Lopez: "Gogoan dut, iaz, O Camiñoko lasterketan ze zentsazio izan nuen. Kategorian berria zara eta nahikoa lan tropelean joaten, ezin duzu gehiago egin"

Amateur mailarekin alderatuta, zertan igarri duzu alde handiena?

J.A.: Jakinekoa da abiadurak, gogortasunak... ez dutela zerikusirik. Baina alde handiena elikaduran nabaritu dut. Amateur mailan lasterketan zehar jatekoekin edo edatekoekin deskuidatzen bazinen ere, normalean ez zen ezer gertatzen, lasterketak irabazteko borrokan egon zintezkeen. Hemen ez, dena egin behar da bikain, dena dago neurtuta. Nahikoa da etapa batean ondo ez jatea itzuli oso bat pikutara botatzeko; gero ez zara errekuperatzen.

Joseba, zuk fresko duzu profesionaletako lehenengo urtea zelakoa den; zelan ikusten duzu Julen?

J.L.: Oso ondo, ze lehenengo urtea zaila izaten da denondako; bereziki, hasierako hilabeteak. Egia da orain arte egutegi nahiko ezberdina izan dugula, ez gara elkarrekin askotan egon, baina hilabete gutxian heldutasun handia hartu du, ziklista egin da. Hona iristen zarenean amateur mailatik zatoz, han lasterketak irabazten ibili zara eta hemen konturatzen zara tropela ze azkar doan, eta zuk taldearendako lan egin behar duzula. Gogoan dut Mallorcan sufritzen ikusi nuela, baina denok bizi izan dugu prozesu hori. Tropel barruan jarraitzeko lanak izaten dituzu aurreneko lasterketetan. Ondo gogoan dut iaz nire hastapenak zelakoak izan ziren. O Gran Camiñon [Galizia] geunden eta sekulako parte-hartzea zegoen: Remco, Vingegaard, Ayuso, Roglic... Tourra zirudien horrek. Une batean, Bora taldea tiraka jarri zen, eta benetan esaten dizut, beldurra pasa nuen bizikleta gainean. Ez nintzen ezer egiteko kapaz izan, etapa guztiak tropelean egin nituen, eta han ere larri. Gero ohitu egiten zara, baina hasieran...

Julen Arriolabengoa. "Lasterketetan zehar elikaduran nabaritu dut alde handiena. Hemen ezin zaitezke despistatu, bestela ez zara errekuperatzen. Oso neurtuta dago dena"

Lesio batek eten zizun progresioa...

J.L.: Bai; hilabetez geratu egin behar izan nuen eta horrek ere ez zuen lagundu. Eskerrak denboraldi amaieran egoerari buelta eman nion; Kroaziako Itzulian, esaterako, onenekin batera ikusi nuen neure burua. Eta behar nuen halako denboraldi amaiera bat. Pentsa, profesionaletara pasa nintzen Espainiako txapeldun izanda, eta inoiz baino lan gehiago eginda ere larri ikusten duzu zeure burua. Zalantzak etortzen zaizkizu orduan, baina aurrerapauso bat eman nuen, egokitu egin nintzen kategoriara, eta denboraldi amaieran uxatu egin nituen zalantza haiek.

Julen Arriolabengoa: "Esango nuke maiatzetik hona aurrerapausoa eman dudala, kategoriara asentatzen nabilela"

Eta aurten dagoeneko lortu duzu lasterketa bat irabaztea.

J.L.: Bai; iazkoa ondo amaituta, neguan motibatuta ibili naiz, eta denboraldi hasiera ona egin dut. Itzuliko ibilbidea ikusita, taldean komentatu nuen pozik egingo nuela etxeko lasterketa, eta ez zidaten baieztatu, baina kontuan hartuko zutela esan zidaten. Hala, aste batzuk lehenago –martxoan–, Classica Arrabidan oso hanka onak nituela ikusi nuen, eta lasterketak irakurtzeko erraztasuna daukadala uste dut. Bi gauza horiek batzen direnean garaipenak errazago etortzen dira, eta Arrabidan lasterketa irabaztea lortu nuen. Konfiantza ematen dute garaipen horiek, erakusten dute profesionaletan ere kapaz zarela irabazteko. Eta garaipen horrek zabaldu zizkidan Itzulian egoteko ateak.

Hain justu, Itzulian Vingegaard eta konpainia Oleta eta Kruzeta artean erori zirenean, zu ihes eginda zindoazen...

J.L.: Halaxe da; ez dut egun hura berehalakoan ahaztuko. Berezia izan zen Gasteiztik eguneko ihesaldian sartuta pasatzea. Sei lagun gindoazen aurretik, eta Kruzeta jaisten aurreratu egin nintzen. Baina orduan etorri zen atzekoen erorketa, eta lasterketa neutralizatu egin zuten orduan; gero, ihesaldian gindoazenon artean lehiatu behar izan genuen etapa. Ez zen gozoa izan egoera hartan etapa lehiatzea... Baina tira, aurrera egin behar izan genuen eta etapa irabazteko apustua egin nuen. Helmugara bidean seikotea apurtu egin zen, eta aurrekoak harrapatzen saiatu nintzen banekielako esprintean azkarrena izan nintekeela. Baina hustu egin nintzen lan horretan, eta seigarren izan nintzen. Ez nituen erabaki onak hartu, baina ikasgai ona izan zen.

Julen, zu ere hasi zara etapetan gozatzen...

J.A.: Bai, postu txukunak lortzen ere hasi naiz. Greziako Itzulian, esaterako, oso etapa gogorra geneukan aurretik eta saiatzea erabaki nuen. Tropeletik hiru lagunek egin genuen ihes eta 200 kilometro egin genituen bakarrik. Helmugatik 8 kilometrora harrapatu gintuzten, gozatu egin nuen, esperientzia polita izan zen.

Joseba Lopez: "Itzulian gertu ikusi nuen garaipena, esprintera iritsi nahi nuen azkarrena izan nintekeelako, baina aurrekoak harrapatu guran hustu egin nintzen"

Julen, ziklista gisa zelakoa da Joseba?

J.A.: Langile nekaezina da; iritsi den tokira iritsi bada izan da besteok baino lan handiagoa egin duelako. Inork ez dio ezer oparitu, sekulako dedikazioa izan du. Lasterketan, berriz, intuizio handia izaten du, oso ona da etapak irakurtzen.

Joseba, zelakoa da Julen ziklista gisa?

J.L.: Eskalatzaile peto-petoa da, oso igotzaile ona. Lehen esan bezala, urte erdian aurrerapauso handia eman du eta taldera eta kategoriara ondo egokitu da. Bestalde, etaparen ezaugarriak ez badira harendako aproposak, sekulako talde-lana egiteko kapaz da. Etapa lauetan ez dauka arazorik aurrean jarri eta daukana emateko. Izan ere, garrantzitsua da hori.

Galdera azkarrak:

  • Lasterketa bat?

Julen: Alpe D'huez-en amaituko litzatekeen bat. Hori da nire mendate gustukoena.

Joseba: Donostia Klasikoa. Gainera, aurtengo edizioan parte hartuko dut lehenengoz eta ilusio galanta dut.

  • Bizikletan okerren daramazuna? Eta ondoen?

Julen: Bizikleta gainean hotza pasatzea da okerren daramadana. Entrenatzea ez zait batere kostatzen, gustura egiten dudan zerbait da.

Joseba: Psikologikoki neure buruarengan konfiantza izatea, hori da gehien kostatzen zaidana / Elikadura zaintzea eta gogor entrenatzea ez dira arazoa niretako.

  • Deskonektatzeko toki bat?

Julen: Mendia deskonektatzeko leku aproposa da. 

Joseba: Bizikleta gainean deskonektatzen dut.

  • Gustuko ziklista baten ezaugarri bat nabarmendu.

Joseba: Remco Evenepoelek daukan garaipen gosea.

Julen: Mikel Landak duen erregulartasuna.

  • Ziklismoa ez den zaletasun bat?

Joseba: Egia esan, bizikletatik kanporako zaletasun horren bila jarraitzen dut oraindik.

Julen: Eskupilota.

  • Txundituta geratu zaren momentu bat?

Joseba: Pogacarrek Tourrean egin duen erakustaldiarekin flipatu dut gehien. Momentu bat esatearren, Plateau de Beilleko etapa.

Julen: Tourrean, –hamaikagarren etapan–, Vingegaardek Pogaçar atzean utzi zuenean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak