Lurraldebuseko indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prestatzeko urratsak egiten dihardute

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko uzt. 24a, 12:07

Morras, Txurruka, Dominguez, Gurrutxaga eta Urdalleta, eginiko batzarrean. Irudia: Foru Aldundia.

Azahara Dominguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua, Debagoieneko emakumezko alkate batzuekin batzartu da gai honetaz jarduteko. Batzarrean izan dira Maialen Gurrutxaga, Izarra Urdalleta eta Alazne Txurruka ere, Elgoibarko, Segurako eta Debako alkateak, hurrenez hurren.

Lurraldebuseko indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prestatzeko urratsak egiten dabil Gipuzkoako Foru Aldundia, eta horretan aurrera egitea da, hain justu, Maider Morras Arrasateko alkatearekin eta Izaro Elorza Oñatikoarekin eginiko batzarraren helburua, Azahara Dominguez diputatuaren hitzetan: "Protokolo horrek barne hartzen du zerbitzuak eskaintzea autobusen barnean, geralekuetan eta haietarako sarbideetan –azken biak udalaren eskumenekoak dira–", erantsi baitu emakume elkarteekin eta emakumezko erabiltzaileekin elkartu ondoren baieztatu dutela "emakumeek jasandako segurtasunik gabeko une batzuk ibilgailutik kanpo" gertatzen direla. Beraz, indarkeria matxistarik gabeko gune bilakatu nahi dituzte espazio horiek: "Beharrezkoa da garraio publikoa emakume guztientzako espazio seguru bat izatea, baita igo baino lehen ere. Horretarako, udalekin aritu behar dugu elkarlanean, denon artean emakumeen kontrako indarkeria mota denak zabaltzeko pausoak emateko".

Era berean, erabiltzaileen datuen berri ere eman du Dominguezek, eta hamarretik sei emakumeak direla azaldu du. Bada, haietako batzuekin izan da: "Sail honetatik eskuz esku lan egin nahi dugu Lurraldebusen unibertsoa osatzen duten eragileekin, langile zein erabiltzaile, eta zerbitzua ematen dugun udaletan, gizarteko esparru guztietan emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko bidean aurrera jarraitzeko". Garraio publikoa "pertsonen beharretara egokitu" behar dela uste du, baina, batik bat, "beharrezkoa" dela emakumezko erabiltzaileak "eroso eta seguru" egotea garraio publikoa erabiltzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak