Ulmak teknologia industrialen proiektuak bultzatu nahi ditu Mondragon Goi Eskola Politeknikoan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko uzt. 23a, 13:13

Garcia, ezkerretik lehena, eta Gabilondo, eskuinetik lehena. Irudia: Ulma.

Hitzarmen bat sinatu dute bi aldeek, eta Ulma Gela proiektua abiatuko dute 2024-2025 ikasturtearen hasieran, batik bat, bi gai lantzeko: adimen artifiziala eta fabrikazio industrialeko prozesuen eraginkortasuna.

Ulmak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak, "aliantza indartzeko eta talentu gazte espezializatua sustatzeko" asmoz, akordio bikoitza sinatu dute, eta, hala, azaldu dute Ulmak teknologia industrialerako proiektuak bultzatuko dituela hezkuntza zentro horretan, Ulma Gela sortuta; "eskualdeko etorkizun industrialerako giltzarri diren arlo teknologikoetan ezagutza eta proiektu berritzaileak garatzeko gunea", alegia. Haien hitzetan, "trebetasun espezializatuen eskaerak eta bilakaera teknologiko azkarrak unibertsitatearen eta enpresaren artean etengabeko talentu, ezagutza eta esperientzia trukea" eskatzen baitu. 

Iñaki Gabilondok, Ulma Taldeko zuzendari nagusiak, nabarmendu du "etorkizuneko industria eraikitzen" ari direla, ikuspegi sozioenpresarial batetik "eragin positiboa izaten jarraitzeko" haien ingurunean: "Pertsonen, garapen profesionalaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten dugu, gure produktuak eta soluzioak munduko edozein gelatan gauzatu ahal izateko". Carlos Garciak, berriz, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile orokorrak, erantsi du euren "eginkizun nagusiena" Ulma Taldeko kooperatiben "posizio lehiakor globala hobetzen lagunduko duen ezagutza teknologikoa transferitzea" dela: "Ulmako profesionalek, gure ikertzaileek eta gure ikasleek parte hartzen duten proiektuen bidez egingo dugu, bertako teknologiarekin espezializatuz, bertako etorkizuneko teknikari, ingeniari eta ikertzaile bihurtu aurretik".

Ulma Gelaren jarduna

Hitzarmen honen asmoa, azaldu dutenez, bi aldeen intereseko arloak bultzatzea da, "talentuak, ezagutzeak eta teknologiak funtsezko pisua duten une honetan". Hor zehazten dute, gainera, Ulma Gela sortzea eta finantzatzea: "Espazio hori Goi Eskola Politeknikoko instalazioetan egongo da, eta ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektuetan lankidetza erraztea bilatuko da. Horretarako, sortu berri diren bi katedra erabiliko dira: horietako bat adimen artifizialaren ingurukoa, eta bestea fabrikazio industrialeko prozesuen eraginkortasunarekin lotutakoa". Helburuei dagokienez, epe luzeko lankidetza zientifikoa eta teknologikoa sustatzea da nagusietako bat, baina badira gehiago: "I+G proiektuak garatzea, gradu eta masterreko ikasleen talentua erakartzea ikasketa amaierako proiektuak eta lanak egiteko, Ulmako profesionalen prestakuntzan parte hartzea, eta gai jakin batzuk unibertsitateko ikasketa planetan eta prestakuntza programetan txertatzea".

Ulma Gelan bultzatzen diren katedra horiek irailean hasiko dute euren jarduna, 2024-2025 ikasturtearen hasierarekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak