Uribarri Ganboako elizan ekitaldia egin zioten Velez de Mendizabali eta hango herritarrez gain, Aramaiotik, Arrasatetik eta Gasteiztik ere joan zen jendea, baita udal ordezkariak ere. "Erantzun bikaina izan zuen ekitaldiak, zirraragarria izan zen", adierazi du.
Doke Antzerki Taldeko zuzendari ohi Itziar Rekalde aspaldiko laguna du aramaioarrak eta hark gidatu zuen atzoko saioa, Velez de Mendizabalen bizitzaren nolabaiteko laburpena eginez. "45 urte baino gehiago dira elkar ezagutzen dugula eta ondo ezagutzen nau. Badaki nondik nora hitz egin eta, egia esan, asko gustatu zitzaidan bere tartea".
Gasteizko Urrezko Zeledon taldeko kideak ere joan ziren eta txistulariek alaitu zuten ekitaldia. Aurreskua ere egin zioten. Gero, atzoko protagonistak berak ere hartu zuen berba, zertzelada eta mugarri batzuk aipatuz. Ekitaldiaren ostean, bazkaria "giro politean" egin zuten, eguna borobiltzeko.