Velez de Mendizabal, Uribarri Ganboako semekotzat izendatuko dute bihar

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko uzt. 19a, 09:26

Velez de Mendizabal, sendi giroan bankuaren erdian eserita, Uribarri Ganboako urtegia atzean dutela. (Argazkia: J. Velez de Mendizabal).

Bihar, zapatua, jasoko du izendapena Josemari Velez de Mendizabalek, 13:00etan herriko elizan egingo dioten ekitaldian. Dio han atera diola benetako zukua bizitzari, eta maitatua sentitzen dela, nahiz eta azpimarratu duen Aramaio ere ez daukala saltzeko.

Josemari Velez de Mendizabal (Aramaio, 1949) Uribarri Ganboako semekotzat izendatuko dute bihar, zapatua, 13:00etan herriko elizan egingo duten ekitaldian. Oso pozik jaso zuen izendatua izango den notizia. "66 urte dira ni hona etortzen naizela. Hasiera batean, nire gurasoei esker, hemen etxe bat egin zutelako, eta gero, nik nirea egin nuelako, eta orain dela sei hamarkada baino gehiago hemen bizi ditut orduak. Izan ere, behin baino gehiagotan idatzi izan dudan moduan, bizi benetan bizi eta zukua atera bizitzari, Uribarri Ganboan egiten dut", adierazi du.

Hala ere, gogorarazi nahi izan du Aramaio ere ez daukala salgai, inondik inora ere. Izan ere, dio haren "bihotzeko" bi herriak direla Aramaio eta Uribarri Ganboa. Arrasaterekin daukan harremana, berriz, oso "zerebrala" dela dio, Arrasate "buruan" daukala baitio.

Haren uztatik herriari ematen

Uribarri Ganboak asko eman dio Velez de Mendizabali, baina hark ere bere uztatik asko eman dio herriari: "Sei hamarkada hauetan disfrutatu egin dut eta ahalegindu naiz nire uztatik ere ematen nire herriari; ikertu dut historia, ikertu dut etnografia, egin ditut liburu batzuk herri honen inguruan, dokumental batzuk ere filmatu ditut etnografiari eta historiari buruzkoak, batez ere, etnografiari buruz, eta horrelako batean etorri zitzaidan hemengo alkatea eta esan zidan: "Aizu, semekotzat egin behar zaitugu". Eta gelditu nintzen flipatzen. Aramaioko seme kuttuna izateaz gain, hemengo semekotzat hartzen baldin banaute, niretzako egundoko plazera, ohorea eta konpromisoa da", esan du.

Martxoaren 27an onartu zuen aho batez bertako kontzejuak Velez de Mendizabal bertako semekotzat izendatzea, eta, Santa Marina jaien barruan, orain jasoko du izendapena.

Adierazi du maitatua sentitzen dela herrian, eta hauxe gaineratu du: "Ezagutzen ditut herriko sukalde guztiak eta sukaldean daudenak eta aurretik egon direnak ere bai, gehiago dauzkadalako beste munduan hemen baino. Nire lagunak ere Uribarri Ganboan ditut".

Artxibo digitalizatuekin lanean

1999an Aramaioko seme kuttun izendatu zuten, eta dio "zorionez" Aramaioko artxiboaren digitalizazioa egin zutenean Udalak eman ziola kopia bat, eta, orduan, ez daukala artxibora joan beharrik, haren ordenagailuan daukalako Aramaioko artxibo historikoa eta bertan egiten dituelako lanak. Uribarri Ganboarekin ere gauza bera: 100 lagun inguru erroldatuta dauden herri txiki bat da, baina, Velez de Mendizabalen esanetan, "sekulako artxiboa" dauka. Hori ere digitalizatuta dago, eta kopia dauka.

Gaur egun jarraitzen du artxiboko lanekin; horrek "bizitza" ematen diola aitortu du. Arrasateko kontuak ere lantzen ditu, hiru leku horiek baitira haren lan-esparru geografikoa. Hala ere, hauxe azaldu du: "Nire baitan badago susmoa aurrerantzean denbora gehiago eskainiko diodala Uribarri Ganboako ikerketa lanari Arrasatekoari baino. Baina hori diot Arrasaten askoz gehiago egin dudalako". Esan du, gainera, Uribarri Ganboako jendea "oso eskuragarria" dela.

Herrian egindako lan guztiaren aitortza jasoko du bihar, "lana eta atxikimendua", zehaztu du Velez de Mendizabalek, inplikatu izan delako ez bakarrik ikerketa lanetan, kaleko lana ere egin izan duelako eta horretan jarraitzen duelako oraindik. Esaterako, taldeak mendira eraman izan ditu gerrako trintxerak nolakoak ziren erakustera, edota aprobetxatu izan du baita ere hark dakien hori beste herritar batzuei erakusten.

Gasteizko Urrezko Zeledon izendapena jaso zuen 2013an, eta 2016a ezkero da elkarteko presidentea. Orain, hirugarren izendapena jasoko du, eta "ordaindutzat" sentitzen dela azpimarratu du. Iragarri du 2025ean Gasteizko Urrezko Zeledon elkarteko presidente izateari utziko diola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak