Ikusteko dago, domekan, Lehendakari Txapelketako hirugarren proban, amateur mailako ziklistak zer moduz moldatzen diren Apotzagara igotzeko dauden porlanezko malda gogorretan –Txarapeatik gora–. Bi kilometroetako igoera da, tarte batzuetan malda gogorrak ditu, eta Apotzaga-Etxebarritik Apotzagarako tartea porlanezkoa da. Hori da aurtengo Dorletako Ama sariak (Irteera neutralizatua 09:30ean Leintz Gatzagan) dakarren nobedade handiena. "Proba gogortzea eskatu izan digute, iaz sare sozialetan ere halako eskaerak egin zizkiguten, baina guk garbi dugu gurea mendatez osatutako lasterketa bat dela, ez proba lau bat, horrenbestez, ez ditugu nahi saihesbidean alperrikako kilometroak gehitu. Horregatik erabaki dugu ibilbidean aldaketak egin eta ziklistak Apotzagatik sartu, hor izango dute hankak non berotu", adierazi dio GOIENAri Joxerra Agirreurretak.
Hala, txirrindulariek Gatzagan hasiko dute lasterketa, eta Arrasateko Eroskiraino jaitsi ostean Aretxabaletatik –herri barrutik– eta Eskoriatzatik –herri barrutik– pasa ondoren Gatzagako maldak igoko dituzte lehenengoz (10:30).
Arlabango mendatea kontuz jaitsi beharko dute ziklistek, errepidea mendiko bizikletarekin jaisteko moduan dagoelako, eta hor etorriko dira aldaketak, ziklistak ez direlako ostera ere Eroskiraino jaitsiko. Behin Mugarriko biribilera iritsita, ziklistek Aretxabaletarantz hartuko dute ostera ere, eta herria Duranatik zeharkatu eta gero –esprint berezia dago hor–, Portasoletik pasa eta Markolen Txarapearantz abiatuko dira, ondoren Apotzaga-Etxebarriko malda gogorrei aurre egiteko –AP1 azpitik– (11:05).
Hor, lehenengo kilometroetan oso asfalto ona izango dute, baina gero, Apotzaga-Etxebarrin ezkerretara hartuko dute, eta azken kilometroa porlanezkoa izango dute –Aretxabaletatik Apotzagara 160 metro igo beharko dituzte–. Txirrindulariak Apotzagara hilerriaren ondotik iritsiko dira (11:18), lehenago San Bernabe ermita atzean utzita, eta handik Eskoriatzarako bidea hartuko dute, hor ere herria barrutik gurutzatu eta Gatzagako bigarren igoerari ekingo diote. Eta, ziklistek bigarren aldiz itzuli berbera egingo dute, (Apotzagatik 12:30ean) Gatzagako herriko helmugan irabazlea erabaki arte (12:50). Rutometroa, hemen.
Ibilbide berriarekin, gainera, antolatzaileek lortu dutena da saihesbideko kilometroak kentzea, Aretxabaletako eta Eskoriatzako herriak ere barrutik zeharkatuko dituztelako zilkistek. "Ikusiko dugu zer emaitza ematen duen, baina uste dugu polita geratuko dela, eta aparteko ekarpenik egiten ez duten lautadako kilometroak kendu ditugu horrela".
Caja Rural orain arte agintzen
Lasterketako parte-hartzaileei dagokienez, aste barruan dagoeneko 120 ziklistak emana zuten izena, eta ikusteko dago Lehendakari Txapelketako aurreko bi lasterketetan moduan –Arrateko Igoera eta Antzuola Saria– Gatzagako herri barruko harbidean ere Caja Ruraleko ziklistaren bat nabarmentzen den, aurreko lasterketetan eurak izan dira eta jaun eta jabe.