Laboral Kutxak 2024ko hazkunde aurreikuspenak berritu ditu. Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendari Joseba Madariagak eta Ikerketa Departamentuko zuzendaria Ibon Urgoitik eman dute aurreikuspen datu eguneratuen berri Bilbon
Datu berrien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia % 2 haziko da 2024an. Enpleguarekin dagokionean, langabezia tasa %7,5ean kokatuko dela uste dute; hau da, langabezia %1,8 haztea aurreikusten dute. Nafarroarako ere datu hobeak espero dituzte.
Urteko lehen hiruhilekoan ekonomiaren bilakaera hasiera batean esperotakoa baino hobea izan dela azaldu dute Madariagak eta Urgoitik. "Euroguneko ekonomia ia geldialdian zegoen 2023aren amaieran. Hala ere, 2024 honetarako aurreikuspenak nahiko baikorrak ziren, eta, urtearen hasieran hazkunde-tasa txikiak espero baziren ere, urtearen bigarren erdialderako tasa handiagoak aurreikusten ziren. Ekonomiaren barne-indarra zen aurreikuspen baikorren oinarria; zehazki, zerbitzu-sektore sendoa, langabezia-tasa minimoetan zuen lan-merkatua eta inflazioaren gainetik igotzen hasiak ziren soldatak, familien kontsumoaren portaera ona iragartzen zutenak. Errealitateak ustekabe positiboa ekarri du, ordea: 2024ko lehen hiruhilekoan aurrekoaren aldean izandako % 0,3ko hazkundea esperotakoa baino hobea izan da; areago, industria-sektorean ere antzeman da hobekuntza, eta horrek sendotu egin ditu hazkunde-aurreikuspenak. Txosten hau amaitzean dugun informazioa kontuan hartuta, %2,4ko hazkunde-tasa espero dugu Estatu osorako, % 2koa Euskal Autonomia Erkidegorako eta % 2,1ekoa Nafarroako Foru Erkidegorako. Datu horiek nabarmen egin dute gora pasa den abenduan eman genituenekin alderatuta".
Dena den, azaldu dute inflazioaren aurkako borroka ezin dela inola ere amaitutzat eman “nahiz eta beheranzko bide luzea egin dugun dagoeneko. Euroguneko urtetik urterako indize harmonizatua % 2,6koa izan da maiatzean, eta azpiko inflazioa, % 2,9koa. Datu horiek ikusita, luze joko du, itxuraz, Europako Baku Zentralak lortu nahi duen % 2ko helburua erdiesteak. Hori dela eta, Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseiluak arretaz jarraituko dio soldaten bilakaerari, euroguneko ekonomiaren barne-indarra ikusita, eta unean uneko datuetan oinarrituko ditu erabakiak”.
Laboral Kutxaren txostena hemen.