Etorkizunera begira da 'Euskararen Gogoetagunea' argitalpena

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko uzt. 2a, 14:13

Jon Sarasua, Eider Mendoza, Andres Urrutia eta Nuria Agirre, prentsaurrekoan. Irudia: Euskaltzaindia.

Euskaltzaindiak aurkeztu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Laboral Kutxarekin batera. 2022tik gaur egunera arteko proiektu baten emaitzetako bat da, urrats gehiago egingo dituena aurrera begira.

Euskararen etorkizunera begira da Euskararen Gogoetagunea argitalpena, Jon Sarasua proiektuaren koordinatzaileak adierazi duenez: "Euskararen etorkizun-ikuspegi artikulatua osatzeko ariketan pausoak eman ditu Euskararen Gogoetaguneak 2022tik hona. Abiapuntuko bi ponentzia landu, kontrastatu eta argitaratu ditu: batetik, egoeraren ponentzia; eta bestetik, etorkizun-ikuspegiaren ponentzia sintetikoa". Hain justu, Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak landu dute Sarasuak aipatutako lehen ponentzia: Euskararen egoera soziolinguistikoa: ikuspegi orokorra; bigarrena, berriz, Sarasuak berak ondutakoa da: Euskararen etorkizun-ikuspegia.

Bi urteotan eginikoa, beraz, argitalpenean txertatu dute, eta Sarasuak beste proiektu batzuk ere iragarri ditu: "Ponentzia sintetiko honen ondoren, beronetan aipatzen diren arlo eta adarren garapena egiten duten ponentziak martxan dira: batzuk jadanik landuak eta kontrastatuak, eta beste batzuk, lantze-bidean". Zehazki, erantsi du landuta dituztela administrazioaren, hedabideen eta helduen euskalduntzearen etorkizun-ikuspegiari buruzko txostenak, eta haiek osatuko dutela hurrengo argitalpena. "Horiekin batera, beste arlo batzuetako ponentziak abiatuta daude, arlo horietako adituen eskutik".

Proiektuaren jatorria

Euskararen Gogoetagunea proiektua 2022an aurkeztu zuen Euskararen Akademiak, eta Euskaltzaindiaren Jagon saila arduratu da egitasmoz orduz geroztik. Sustatzaileen hitzetan, "hizkuntza komunitatearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak arrago batera biltzea" du helburu, "ikuspegi desberdinak elkarrizketan jartzeko moduko sinesgarritasunaz".

Hala, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak, esaterako, lanean aritu diren adituen eta egitasmoen garrantzia azpimarratu du: "Euskaren biziberritze prozesua apalaldi batean sartzeko arriskuaz ohartarazten ari dira eta, testuinguru horretann, lehen mailako garrantzia du espazio honek". Hala, Aldundiaren konpromisoa berretsi du Gogoetaguneak markatzen dituen "koordinatu horiek gure egin eta elkarlanean norabide horretan ekarpena egiteko". Andres Urrutia euskaltzainburuak, berriz, gogoan izan du Euskaltzaindiaren zereginetako bat dela "euskara jagotea eta aitzinatzea", eta, aldi berean, Gogoetagunean euskarak bizi duen egoera aztertzen dabiltzala, hausnarketa horiek gizarteari eta erakundeei eskaintzeko. Azkenik, Nuria Agirre Laboral Kutxako Pertsona eta Baliabideen saileko zuzendariak azpimarratu du "euskarak elkarlanerako beste aukera bat" ematen diola erakundeari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak