Joan den astetik udan sartuta dago Debagoiena

Gontzal Belategi Zubia 2024ko eka. 28a, 11:26

Jendea igerilekuan bainatzen, Arrasaten.

Konturatu orduko, uda ere heldu da ibarrera. Udaberriari erreparatuta, ohiko eguraldia egin duela diote adituek, nahiz eta azken hilabeteak euritsuak izan diren. Udari dagokionez, eguraldi aldetik ona izatea espero da, eta Urkuluk betetze maila ona du

Ekainaren 20an, erabat zehatzak izateko 22:51n, heldu zen uda Euskal Herrira, eta, horrenbestez, Debagoienera. Kalean geroz eta gehiago ikusten dira praka motz, tirante eta sandalia estiloko jantziak, nahiz eta kasu batzuetan aterkiaz lagunduta joan. Udarekin batera, uda-giroko planak egiten hasi dira debagoiendarrak: herri eta auzoetako jaiak, udalekuak, oporraldiak, mendi irteerak eta abar.

Udaberriko eguraldia

Euskal Herriko klima ezagututa, planak egiteko komenigarria izaten da zein eguraldi izango den aurrez jakitea. Eguraldi iragarpenak begiratzea, edo, zuzenean, etxetik irten aurretik leihotik begiratzea ohiko fenomenoak dira Euskal Herrian. Gainera, azken hilabeteetan izan den eguraldi aldakorrak ohikoago bilakatu du kontu hori.

Ez dira gutxi izan eguraldiaz eta, bereziki, euriaz kexatu diren debagoiendarrak. Hala ere, Joxe Landa adituaren arabera, udaberria nahiko normala izan da: "Esango nuke udaberria normal joan dela. Aurten ez da aparteko ezer gertatu, dena ondo joan da". Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoa bat dator Landarekin, nahiz eta beroa aipatu: "Orokorrean, udaberri klimatologikoa; martxo, apiril eta maiatzekoa beroa izan da. Batez bestekotik gora egon da, baina gradu erdi bakarrik; beraz, ez da aldaketa handirik izan".

Tenperaturaren batez bestekoa ohikoa baino gradu erdi gehiagokoa izan arren, udaberrian zehar izandako tenperatura aldakorren eragina izan dela azaldu du Salazarrek: "Udaberriaren lehen zatia bai izan zen oso beroa, baina horren ostean euria eta hotza etorri dira".

Azken hilabeteetan euri asko egin arren, udaberria bera ez da horren euritsua izan: "Jasotako kopuruek esaten digutena da udaberri nahiko normala izan dela. Kontrara, normalean baino pixka bat lehorragoa izan da. Nahiz eta azken hilabeteak euritsuak izan, udaberri osoan normalean baino euri gutxiago egin du". Arrasateko datuak aipatu ditu Salazarrek hori azaltzeko: "Arrasaten, adibidez, metro karratuko 269 litro pilatu dira hilabete haietan zehar".

Udarako aurreikuspenak

Salazar ez da ausartzen uda osorako aurreikuspenik egiten: "Urtaro osoko iragarpenak ez dira oso fidagarriak. Guk lehen egunak zelan etorri daitezkeen aurreikusten dugu, baina uda osoa ez. Goizetan beroa egiten du eta arratsalde-gau partean ekaitzak hasten dira; batez ere, barnealdean. Asteburu honetan tenperatura jaitsi egingo da 20 gradu ingurura, eta gero, berriro tenperaturak gora egingo du, baina hori esan dezakegu, gehienez".

Landa bai ausartu da udarako iragarpen egitera, eta ona izango dela dio: "Oso ondo abiatu da, bikain. Tenperaturak ondo daude, eta, ostiralean euriarekin batera pixka bat jaitsiko diren arren, ez du askorik iraungo horrek. Udari, bestela, tankera ona hartzen diot, orokorrean; eguraldi eguzkitsua izango dugu".

Urkuluren betetze maila

Urkulu urtegiaren betetze maila kaxkarrak kezka eragin zuen joan den urtean. Hala ere, egungo egoera oso bestelako da Gipuzkoako Ur Kontsorzioko Debagoieneko antolaketa-buru Aitor Irizarren arabera: "Iazko egoera ikusita, 2023ko ekain bukaeran %63-64an geunden eta gaur, aldiz, %94tik gora. Alde oso nabarmena dagoela argi dago". Ur maila ona izan arren, ura zaindu egin behar dela gogorarazi du Irizarrek: "Oraingo egoera normaltzat hartu dezakegu, ohikoa baino pixka bat hobea. Ur nahikoa daukagu uda eta udazken oso lehorrei aurre egiteko, inongo arazorik gabe. Hala eta guztiz ere, urtegia eta ura zaintzen jarraitu beharra dago, ur tanta bakoitza aprobetxatzeko".

Debagoienean bainatzeko txokoak

Udako beroari aurre egiteko ohiko formula da bainatzea. Bainu-leku bila ez da kostara joateko beharrik, Debagoienean bertan ere ugariak dira-eta freskatzeko aukera bermatzen duten espazioak. Bainu denboraldia irekita dagoen honetan, hauek dira eskualdeko bainu-lekuak:

  • Aramaio
    • Ur-txorroten parkea
    • Albina urtegia
  • Antzuola
    • Ur-jolas parkea
  • Arrasate
    • Musakolako igerilekua
    • Uxarteko igerilekua
    • Santa Barbarako ur-parkea
    • Villa Amparoko ur-parkea
  • Bergara
    • Agorrosingo kanpoko igerilekua
    • Deba errekako putzuak
    • Labegaraietako ur-txorrotak
  • Eskoriatza
    • Gaztañaduiko ur-jauzia
    • Umeentzako igerilekua kiroldegian
  • Oñati
    • Usako
    • Ur-uhinen parkea
    • Umeentzako igerilekua kiroldegian

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak