Uda iritsi bezain pronto ekin diote Debagoieneko herrietako udaleku irekiek jardunari. Herri guztietan egongo da eskaintza, eta, guztira, 2.051 neska-mutiko eta 253 begirale arituko dira. Herri batzuetan hasi dira dagoeneko; beste batzuetan, berriz, datozen egunetan ekingo diote.
Eredu berarekin lanean
Udalekuetako helburu nagusietako bat da haurrek bertako ekintzekin ondo pasatzea, jende berria ezagutzea eta udalekuek irauten duten denbora guztiaz gozatzera. Baina horren guztiaren atzean badaude zenbait balio, eta horietan oinarritzen dira bailarako herrietako koordinatzaileak uztailean zeharreko ekintza guztiak sortzeko eta haurrak hezteko moduak zehazteko. Herrietako koordinatzaileek adierazi dute bat egiten dutela aisialdi eredu eta helburu berberekin: "Udalekuen bidez haurrei gauza asko eskaini nahi dizkiegu, baina, batez ere, ondo pasatzea izango da helburua. Ume bakoitzak izan dezan askatasuna lotsa galdu eta udalekuetan norbera izanda primeran pasatzeko. Gainera, egingo dituzten ekintzen bidez gauza berriak ikasteko aukera ere izango dute. Aisialdi ereduari dagokionez, batez ere euskara bultzatuko duten udalekuak izango dira, baina, horrez gain, berdintasuna, ingurunearen zaintza, talde izaera eta besteekiko errespetua ere landuko ditugu. Hau guztia aurrera eraman ahal izateko, begiraleok askotariko ekintzak prestatu ditugu eta horietan haurrek gauza berriak probatzeko aukera ere izango dute".
Bestelako udalekuak
Udaleku irekiez gain, bailarako hainbat herritan ere antolatu dituzte bestelako udalekuak. Arrasaten, esaterako, Mondrak, Mondratek, Arrasate Eskubaloik eta Ointxek udako campusak antolatu dituzte; UDAk futbol campusa antolatu du eta bailarako beste herri batzuetan kirol kanpaina ere egongo da; Oñatin eta Bergaran, esaterako. Bergararekin jarraituz, udako irristaketa eta hockey campusa egongo da Labegaraietan uztailaren 22tik 26ra –aste honetan Aramaion egin dute– , 6 eta 13 urte bitarteko gaztetxoentzat. Horrez gain, Oñatin arte udalekuak egongo dira, beste urte batez; Arrasaten, berrikuntza gisa, baso udalekuak egongo dira uztailaren 22tik 26ra bitartean eta Bergarako Laboratoriumen eta Miguel Altunan campus teknologikoa egingo dute uztailaren 1etik 5era, "teknologiaren bidez sortzeko gaitasuna garatzeko; besteak beste, 3D diseinuari, 3D inprimaketari, mekanizazioari, mekanika muntaiari eta zirkuitu elektrikoei dagokien kontuetan. Gainera, erronka dinamikoen bitartez, talde-lana, pentsamendu logikoa eta arazoen konponbidea lortzeko gaitasuna garatzea" ere badute helburu campuseko antolatzaileek.
Aramaion zenbait ekintza
Aramaioko haurrek ere izango dute zertaz gozatu uztailean; izan ere, zenbait ekintza antolatu ditu Udalak, Txirritola elkartearekin batera: hondartzara bi txango, Albiñara (Araba) gaua pasatzera irteera, afari-merienda bat Ganborralden eta sukaldarien liga.