Jose Mari Balzategi: "Garbi daukagu proiektua bertakoekin egin behar dugula"

Xabier Urtzelai 2024ko eka. 21a, 19:00

Jose Mari Balzategi, aste barruan.

Mondragon Unibertsitateko neskek LF2 mailan jokatuko dute datorren denboraldian; zuzendaritzak lortu du maila horretara igotzeko gutxieneko aurrekontua osatzea.

Azken hilabetean Ointxe!-tik ahal izan dituzten ate guztiak jo dituzte MUko neskak LF2 kategoriara igo daitezen; alegia, Granadako kantxan lortutako ametsa errealitate bilakatzeko. Hilabete eroa izan da Jose Mari Balzategirendako (Arrasate, 1959) eta zuzendaritzako gainontzeko kideendako, baina lortu dute helburua. Hori bai, garbi utzi dute gutxieneko aurrekontua dutela; babes gehiago lortzeko lanean jarraitu beharra dute. 

Mailaz igotzea erabaki duzue; erabaki erraza izan da?

Orain esango dizut baietz, erabakia erraza izan dela, baina honaino iristea ez da erraza izan, inolaz ere ez. 

Zelakoa izan da azken hilabetea?

Batzarrez betetakoa; ateak jo ditugu han eta hemen. Guztira, esango nuke 40 enpresatara jo dugula babes eske; ate batzuk itxita aurkitu ditugu eta beste batzuetan erantzun positiboa izan dugu. Baina bai, uda partean asmoa dut liburuxka bat idazteko, aitzakien dekalogo moduko bat; denetarik entzun dugu, batzuk oso originalak; kar-kar.

Hilabete baino ez da igaro MUk Granadan igoera lortu zuenetik...

Ze pozik itzuli ginen handik, baina baita bertigo handiarekin ere. Bagenekien ze lan geneukan aurretik. Hala ere, hasieratik sentitu genuen babesa, bertako udalen partetik jarrera ona, eta horrek bultzada eman zigun.

Segituan esan zenuten 130.000 euro inguru beharko zenituztela.

Esango nuke kopuru horretara iritsi garela, baina hori gutxieneko aurrekontua da. Egia da gutxi gorabeherako aurrekontu bat dela; izan ere, ez dugu jakiterik zenbat diru beharko dugun seguru. Baditugu finkoak izango diren gastu batzuk; alegia, lizentzietan 15.000 euro joango zaizkigula, partiduko epaileen gastuak 500 eurokoak izango direla... Baina ez dakigu, esaterako, bidaietan zenbat diru gastatuko dugun; Tenerifera behin edo hirutan joan beharko dugun, taldea indartzeko zenbat gastatu beharko dugun... Halako gastuen berri oraindik ez dugu, eta garbi dugu babesa bilatzeko ahalegina oraindik ez dugula amaitu; bestelako ekintzak egiten joango gara aurrerago.

Ointxe!-ko zuzendaritza taldea, aste barruan, LF2 ligara igoko zirela erabaki berritan.

Laguntza publikoa eta pribatua behar izaten dira halakoetan; gaur egun zer da zailagoa lortzen?

Esango nuke biak daudela maila berean. Babes publikoaren aldetik, esaterako, Arrasateko eta Aretxabaletako udalen partetik oso jarrera ona ikusi dugu, babestuak sentitu gara, baina kontziente gara udalek euren mugak dituztela. Foru Aldundian, bestetik, hasieratik geneukan garbi Kirolgiren partetik zail izango genuela ezer jasotzea, euren estatutuetan jasota daukatelako babesletzak Gipuzkoako bi talde nagusiendako izango direla, eta gu hirugarrena gara. Saiatu gara Foru Aldundian EH Bildukoekin egoten, EAJkoekin, sozialistekin... ea bestelako laguntzarik jaso genezakeen... Turismo Sailetik, Berdintasun Sailetik... baina ez dugu erantzunik jaso. Eta Mankomunitatetik, adibidez, ezezkoa jaso dugu.

Garbi zeneukaten mailaz igotzeagatik ez zenutela kluba hipotekatuko...

Oso garbi izan dugu hori, badugu-eta horren esperientzia. Duela hamarkada batzuk kluba desagertzear egon zen, eta orduan ni nintzen presidente. Urbina-Maltzagako urteez ari naiz berbetan; senior mailako gizonezkoak orduko EBAn ibili ziren. Orduan kategoria oso inportantea zen, baina apustu handia egin genuen talde harekin, eta... Ez ditugu akats horiek errepikatuko. Ointxe! zorrik gabeko kluba da, ordainketa guztiak eguneratuta ditu eta horrela jarraitu behar du izaten.  

Gauza bat da arlo ekonomikoa, baina zuzendaritzatik ere ahalegin handia egin beharko duzue, eta, are garrantzitsuagoa dena, jokalarien konpromisoak erabatekoa izan beharko du.

Oso denboraldi luzea izango da, garbi dugu hori. Hain zuzen, aste barruan egon gara jokalariekin batzartuta, begietara begiratu diogu elkarri eta honako galdera hau egin diogu geure buruari: prest gaude denok konpromisoa hartzeko? Erantzuna baiezkoa izan da. Izan ere, garbi dugu proiektu honek bertakoa izan behar duela, Granadan egon ziren jokalariek osatu behar dutela taldea, eurena delako meritua. Garbi dago saiatu beharko dugula taldea apur bat indartzen, norbait ekartzen, baina bizkarrezurra etxean dugu. Bestalde, Ointxe!-tik garbi dugu kudeaketan ere profesionalizaziorantz jo behar dugula, eta dagoeneko halaxe dugu kirol zuzendaria, esaterako. Halako klub bat ezin da erretiratu batzuen lan boluntarioarekin kudeatu. Orain, administrazioan eta komunikazioaren arloan ahalegina egin beharko dugu.

Zein izango da taldearen helburua?

Lehiakorrak izan nahi dugu, garbi dugu hori. Ez du zentzurik gora igotzeak urtebetean behera jaitsiko garela baldin badakigu. Proiektua LF2 kategorian egonkortzea da asmoa, baina ez da erraza jakitea horretarako zer behar dugun, ze maila egongo den kategoria horretan.

Partiduak Iturripen jokatzea da asmoa?

Ikusiko dugu hori. Hasteko, Aretxabaletako Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu, aurten Ibarran jokatzeko aukera eman digulako. Proiektu honek bailarakoa izan behar du, ez Arrasatekoa bakarrik. Guk Espainiako Federazioari eskaera egin diogu partiduak Iturripen izan daitezen, baina kategoria honetan egurrezko zorua, lurreko saskiak... eskatzen dituzte eta Iturripen ez dugu halakorik. Urtebeteko salbuespena eskatu dugu, eta astean onartu digute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak