Gizonezko bat ikertzen ari dira Kolonbiako gazteak ekartzeagatik, futbolari profesional izango direla hitzemanda

Xabier Urtzelai 2024ko eka. 14a, 14:20

Polizia nazionalak Arrasaten bizi den 39 urteko kolonbiar jatorrizko pertsona bat atxilotu zuen eguaztenean, ustez, gazte kolonbiar batzuei iruzur egitearren –tartean adin txikikoak daude–. EFE agentziak zabaldu duenez futbolari profesional izango direla hitzemanda ekarri ditu gazteok hona. GOIENAk baieztatu du gazte hauetako batzuk Aretxabaleta eta Mondra futbol taldeetan egon direla. 

Gazte kolonbiarrei ustez iruzur egin dien 39 urteko gizonezkoak epaile aurrean deklaratu zuen atzo, eguena. Leporatzen dioten ustezko delituen artean daude legez kanpoko migrazioa sustatzea eta dokumentuak faltsutzea. Hala, EFE agentziak zabaldutako informazioaren arabera Kolonbiako jatorrizko gizonezkoak zenbait gazteri futbolari profesional izango direla hitzemanda ekarri zituen Kolonbiatik, aurrez dirua eskatuta. Atzo, eguena, atxilotuak epailearen aurrean ez erantzuteko duen eskubidea baliatu zuen eta epaileak aske utzi zuen, baldintzapean –ezin da Espainiatik irten, eta hamabost egunean behin epaitegira joan behar du–.

'Benji operazioa'

EFEren arabera Benji operazioaren abiapuntua SOS Arrazakeriatik egindako ohartarazpen batean dago, eta Arrasateko udaltzainek zenbait gazte kolonbiarren egoera irregularraz jabetuta ikerketa abiarazi zuten. Udaltzainek hainbat gazte kolonbiar identifikatu zituzten egoera berean zeudenak, alegia, futbolari profesional bilakatuko zirela sinistuta etorri zirenak hona. Hala, gazte horietako bik apirilaren 9an salaketa jarri zuten Bergarako epaitegian, eta bertan adierazi zuten salatutako gizonarekin whatsapp bidez izandako hartu-eman batzuen ondoren etorri zirela hona, aurrez diru bat ordainduta. Kasua polizia nazionalaren eskuetara pasatakoan etorri zen eguazteneko atxiloketa, Arrasaten.

Bertako futbol klubetan ibili dira

Informazio agentzien arabera da gizonezko honek gazteak zenbait herritako futbol klubetara eramaten zituen –tartean daude UDA eta Mondra–, bertan entrenatzen eta jokatzen has zitezen. "Esango nuke gurean kadete mailako jokalariak egon direla. Arazoak, baina, fitxak tramitatzerako orduan etortzen ziren. Gazte horiek tutore legal bat behar dute fitxa egin ahal izateko, edo guraso baten sinadura, eta hor hasi ginen konturatzen zerbait arraroa zegoela atzean. Horrekin batera, kasu askotan fitxak eta klubeko arropak ordaindu gabe utzi dituzte", adierazi dute klub zuri-moreko arduradunek. Eta, Aretxabaletako futbol taldean ere gauza bera pasa da. "Bai, gurean ere izan dira gizonezko horrek ekarritako jokalariak. Eta ez hori bakarrik, etengabea da baldintza txarretan dauden gazteen etorrera, klubetik saiatu izan gara horiei laguntzen, baina... Gaur egun Gobernuz Kanpoko Taldeekin egiten dugu lan, egoera konplexua da", adierazi du Agurtzane Elkoro presidenteak.  

GOIENAko iturrien esanetan kasu hau ez da Debagoienera mugatzen, eta jakitun dira Bizkaiko bestelako klubetara ere egoera berean dauden gazte kolonbiar gehiago ere iritsi direla iruzur berberarekin. "Tamalgarria da, gazte hauen eta euren familiekin jolasean dabiltza eta hori egiteko hemengo futbol klubez baliatzen dira". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak